Andoain
Apirilaren 12an BERRIAk hasitako ospakizun bira amaierara iritsiko da bihar. Bi hilabete pasatxo eman ditu Euskal Herri osoko hainbat herri eta hiritan, eta, hamaika ekitaldi eskaintzearekin batera, ehunka lagunen babesa jaso du. Biharkoa festa biribiltzeko eguna izango da: goizetik arratsaldera bitarte, askotariko jarduerak izango dira Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean. Bira osoan bezala, antzerkia, musika, bertsoak eta beste izango dira egun osoan. Ekitaldiak ez ezik, txosna, ogitartekoak eta pintxoak ere ez dira faltako.
Irrien Lagunak klubaren Kanta eta dantza ikuskizunarekin hasiko da eguna, 11:00etan. Ordu berean, eta ordu eta erdiz, BERRIA barrutik ezagutzeko aukera izango dute parkera biltzen direnek. 12:00etatik 13:00era, sagardo dastatzea prestatu dute, eta, tartean, bertsolarien saioa izango da: Arrate Illaro, Odei Barroso eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek bat egingo dute festarekin.
Kontzertuak arratsaldean
Eguneko ekitaldi nagusia 13:30ean izango da. Horretan, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak eta Iban Arregi kontseilari ordezkariak hartuko dute hitza. Hainbat sorpresa ere iragarri dituzte. Ekitaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute.
Arratsaldean musikak hartuko du Martin Ugalde kultur parkea. 16:00etatik aurrera, Napoka Iria, Petti eta Morau ariko dira kantuan. Haien ondotik helduko da Goseren kontzertua, 18:00etan.
BERRIAK HAMAR URTE: EGUN OSOKO JAIA, BIHAR
11:00etan. Irrien Lagunak, Kanta eta dantza.
11:00etatik 12:30era. BERRIA ezagutzeko aukera.
12:00etatik 12:30era. Bertsolarien saioa: Arrate Illaro, Odei Barroso eta Beñat Gaztelumendi.
12:00etatik 13:00era. Sagardo dastatzea.
13:30ean. Ekitaldi nagusia, hainbat sorpresarekin.
14:00etan. Bazkaria.
16:00etatik aurrera. Napoka Iria, Petti eta Morau.
18:00etan. Gose.