Auzoak herri osoa sorgindu du

Oria beti izan zen musika eta dantza begiko zituen tokia; liluratu egiten ninduen ikusteak 650 bizilaguneko herri batean abesbatza bat, musika banda bat eta sorgin dantza talde bat izateak”. Maria Luisa Brunetenak dira hitzak, Oriako Sorgin Dantza argitalpenean aurki daitezkeenak. Haren familiaren Brunet lantegiak badu zerikusirik sorgin dantzak irautearekin; handia, gainera. XIX. mende erdialdean Lasarte-Oriako Oria auzoan ireki zuten fabrika, eta uste da hara lan egitera joan zen Bergarako langile talde bat izan zela dantza bultzatu eta babesteko ahaleginetan gogotsu aritu zena. Hori horrela, Oria auzotik abiatu ohi da sorgin dantza sanpedroetan; 17:00etan aterako da gaur, eta Okendo plazan amaitu.

Garai batean, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere eutsi zioten sorgin dantzari —Antzuola, Azkoitia eta Mutrikun, esaterako—, baina Lasarte-Orian tradizioarekin jarraitu dute. Hasieran, mutilek bakarrik dantzatzen zuten; helduak gazteei erakutsiz joan dira, belaunaldiz belaunaldi, gaur egunera arte. Orain, haur, gazte eta helduek parte hartzen dute; gero eta gehiago dira, gainera.

Bi ilaratan kokatuta, erdiak intxixu deiturikoak dira, eta beste erdiak sorginak. Lehenak zuriz jantzita doaz, buruan kono itxurako kapela batekin; parean, berriz, emakumez jantzitako gizonezkoak jartzen dira.

Dantza soila baino gehiago da. Parodiarako tartea ere bada sorgin dantza. Emanaldiaren bigarren zatian, musuak, irribarreak eta besarkadak antzezten dituzte parte hartzaileek, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremanaren erakusgarri. Hori horrela, inauterietako festa eta dantzekin lotzen dute hainbat adituk.