“Elkarlanean hainbat egitasmo sortzen ari dira”

Kostaldeko museoen sareko kide den heinean, elkargunearen egitekoarekin ados dago Xabier Lasaga Donostiako Aquariumeko marketin eta komunikazio arduraduna (Lezo, 1977).

Turismoa sustatzeko egitasmoa baino askoz gehiago da museoen elkargunea, ezta?

Egitasmoaren abiapuntua denen arteko ezagutza bultzatzea izan zen, eta elkarlanaren bidez lurraldeen arteko aldeak albo batera uztea. Basquetour-en ekimenez hasi ginen elkartzen. Iazko iraileko asteburu batean elkarrekin hainbat egitasmo egin genituen, eta aurten webgunea sortu dugu. Bisitariak guregana hurbiltzeko ere bada egitasmoa, baina, batez ere, bertakoak hurbiltzeko.

Kostaldeko museoen eskaintza askotarikoa da, eta ez oso ezaguna. Hala al da zuen ustez?

Batez ere gure artean ez da ezaguna. Egunero horretan lanean gabiltzan arren, hutsuneak daude. Txartel bateratuaren asmoa da jendeari bertako museoetara hurbiltzeko erraztasunak ematea; hasteko, 2014ko abendura arteko iraungitze data dute txartel horiek. Bitarte horretan hainbat aukera balia ditzakete hori dutenek.

Eraginik izan al du krisiak zuen zereginean?

Ez bereziki. Museoak askotarikoak dira, baina, antza denez, oraingoz, sektore honek ez du oso era nabarian sumatu krisi aroaren eraginik. Ikusi duguna da museoen arteko elkarlana bultzatzeko jarrera zabaldu egin dela, eta, horrela, elkarlanean hainbat egitasmo sortzen ari dira; tartean, sarea.

Hilaren 22 eta 23an hainbat ekintza egin zenituzten sarearen berri emateko eta txartela zabaltzeko. Nola joan ziren?

Datu guztiak ez ditut; nik Aquariumaz hitz egin dezaket. Helburua ez zen izan bisitari asko erakartzea, txartela ezagutarazi eta herritarrek hori egitea baizik. Dena ondo joan zen, hedabideetan oihartzuna izan zuen ekintzak, eta, antza denez, indarra hartzen ari da txartel bakarraren egitasmoa. Ea nola doan.