Francisco Francoren aldeko indar militarrek Bergarako Movilla lantegia konfiskatu zuten 1937ko martxoaren 24an. Hain zuzen, 1936ko gerran indar matxinatuen esku geratu zen Gipuzkoako lehen enpresa izan zen. Harrezkero, gerrako interesen zerbitzura egongo zen lantegia. Lehena izanagatik, ez zen bakarra izan. Bi hilabete geroago, Oñatiko Celaya, Emparanza y Galdos enpresa ere komandantetzaren esku geratu zen, eta armada frankistarentzat pila elektrikoak ekoizten hasi ziren. Garai hartako industria estrategiko guztia “militarizatu” eta gerrarako tresna bihurtu zen. Horrela azaldu dute Ainara Martinez Matia, Amaia Apraiz eta Beatriz Herreras historialariek Gipuzkoa militartua lanean. Garai hartako Gipuzkoako industria ondarea aztertzeko eta atzetik zeuden pertsonen istorioak jasotzeko helburuarekin egin dute ikerketa. Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko kideak dira hirurak. Memoria historikoa berreskuratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak banatu dituen diru laguntzen bidez egin dute ikerlana.
Gipuzkoa osoko egoera kontuan hartu duten arren, Debagoiena eta Debabarrenan sakondu dute gehien Gipuzkoa militartua lanean. Horrela azaldu du Martinez Matiak: “Gipuzkoako zatirik handiena oso goiz geratu zen Francoren aldeko indarren esku; Eibarko eta Elgetako fronteak izan ziren salbuespena, 1937ra arte eutsi baitzioten. Beraz, oso bailara esanguratsua da. Alde batetik,Bergara bezalako herriak ditugu; horko enpresak oso goiz hasi ziren Francoren alde lanean, 1936ko irailerako herria Francoren indarren esku baitzegoen. Bestetik, Eibarko lantegietan, Errepublikaren alde lan egin zuten. Bi aldeak sakon aztertzeko aukera eman digu”. Metala, ehungintza, papergintza eta larrugintza sektoreak ziren gerrarako sektorerik garrantzitsuak. Papergintza ez ezik, beste hiru sektoreak ere bazituzten Deba bailaran. Datuetatik haratago joan nahi izan dute ikerketan. “Datu horien atzean dagoen jendearen istorioa bilatu nahi izan dugu, lantegi haietako langileen istorioak”. Horretarako, zailtasun ugari izan dituzte, batez ere, ia lekukorik ez delako gelditzen. “Gerraren arloan egin diren lanetan, ia beti gudariei buruz hitz egin da. Baina guri interesatzen zitzaizkigunak ez ziren gerrara joan, fabriketan lanean gelditu ziren. Artxiboetan ere jende horren lekukotzarik ez dago”. Enpresen argazkiak ere gutxi topatu dituzte. “Badaude gerrari buruzko irudiak, baina enpresen ingurukoak gutxi. Industria hain estrategikoa zenez, ez zuten argazkirik egiten, horrekin etsaiari informazioa emango ziotelakoan”.
Industria indartsua
1930eko hamarkadan, industria indartsua zegoen Gipuzkoan. 1936ko gerra hasi zenean, gudako bi aldeentzat oso baliagarriak izan ziren enpresa horiek; batez ere, frankistentzat. Historialariaren hitzetan, “industria handitu” egin zen Gipuzkoan gerra garaian. “Ekonomiaren ikuspuntutik oso momentu ona izan zen; baita ondorengo urteak ere. Horrek gu ere harritu gaitu, krisi sakona topatzea espero baikenuen”, azaldu du Martinez Matiak. Alde batetik, sektore estrategikoak gerrarako ekoizten hasi ziren, baina guda amaitutakoan, herriak ere berreraiki behar ziren. “Berreraikuntzan industriak lan handia izan zuen. Gerraren hasieratik Francoren alde lan egin zuten enpresek oso kontratu onak lortu zituzten”.
Enpresen artean ere bereizketa egin dute ikerlanean: batetik, Euzkadiko Gobernuak militarturiko industriak, eta, bestetik, matxinatuen alderdian militartutako enpresak. Dena den, Gipuzkoako industria gehiena Francoren aldekoek kontrolatzen zuten. “Horiek hobeto antolatuta zeuden, hasieratik antolakuntza militarra sartu baitzuten enpresetan”. Errepublikaren aldekoek arazo gehiago izan zituzten. Eibarren ekoitzitako armei buruz, hainbat gudarik esandakoak jarri ditu adibide: “Eibartik iritsitako armak ehizarako onak zirela zioten, baina gerrarako ez zutela balio”.
Enpresaren jabeak errepublikarrak eta, batez ere, “nazionalistak” baziren, enpresa horietako asko konfiskatu egin zituzten indar frankistek. “Halere, konturatu ziren enpresaburu horiek kartzelan edukita oso zaila zela enpresa aurrera ateratzea; isun izugarria ordainarazi ondoren, hainbat enpresaburu espetxetik atera zituzten lanean jarraitzeko”.
Eibarko adibide bat ere jarri du. “Francoren aldekoek herriko zentral elektrikoko teknikoa kendu zuten, errepublikarra zelako. Lanposturako lehiaketara deitu zuten, eta garbi ikusten da zeintzuk ziren kontuan hartzen zituzten merituak: gudan Francoren alde egitea, espainiarra sentitzea, tradizionalista izatea…”.
Izan ere, industriaren militartzeak langileei zuzenean eragin zien. “Barneko antolakuntza erabat militarra zen; langileak ere militarizatu zituzten. Egiten zuten lanaren arabera, maila militar bat hartzen zuten; arduradunek ofizialen maila zuten, eta langileek soldaduena. Gainera, Errepublikaren alde agertu ziren langile asko kendu egin zituzten, eta beste batzuk jarri zituzten haien ordez”. Martinez Matiaren hitzetan, lan baldintzek ere okerrera egin zuten: “Errepublika garaian egindako aurrerapenak kendu zituzten militarrak sartu zirenean, eta, batez ere, gerra amaitutakoan”.
Emakumeak, lanera
Lanerako adinean zeuden gizon asko frontera bidali zituztenez, emakume eta gizon gazte asko hasi ziren lantegietan lanean. “Gerra garaian, gizonen lana egin zuten emakumeek, baina gerra amaitutakoan, emakumeak kaleratu egin zituzten. Gainera, dekretu bat atera zuten; horren arabera, gizonek lanerako lehentasuna zuten. Emakume alargunek bakarrik jarrai zezaketen lanean”. Baina Francoren alde borrokan hildakoen alargunek zuten lehentasuna. “Gauza horiek oso nabarmenak izan ziren. Oso istorio mingarriak daude; horietan sakontzea eta azaleratzea da gure helburua”. Franco agintera iritsi ondoren, emakumearen egoera are gehiago okertu zen. “Gaizki ikusita zegoen emakumeek lan egitea, batez ere, lantegietan. Erregimenaren estrategia izan zen”.
Eskulan merkea lortzeko presoak ere erabili zituzten. “Berreraikuntza eta lan publikoetarako presoak erabili zituztela ezaguna da gaur egun. Baina presoek enpresa pribatuetan ere lan egin izan zuten; batez ere, gerraostean. Sistema bat asmatu zuten, eta, horren arabera, egun bateko lanak bi edo hiru eguneko espetxealdiaren balioa zuen”.
Lanik gabe zeudenen artean, berriz, bi zerrenda egin zituzten, gerran izan zuten eginkizunaren arabera. “Langabezian gogoz kontra zeudela frogatu zutenen zerrendatik hartu behar zituzten langileak enpresaburuek. Gerra garaian Francoren alde agertu zirenek bakarrik egin ahal zuten lan”.
Militarizazioak gerra amaitu ondoren ere jarraitu zuen. “Topatu ditugun istorio asko gerra ondorengoak dira. Ofizialki enpresen militarizazioa 1941ean amaitu zen, baina enpresa indartsuenek jarraitu zuten Francoren erregimenaren alde lanean. Militarizatuak izan ziren enpresek beste batzuek baino hobeto egiten zuten lan militarizazioa amaitutakoan ere”.
Ikerketa egiterakoan aurkitu dituzten “isiltasunak” esandakoak baino adierazgarriagoak direla pentsatzen du Martinez Matiak. “Isiltasun horietan sakontzeko gogo handia dugu. Benetako istorioak daude, berreskuratu behar den historia. Historia irabazi zutenek idazten dute beti, baina galdu zutenen historia askoz interesgarriagoa da egun garena ulertzeko”.