Beltzak-Ostadar Errugbi Eskolari, Alboka abesbatzari eta Solaskide egitasmoko kideei omenaldia egingo die Lasarte-Oriako Udalak sanpedroetan. Ekitaldia bihar izango da, 13:00ean, Manuel Lekuona kultur etxean. Manu Pelaez (Lasarte-Oria, 1969) Beltzak errugbi taldeko jokalaria izan zen, eta eskolako lehendakaria da egun. Taldea 1984an sortu zen, eta 1998ra arte aritu ziren jokatzen. Orain lau urte eskola sortu zuten; herriko Ostadar kirol taldearen parte da, baina bere nortasuna du.
Zer esanahi du zuentzat omenaldi hau jasotzeak?
Urrats bat aurrera egiteko indarra emango digu. Taldea sortu genuenean ez ginen federazio batean sartuta egon, independente aritu ginen. Pixkana, jokatzetik erretiratzen joan ginen, eta, horren ondoren, 25. urteurrenean, orain lau urte, eskola jarri genuen martxan. 25 urte horietan ez zigun inork kasu handirik egin, ez dugu ezer jaso, eta omenaldi honekin gure lana serio hartu da. Gure asmoa da errugbia herrian zabaltzea, eta horretan jarraituko dugu. Eskertzen dugu azken urte hauetan Jesus Zaballos aurreko alkateak eta oraingo udalak —Pablo Berrio alkateak, Tasio Arrizabalaga Kirol zinegotziak eta kirol sailak— emandako babesa. Michelingo zelaia aldatu da, eta orain haurrek aukera dute errugbia modu egokian praktikatzeko. Egin diguten errekonozimenduarekin bultzada eman digute, eta ez gara geldituko.
Zenbat haur daude taldean?
Eskola kirolean txikienen, kimuen eta haurren taldeak ditugu. Gero, haurren eta kadeteen mailan talde federatuak ditugu. Jokalari zaharragoak Zarauzko nagusien bigarren taldearekin hasiko dira, haiekin hitzarmena dugu eta. Guztira, 80 neska-mutil ditugu.
Zein da eskolaren filosofia?
Gure filosofia da errugbia bizitzarako eskola dela. Entrenatzeari ez ezik, garrantzi handia ematen diogu haurrak etxean ondo egoteari, ikasketak jarraitzeari… Gure asmoa errugbiaren bitartez haurrak heztea da, eta gurasoek hori eskertu egiten dute.
Omenaldi ekitaldirako zerbait prestatu duzue?
Haurren txupinazoan txikienak izango dira, eta txupinazo nagusian kimuak [gaur izango dira bi txupinazoak]. Gero, omenaldi ekitaldian haurren taldeak eta kadete mailakoak izango dira protagonistak, eta zerbait ari gara prestatzen une horretarako.