Irun, zuri-gorriz jantzita

Sanmartzialak

Irun

Heldu dira sanmartzialak Irunera. Askorentzat, jaietako ekitaldi nagusia igandean izango da: alardea. Aurretik, ordea, hamaika jarduera eta ekintza antolatu dituzte herrian.

Egun Musikatua izango da gaurkoa. Askotariko ekitaldiak prestatu dituzte arratsaldetik goizaldera arte; gehienak, musikari lotutakoak. 19:00etatik aurrera, buruhandi eta erraldoiak irtengo dira Alberto Anguera plazatik, txistulari eta fanfarreez lagunduta.

Afalostean, kontzertuek Irungo hainbat gune hartuko dituzte: Planta Baja ariko da Urdanibia plazan, Cafe Irlandes Manuel Aznar Enbaxadorearen kalean, Jamaica orkestra San Juan plazan, Rockalean Zabaltza plazan eta Rulo y La Contrabanda Urdanibia plazan. Su artifizialak ere izango dira, 00:15ean, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.

Igandea, egun handia

Bihar ere jai giroak jarraipena izango du Irunen, baina igandean izango da festa handia. Entseguetan landu eta ikasitakoa herritarrei erakusteko unea izango da. Kale izkinetan, jantzi zuriak, jaka beltzak eta txapel eta zapi gorriak pilatuko dira; antzera jantzitako herritarrak, baina ikuspuntu ezberdinekoak: alarde tradizionalaren aldekoak batzuk, eta parekidearen aldekoak besteak. Bi alardeak, nolanahi, goiz-goizetik irtengo dira kalera. Lehenik, alarde tradizionala abiatuko da, 06:00etan; 10:10ean aterako da parekidea Urdanibia plazatik, azken urteetan bezala.

Tradizionalean, 8.000 lagun inguruk parte hartuko dute, azken urteetan bezala. Alarde parekidea, berriz, inoiz baino babes handiagoarekin helduko da; zenbakiek hala erakusten dute: 1.200 kide izan zituen iaz, inoizko gehien.