Kresal usaineko museoak

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko ondarea sustatu eta balioa emateko, museo egitasmo komunak garatuz sortu dute Euskal Kostaldearen Museoen Sarea. Horren barruan, bi herrialde horietako 43 museo eta kultur azpiegitura daude egun, horietatik erdiak Gipuzkoan. Horien lankidetzari esker, itsas kultura ezagutarazi nahi dute, betiere kostaldearen eskaintza turistikoa osatzeko bidean. Kresal usaina duten museo eta ekipamenduen zerrenda aberatsa da: Getariako Balentziaga, Donostiako Aquariuma, Zestoako Ekainberri…

Joan den astean aurkeztu zuten sarea. Jendaurreko lehenengo agerraldian arraun bana izan zuten esku artean egitasmoarekin bat egin duten hainbat museo eta interpretazio zentrotako ordezkariek, elkarrekin arraun egin nahi baitute. Baina turismoari begirako egitasmoa baino askoz gehiago dela ohartarazi zuten Donostian, elkarlana, elkar ezagutza eta ondarea herritarrei zabaltzea baita euren asmoa.

Bide horretan, museo horietara sartzeko txartela aurkeztu berri dute. Txartela egiten dutenek —egitasmoaren kide diren kultur ekipamenduetan egin daiteke, baita tokian tokiko turismo bulegoetan ere— hainbat abantaila izango dituzte museo horietan; gehienetara sartzeko, adibidez, %50eko deskontua izango dute txartelaren jabeek. 100.000 banatu nahi dituzte orotara.

“Euskal kostaldeak itsas ondare oparo eta aberatsa dauka. Museoek, ikertzaileek eta artxiboek babesten dute hori guztia. Hori zabaldu nahi dugu, ondare horri balioa eman nahi diogu denen elkarlanarekin”, esan zuten museoetako arduradunek aurkezpenean.