Herri gehienetako jaietan bezala, ohitura eta usadioek toki garrantzitsua dute Usurbilgo santixabeletan ere. Bitxia da horietako bat, herri bakan batzuetan baitute ezaguna. Oilasko Biltzaileen Eguna da. Aurten, egun horrekin hasiko dituzte festak; goiz-goizetik kalera atera, eta herriko baserrietatik ibilaldia egingo dute, oilasko eskean eta musikak lagunduta. Gaurtik aurrera, Usurbil festa giroan izango da bost egunez.
“Aspaldiko usadioa da, ziur aski ehun urte baino gehiagokoa”. Hala dio Alaitz Aizpurua Kultura zinegotziak. Hark azaldu duenez, zaila da zehaztea noizko ohitura den, baita nork hasi zuen ere. Udaleko ordezkari da orain Aizpurua, baina aurretik ere parte hartzaile gisa ibilitakoa da.
Galtza urdinak, alkandora zuria eta zapi koadroduna soinean, 06:00 aldera geratzen dira, txokolatea hartu eta ondoren auzoz auzo baserrietan oilaskoak biltzen aritzeko. Musika, dantza, jan-edana… “Festa giroan oinarritutako eguna da”, azken finean. Geroz eta gazte gehiago biltzen da, eta bi taldetan banatuta egiten dute orain bidea.
Batzuen komeriak nabariak izaten dira goiz partean, aurreko egunean parranda eginda heltzen baitira festara. Aurten halako gutxiago egongo da ziurrenik, jaien lehen eguna izaki.
Festazale horietako bat da Jon Osa. Zazpi urte daramatza Oilasko Biltzaileen Egunean parte hartzen, 22 urte baditu ere. Normalean 16 urtetik aurrera hasten diren arren, urtebete aurreratu zen Osa. “Berezia” da harentzat. Eguna dantzan eta gazte guztiak elkartuta igarotzeak egiten du ezberdin. Gaua gerturatu ahala nekea areagotzen joaten bada ere, hori ez da izaten “oso ondo” ez pasatzeko aitzakia.
Diru beharrak bultzatuta
Funtsak bere horretan jarraitzen badu ere, urteekin aldatu egin da ohitura apur bat. Osak azaldu duenez, diru beharrak bultzatuta hasi ziren hainbat gazte auzoz auzo: “Gazteek bazkaria egin nahi zuten, eta, dirurik ez zutenez, baserriz baserri joatea pentsatu zuten oilasko eskean; hori zen hasierako helburua”. Orain, aldiz, oilaskoak ez ezik, sagardoa, gozoak eta beste hainbat jaki ere ematen dizkiete.
Baserritarrek gustura hartzen dituzte eskean dabiltzanak. Jaia “aberasgarria” da horientzat, Osaren esanetan: “Nahiko bide luzea egiten dugu, eta baserri batzuetara aspaldi ez da inor joan; horregatik, gogoz hartzen gaituzte”.
Buelta egin ondoren, parte hartzaile guztiak berriro elkartzen dira herrian, bazkaritarako. Jaten dutena, ordea, ez da egunean bertan jasotakoa; jaien ondoren afariren bat egiteko gordetzen dituzte bildutakoak.