‘Santismoa’ da bide bakarra

Andaluziarrak ostrak bezalakoak dira. Gutxi batzuek perla preziatu bat ezkutatzen dute. Beste asko freskoak eta zaporetsuak dira. Zoritxarrez, nahikoa da ale ustel bakar bat egundoko beherakoarekin bukatzeko.

Nik ez dut lurralde hartako morroiekin aparteko zorterik izan, eta gizaseme sano bakoitzeko, graziarik batere gabeko hamaika Moranco jasanezin pairatu behar izan ditut. Sufrikarioaren ondoren saria iritsi da, ordea. Nire Malagako lagun berria, Santi, oskolean ezkutatuko harribitxi bakan horietakoa baita.

Dibertimenduaz gain, harekin ibiltzeak badu gehigarri oso interesgarri bat. Santirekin jende berria ezagutzea ez da aukera bat, bermatutako egitatea baizik. Ez da hori nolanahiko plusa; izan ere, ni majo askoa naiz bai, baina euskalduna izanik sozializatzeko traba genetikoak ditut.

Santirena ez dela horrenbesterako izango pentsatu duzu, baina ez zaitez erratu. Ez gara tabernetan garagardo pare batekin mingaina berotu eta neska kuadrilla batengana pixkanaka hurbiltzen den norbaitez ari. Metroan, parke batean edo azokan telefono zenbakiak trebetasun miresgarriz lortzen dituen tipoaz ari gara.

Ez da oso guapoa. Begi kolpe bat eman goiko argazkitxoari eta egin kontu: ni baino zatarxeagoa da. Bi amonak aspalditik falta ditut, eta egunero igogailuko ispiluan nire aurpegia hamalau solairuz sufritu behar izaten dut. Asko ligatzeko edertasuna beharrezkoa ez delako adibide behin betikoa da bera. Umorea eta hizketarako abilezia dira bere erremintak. Baina badu bere arma sekretua ere, gustura asko ez dauzkadan aurrezki guztiekin erosiko niokeena: adorea.

Zu ez dakit, baina ni behintzat geratu izan naiz buruari bueltaka pentsatuz, begiradak gurutzatu ondoren, neska horri zergatik ez ote diodan zerbait esan. Ez behin, ez bitan, ez ehun aldiz ere, gehiagotan. Santismoan galarazita dago halakorik. Behin galdetu nion ea kemen hori nondik datorren. Edozeinek erantzungo lukeen topiko biribila bota zidan, zalantzarekin geratzeak ez daukala ez hanka ez bururik, modu onean eta edukazioz hurbiltzen bazara gutxi dagoela galtzeko.

Ezin Santiri arrazoirik kendu, edonork esperoko lukeen sermoitxoa duen arren. Gogoan izan nuen lehengoan speech-a, hirugarren egunez jarraian supermerkatuko ilaran ile hori berberaren aurretik ordaintzea egokitu zitzaidanean. Erraza baino errazagoa neukan, laugarrenez topo egingo ote genuen uste zuen ala ez galdetzea. Abiapuntua kasualitateak berak markatzen zidan, eta hortik hariari tiraka jarraitzea bakarrik neukan. Isil-isilik geratu nintzen.