“Zeinen irekiak diren ikusi dudanean, harritu egin naute alemaniarrek”

EHUren Donostiako fakultatean Ingeniaritza Informatikoa amaitzeko azken ikasturtea Belgikan egin zuen Joseba Gorrotxategik (Zegama, 1984). Leuven hirian egin zuen 2006-07ko ikasturtea Erasmus programarekin, eta, ordutik, bizimodua Zegamatik urrun egiten du. Leuvenen bizi izandakoa “oso esperientzia aberasgarria” izan zela dio, eta esperientzia horri tiraka iritsi zen Alemaniara ere. 2008ko udazkenean izan zen, eta ordutik bizi da Kolonian.

Ikasketak amaitu eta etorkizuna buruan zuela iritsi zen Gorrotxategi Alemaniara. “Unibertsitatean gai berriak landu genituen, mundu guztiko jendea ezagutu nuen, eta ingelesa hobetzeko aukera ere izan nuen”. Belgikan ingelesari beldurra galduta eta esperientzia onak bultzatuta erabaki zuen Koloniara joatea, eta ikasketa amaierako proiektua han egin ondoren, praktikak ere han egitea erabaki zuen. Frantziako enpresa batentzat hasi zen lanean programatzaile, eta, azken bi urteetan, segurtasun arloan informatika aholkulari dabil, identitate kudeaketa arloan. Urte horietan guztietan ikusitakoan oinarrituta, Alemania teknologikoki herrialde “indartsua” dela dio: “Informatika arloan ere ez dira atzera geratzen”.

Kolonia Alemania mendebaldean dago, eta “Ipar Renania-Westfaliako hiriburua ez den arren, hango hiririk handiena da, eta Alemaniako laugarren handiena”. Rhin ibaiaren bazterrean dagoen milioi bat inguru biztanleko hiria da Kolonia. Gorrotxategik azaldu duenez, “erromatarren kolonia izan zen, eta oraindik ere aurkitzen dituzte garai hartako aztarnak”. Hala ere, hiriko katedralagatik da ezaguna Kolonia. “Alemanian gehien bisitatzen den monumentua da, tren geltokitik irten eta ikusten den lehen gauza; benetan ikusgarria da, gainera, eta Bigarren Mundu Gerran bonbardaketen ondoren zutik geratu ziren eraikin gutxienetako bat”.

Kulturalki ere hiri aberatsa dela dio zegamarrak, eta garai guztien artean inauteriak azpimarratu ditu: “Ospakizunik garrantzitsuenak dira. Azaroaren 11n 11:11ean hasten dira, eta Hausterre egunean amaitu. Tartean, inauterietako ekitaldiak egiten dituzte, baina egun nagusia azkeneko astelehena izaten da, osenmontag izenekoa. Zamalkada erraldoi bat egiten dute hiriko kaleetan”. Festa egun horietan, “alkohola eta umore ona ez dira falta izaten”.

Hala ere, “Alemaniak bi aurpegi kontrajarri ditu” Gorrotxategirentzat: “Neguan eta udazkenean, bazterrak triste egoten dira, eta eguraldiak ez du laguntzen. Udan eta udaberrian, berriz, erabat alderantzizkoa da. Paisaia berde-berdeak ikusten dira, eta jendea kalera irteten da. Parkeak, adibidez, jendez betetzen dira, eta barbakoak egiten dituzte. Giro ederra egoten da urteko sasoi horietan”.

Estereotipoen aurka

Urtebetez, egunean lau orduz alemana ikasten aritu zen Gorrotxategi hizkuntza eskolan, beste lau orduz praktikak egiten zituen bitartean. Hala lortu zuen hizkuntza ikastea. Urtebete igarota, eguneroko bizitzan, “bai kalean eta bai lantokian”, alemanez hitz egiten du. Orain arte, “noizbait gaizki-ulerturen bat” izan du, baina ez aparteko arazorik. “Bazter guztietan bezala, denetarik dago hemen ere, baina, normalean, ondo moldatzen naiz alemaniarrekin”, dio.

“Estereotipoen aurka, zeinen irekiak diren ikusi dudanean harritu egin naute alemaniarrek”, azaldu du zegamarrak: “Euren buruarekiko segurtasun handia erakusten dute, baina pazientzia gutxi dute. Askotan pentsatzen dutena zuzen esaten dute, eta hori eskertzekoa da”. Lanean, ordea, “diruditen bezain zorrotzak dira gehienak”.

Irailean Goierrira “bueltaren bat egiteko asmoa” du Gorrotxategik, eta, “epe laburreko planik” ez duen arren, “egunen batean” jaioterrira itzuliko dela esan du. Bitartean, etxekoen eta lagunen bisitekin konformatzen da, eta Alemanian dituen lagunei Euskal Herrira oporretan datozenean zer jan eta nora joan esanez arintzen du herrimina.