Abestiak abesti

Oraingoz, eguzkitako krematan inbertitu ez dudan dirua berogailutan gastatu dut, gastatzea da kontua. Arratsalde eguzkitsu bat jaio orduko, sandaliak jantzi eta paseo bat ematera atera naiz jertse txiki bat eskutan dudala. Ordu erdi pasatzerako jertse txikia soinean daramat, eta hanka muturrak ozta-ozta sentitzen ditut. Korrika etxera joan eta manta azpian gordeko nintzateke gustura, baina beranduegi da, nire besoa adinako izozki konoa eskuetan dut jada, bi izozki bola jarioan dituela —kaguensos…—. Noiz berotuko du eguzkiak behar bezala, izozkia jaten ari garen bitartean mukiei eusteko adina sikiera! Hainbeste eskatzea al da? Madarikatzen jarraitu beharrean, babeseko txoko batean eseri naiz. “Izozkia di-da menderatu, eta korrika etxera, kafesne beroa hartzera”, esan diot neure buruari, arratsaldeko plazera tupustean zigor bat bilakatu izan balitz bezala.

Nire parean neskatila talde bat dabil jolasean, eta haiei begira entretenitu naiz. Harrigarria iruditzen zait jolaserako duten gaitasun nekaezin hori. Miretsi egiten ditut alfer-alferrik egiten dituzten mugimendu zentzugabe horiek guztiak; guretzat alferrik egindako joan-etorri sorta hori haientzat jolasa da.

Izututa geratu naiz ikusitakoarekin; tira, ikusitakoarekin baino gehiago entzundakoarekin. Esku-jolasetan dabiltza, txalo txikiak eginez eta eskuen artean mila mugimenduko koreografia erakutsiz. Hiruzpalau abesti entzun dizkiet. Gogoratu naiz guk umetan abesten genituen kanta berberak direla eta, jakina, abesten nituen unean ez nintzela jabetzen zer esaten ari nintzen… “Don Federico mató a su mujer, la hizo picadillo y la echó a cocer…“; “Antón Carabina-na, mató a su mujer-jer-jer, la mete en un saco-co y la lleva a moler-ler-ler“. Baina zer abesti kantatzen dituzte haurrek? Nork sortu ditu genero indarkerian oinarritutako doinu hauek haurren aho inozenteak bortxatzeko? Hainbeste urte pasa ondoren, ohartu naiz abesten genuenaren gordinkeria horretaz. Hasieran pentsatu dut zergatik abesten ote genuen erdaraz. Baina hobeto pentsatu dut, eta hobe horrela, ez nuke nahi halako abestirik nire herriko hizkuntzan. Eta zer? Genero indarkeriak aurpegi bera du hizkuntza guztietan, eta haurtzarotik normaltzat jotzen erakusten badiegu, betiko abestia izango dugu, bai helduon errealitatean, baita haurren ahots ezjakinetan ere.