Depresioa, azal barruko ubela

Etenik gabeko tristura, interes falta, gozatzeko gaitasunik eza, erruduntasuna, autoestimua urritzea, kontzentratzeko zailtasunak, energia gabezia edo loaren zein jateko gogoaren desorekak dira depresioaren sintomarik nabarmenenak. Buruko gaitz horren diagnosia egin ahal izateko, seinale bat baino gehiago agertu behar da hainbat astetan jarraian. Horrez gain, sintoma horiek eguneroko jarduna oztopatu egiten dute giza harremanetan nola lanaren esparruan. Batzuetan, depresioak jota egoteko arazoak agerikoak dira; beste batzuetan, azal barruko ubeldura abisurik gabe agertzen da.

Gipuzkoako Buruko Osasun Sarean depresioaren gaineko informazioa zabaltzeko programa pilotuak martxan jartzen ari dira, suizidioa prebenitzeko helburuarekin. Andrea Gabilondo psikiatra donostiarra horretan ari da lanean: “Suizidioa buruko osasun arazoren batekin lotuta egoten da gehienetan, eta ohikoena depresioarekin erlazionatuta egotea da”. Hala ere, depresio mota eta gradu ugari daude. “Depresioa senda daiteke, tratamendua baitauka. Hori dela eta, ezinbestekoa da laguntza eskatzea, ohiko medikuari, adibidez”. Tratamendu hori izan daiteke hainbat hilabetetan botikak hartzea edo psikologo baten laguntza jasotzea.

Adituen arabera, depresioak hamar biztanletik bati eragiten dio bizitzan, eta, batez ere, emakumeei. Gipuzkoako Buruko Osasun Sareak ez du lurraldean depresioa dutenen datu zehatzik, baina sareko zentroetan 2.483 paziente artatu zituzten iaz depresioa izateagatik. Datu horren barnean ez daude lehenengo arretako osasun zerbitzuetan artatutako gaixoak. Buruko osasun zentroen sarean, 742 paziente berri edo berriz ere gaixotutakoak hartu zituzten. Guztira, depresioarekin lotutako 15.736 kontsulta eta proba egin zituzten.

Gabilondok dio depresioa nozitzen duten pertsona askok ez dutela medikuarengana jotzen. Ez dituzte Gipuzkoako datuak, baina uste dute Espainiakoekin bat etor daitezkeela. Espainian depresioa dutenen %40 ez dira medikuarenera joaten; ez dute, beraz, ez diagnostikorik, ezta sendabiderik ere. “Horrek gaitza kroniko bihurtzea ekar dezake edo heriotza ideiak agertzeraino larritu”.

Depresioa dutenek laguntza eskatzean sentitzen dituzten hesi batzuk nabarmendu ditu Gabilondok: “Pertsonak pentsa dezake bolada txar bat igarotzen ari dela, eta errudun edo indarrik gabe sentitu daiteke egoera jakin bati ezin diolako aurre egin. Gainera, buruko gaixotasunei buruzko tabua ere badago”.

Krisia eta depresioa

Gaur egun, buruko gaixotasunen diagnosi gehiago egiten dira, eta egiten diren horiek hobeto egiten dira. Etiketa bat jarri eta tratamenduak ipintzen dira, baina arriskuak ere badaude: “depresioa ez denari depresioaren etiketa jartzeko arriskua”. Gabilondoren arabera, “mutur batean medikuarenera ez doazen %40 horiek daude, eta, bestean, egunerokoan ondoeza sentitu eta medikuarengana jotzen dutenak daude, depresiorik ez izan arren tratamendua jaso dezaketenak”.

Egungo krisiaren eta depresio nahiz suizidio kopuruen artean lotura zuzenik ote dagoenaren inguruan psikiatra donostiarrak dio ezin dela esan Gipuzkoan zenbat depresio kasu dauden. “Ez dago krisia gaitz horrekin zuzenean lotu duen aditurik; lotura bakarra langabezia eta suizidio tasaren artean aurkitu dute, eta, horregatik, esparru honetan baieztapenak egitean ezinbestekoa da oso zuhurrak izatea”.

Datuak eskuan, joerei erreparatzen diete, batik bat, adituek. Europan, 2007ra arte, suizidio kopuruak behera egiteko joera izan zuen. Urte hartatik aurrera, joera goranzkoa izan da, eta horrek osasun arloko profesionalak erne jarri ditu. Ohitura osasuntsuak izatearen garrantzia azpimarratu du Gabilondok, eta lagungarria da egunerokoan urduritasuna areagotzen duten faktoreak kontrolatzen saiatzea. Depresioak eragin dezakeen bakartzearen kontra, “besteekin harremanetan egoteak laguntzen du, baita ingurukoen babesa bilatzeak eta drogen eta alkoholaren kontsumoa saihesteak ere”.

Suizidioak eta adin tarteak

Emakumeek depresio gehiago sufritzen duten arren, gizonezko gehiagok egiten du bere buruaz beste. Ñabardura ahaleginen eta burura eramandakoen arteko aldeak ezartzen du: ahalegin gehiago egin ditzakete emakumeek, baina gizonezko gehiagok eramaten dute azkeneraino.

Adin tarteei dagokienez, 2011n Gipuzkoan bere buruaz beste egin zuten gehienek 30 eta 49 urte artean zituzten (%34,3); ondoren, 50 eta 69 urte bitartekoak (%27,8) eta 70 eta 90 urte artekoak (%26,1). Azkenik, 19 urtetik beherakoak eta 29 urte bitartekoak %11,4 izan ziren. Gazteen kopurua txikiena izanda ere, adin tarte horretan izandako gorakadak kezkatzen ditu osasun zerbitzuak azken urteetan. “Gazteak biktima berriak dira, eta ahaleginak suizidioak baino askoz gehiago” direla ondorioztatu dute jada.

“Depresioa suizidioaren arrisku faktorerik nabarmenena” izanda, arreta berezia jarri diote azken urteotan, eta Osakidetzak buruko gaitza prebenitzeko hainbat programa pilotu jarri ditu martxan dagoeneko; horietako batzuk Gipuzkoan. Gabilondok azpimarratu duenez, “depresioari buruzko informazioa zabaldu, eta osasun zerbitzuen arteko elkarlana bultzatu” nahi dute.