Garraio publikoa hobetu eta herritarren beharrei erantzuteko asmoz, parte hartze prozesu bat abiatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lurraldeko 57 herritan bilerak egingo ditu herritarrekin, haiekin hitz egin eta haien proposamen eta iritziak entzuteko. “Iraultza bat egitera gatoz; herritarrekin hitz egin nahi dugu, herritarren beharrak entzun nahi ditugu, eta hortik aterako ditugu datozen urteetarako garraio publikoko zerbitzuak”. Hala mintzatu zen asteazkenean Larraitz Ugarte Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua, egitasmoaren aurkezpenean.
Bilerak “irekiak” izango dira, eta iraila eta urria artean hasiko dira. Garraio publikoaren erabiltzaile direnek ez ezik, interesa duten guztiek ere egin ahal izango dituzte ekarpenak. Arreta berezia jarriko diete ikasleen iritziei; baita emakumeen, adinean sartuta daudenen eta behar bereziak dituztenen proposamenei ere, horiek baitira zerbitzua gehien erabiltzen dutenak. Bilerez gain, webgune bat ere martxan jarriko dute, erabiltzaileen iradokizunak jasotzeko.
Bereziki, garraio zerbitzu publikoa “eskasena” den tokietan garatuko du programa aldundiak; horregatik, gehienbat lurraldearen hego-mendebaldean jardungo du. Garraio publikoa berritu beharreko lau eremu zerrendatu ditu aldundiak: Goierri ingurua, Urola-Debabarrena, Debagoiena eta Buruntzaldea. Goierrin, 22 herritan jasoko dituzte proposamenak; Urola-Debabarrenan, 18 herritan; Debagoienan, zortzitan, eta, Buruntzaldean, bederatzitan. Tolosaldea prozesutik kanpo geratu da oraingoan, iaz egin baitzuten han parte hartze prozesua. Herritarrekin elkartu aurretik, udalekin elkarlanean aritu da aldundia; Ugartek beharrezkotzat jo du horiekin batera lan egitea.
Programan bildu dutenez, lehenengo fasean tokian tokiko egoera aztertu eta iradokizunak bilduko dituzte, hainbat arloren gainean: autobusen ordutegiak, ibilbideak, geltokiak, segurtasun neurriak… Eskualde barruko loturez ez ezik, eskualde artekoez eta hiriburuekiko loturez ere hitz egingo dute. Ugarteren arabera, emaitza “herritarren nahierara egindako garraio zerbitzuak izango dira”.
Fase horren ondoren, proposamen teknikoa egingo da; aldundiaren asmoa da aurreproiektua hurrengo urteko otsailean aurkeztea. Horrekin, parte hartzeko bigarren aukera hasiko da. Herritarren ekarpenak jaso diren ikusi ahal izango da, eta behar izanez gero, ekarpen gehiago jasoko dituzte. Behin betiko proiektua ekainerako prest izatea espero du aldundiak; 2014. urte amaierarako, martxan leudeke zerbitzu berriak.