36ko gerra eta frankismoko lehen urteak Tolosaldean ikertu ditu Mikel Errazkinek, Aranzadiko kide eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak (Anoeta, 1976). Eskualde horretako memoria historikoari buruzko bi liburu ere argitaratu ditu.
Nola hasi zinen Tolosaldeko historia berreskuratzeko lanean?
1936ko gerraz asko hitz egin da, baina liburu horiek oso orokorrak dira. Tokian tokiko istorioak berreskuratzeko beharra ikusten genuen. Herriz herri egindako lanen multzo horrekin osotasun bat lortuko da, eta orain arteko historia berrikusiko da.
Batez ere, pertsonen istorioak jaso dituzue.
Orokortasunetik izen-abizenetara pasatu behar genuen. Hori dela eta, Tolosan gertatutakoa ikertzen hasi nintzen 2006an. Pieza askoz osatutako mosaiko handia da memoria historikoa, eta hori batez ere pertsonek osatzen dute. Herri baten sufrimendua ikusteko, pertsonak ikertu behar dira, eta horiengana jo behar da. 2006an hasi nintzen ikertzen, eta, harrezkero, 4.912 pertsona dokumentatu ditut Tolosan. Herrikoez gain, horien artean daude Tolosan atxilotutakoak, fusilatutakoak…
Orain arte isilik egon diren ahotsak jasotzen saiatu zara?
Frankismoak bi ondorio latz izan zituen: alde batetik, biktimak eragin zituen, eta, bestetik, memoria bakarra ezarri zuen; gerra galdu zutenen memoria ahaztu egin zen. Isilpean gordetako bizipen horiek dokumentatu ditugu, eta, bestetik, erreparazio moralean lagundu nahi dugu. Lekukotasunak ematen dituztenean, beraien narratzearekin batera, katarsi moduko bat gertatzen da. Orrialdea pasatu ahal izateko lehenbizi irakurri egin behar dela esaten dut nik.
Tolosan bulego bat ere jarri zenuten, jendearen lekukotasunak jasotzeko. Zer-nolako jendea joaten zen hara?
Biktimen senitartekoak etortzen ziren, baina baita biktimak eurak ere: kartzelatuak, langile batailoietan behartutako lanetan aritutakoak, erbesteratuak… Laurogei informazio eskariri erantzuna eman genien. Familiarteko askok ez zuten informaziorik senideei gertatutakoari buruz; lekukotasunak jasotzeaz gain, agirietan ikertutako informazioa ematen genien familia horiei.
Etorkizuneko auzibide batean froga gisa erabil daitezke zuek ikertutakoak?
Biktimen eskubideak hiru dira; egiaren ezagutza, erreparazioa eta justizia. Gu, batez ere, egiaren ezagutzan aritu gara, baina metodologia zientifikoarekin egiten ditugu ikerketa lan guztiak. Ondorioz, gerora auzibideak irekiko balira, hor ikertutakoa froga gisa erabiltzea egongo litzateke. Deshobiratze guztiak ere metodologia arkeologikoa eta auzitegi metodologia erabiliz egiten dira.
Memoria historikoa hezkuntzara eramateko lanean ere ibili zara.
Memoria historikoa hezkuntzan txertatzeko Europako hiru proiektutan parte hartu dugu. Horretarako, Euskal Herriko hezkuntza eragileekin elkarlanean aritu gara. Ikasleentzat tresna erabilgarria da iraganean zer gertatu zen ulertzeko; oraina interpretatzen ere laguntzen du. Memoria historikoak funtzio sozial garrantzitsu bat betetzen du. Baztertutako hainbat kolektibo historian ez dira kontuan hartzen, eta narrazio aniztasuna beharrezkoa da.