Hondartzari eutsi nahian, dunak

Aurtengo udako eguraldiak ez du hondartzara joateko gonbidapen askorik egin, baina Orio, Hondarribi eta Debako hareatzeetara joaten denak, topatuko du alderik aurreko urteetan ikusitakoarekin. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, dunak ezarri dituzte hiru hondartza horietan.

Jon Zulaika (Zarautz, 1963) Gipuzkoako Aldundiko Natur Inguruneko teknikariak azaldu duenez, hainbat helbururekin egin dituzte duna horiek. Alde batetik, hondartzek duten bioaniztasuna berreskuratzeko; bestetik, hondarrik ez galtzeko, eta hondartzetan bertan atxikitzeko. “Hiriko hondartzekin gertatzen da hondarra lekuz mugitzen dela, eta arazoak sortzen dituela”. Haren arabera, hondarra galtzen da, hondartzaren atzealdera joaten delako, eta hondartzara bueltatu behar da. “Bestela, aparkalekuan edo pasealekuetan dagoena erretiratu behar da. Dena nahastuta dagoenez, hondar hori bota egiten da zaborretara”.

Kontrakoa dirudien arren, hondarra ez dago sobran hondartzetan. Zulaikak ohartarazi du klima aldaketak eta itsasoaren mailaren igoerak egoera larriagotu dezaketela. Ezarritako dunek euste lanak egingo lituzkete, baita hondartzen atzealdean dagoena babestu ere. “Herriak hondartzaren atzeko aldean eraiki dira. Hondartzen eremua okupatu egin zen horrela, eta hondartzak duen babesteko funtzio hori galdu egiten da, baita gaitasuna ere. Dunak egiten du babeste lan hori”.

Probako egitasmoa

Hiru hondartza horietan egiten ari direna probako egitasmo bat da. Aspalditik zuen dunak lehengoratzearen ideia aldundiak, baina orain arte ez da bideragarria izan eta hondartza duten udalek ez diote harrera onik egin.

Orain, ordea, gauzak aldatu direla adierazi du Zulaikak. “Dunek Europa mailako interesa dute, eta babestu beharreko habitat moduan hartu behar dira”, esan du. Pisu handiagoa duen arrazoi bat ere badago: ekonomikoa. “Batzuek esango dute dirua alferrik gastatzea izango dela, baina kontuz, inbertsio bat izan daiteke. Udalek diru asko gastatzen dute hondarraren mugimenduarengatik, eta halako egitasmoek diru kopuru hori aurrezten lagun dezakete”.

Probako egitasmoa izaki, emaitzen zain daude, oraindik “goiz” baita. “Lauzpabost urte beharko lirateke ikusteko honek ondo funtzionatzen duen. Hiru tokitan egin dugu proba, eta horren arabera ikus dezakegu non funtziona dezakeen. Horren arabera ikusi beharko dugu hondartza bakoitzak erabilgarri dituen dunak ala ez”. Landatutako belarra hondarrari itsatsi da, “eta hori ez da gutxi”.

Erabilitako teknikarekin ezer ere ez ez dutela “asmatu” adierazi du: “Herbehereetan oso kontzientziatuta daude arazo horrekin. Herrialde erdia itsaso maila baino beherago dago, eta mende erdi inguru daramate teknika hauek erabiltzen. Hango metodo bigunak kopiatu ditugu”.

Hala ere, dunak ez dira Gipuzkoan dauden mota horretako eremu bakarrak. Zarauzkoa aipatu du Zulaikak, golf zelaiaren aurrealdean dagoena. “Oso hirikoa da hondartza, baina ondoan ez du etxebizitzarik. Golfa dago ondoan, eta babesteko balio du. Ia urtero egiten dira mantentze lanak, aurrealdea babesteko. Lau edo bost urtetik behin eguraldi oso txarra egiten du, eta 10-15 metro atzerago joaten da hondartza. Urte onak tokatzean, hondarra pilatzen saiatzen gara, eta hondar berria sartzen dugu. Urte txarretan galdutakoa berreskuratuko ez bagenu, denborarekin defizitean sartuko ginateke. Hondartza bera atzeratu egingo litzateke”. Aldundiaren arabera, Zumaiako Santiago hondartzako dunak ez du hainbesteko giza presiorik.

Kritikak eta deia

Dunak eginda, kritika batzuk jaso dituztela onartu du aldundiko teknikariak. Horrela, hondartzaren eremu erabilgarria murriztea egotzi diete. Hondarribian, 4.650 metro koadroko eremu bat okupatu dute dunek, Deban, 2.771, eta Orion, 1.758. “Denborak esango du onuragarriak diren ala ez, baina urte batzuk itxaron behar dira”.

Horrez gain, dunak modu artifizialean sortzea ere leporatu diete. “Modu artifizialean eten zen prozesu natural bat berriz ezartzeko baldintzak jarri ditugu, ez besterik. Ez baduzu zapaltzen, ez baduzu egunero galbahetik pasatzen, hori berez sortuko litzateke, astiroago agian. Haizea eta hondar lehorra edukiz gero, sortzeko baldintzak badaude. Guk prozesua bizkortu egin dugu”.

Azkenik, deia egin die hondartzaren erabiltzaileei. “Dunak errespetatzeko eskatu nahi dugu, bestela ez dira garatuko. Debatea urte batzuk barru hasiko da, funtzionatzen duten ala ez ikusi ondoren”, gaineratu du Zulaikak.