Pasaia
Sanferminetan murgilduta daude Pasaian. Txupinazoak lau eguneko jaiei zabaldu zien atea atzo; astelehenera bitarte askotariko jarduerak izango dituzte herrian.
Haurrek ekintza ugaritan parte hartzeko aukera dute gaur. Buruhandi eta erraldoien ondotik, arrantza txapelketa egingo dute, 15:30ean, Marealtan. Ondoren, haur jolasak eta apar festa izango dira. Iluntzean, txikientzako bigantxak antolatu dituzte Luzuriagan (20:00etan). Haurrek ez ezik, helduek ere izango dute gaur zertaz gozatu. 19:00etan sardina jana antolatu dute Zumardian; ordubete geroago Egan taldeak kontzertua emango du toki berean. Gauean ere talde berak joko du, 23:30etik aurrera. Gauerdia iristearekin hasiko da helduen danborrada Luzuriagan; 01:30ean, larrain dantza eskainiko dute Oarso kalean.
Larunbata Gauerdi txarangaren dianak esnatuko du. Hortik aurrera, ez da etenik izango: bigantxak Luzuriagan, inude eta artzainak herriko kaleetan, buruhandiak eta erraldoiak… Punta-puntako bertsolariek ere bat egingo dute festarekin: Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Arkaitz Estiballes, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso eta Xabier Silveirak bertso saioa eskainiko dute 19:30ean, Azokan. Gauerako hainbat musika estiloko kontzertuak prestatu dituzte: Tarantella orkestra, Iñigo Perurenaren saioa haurrentzat, Son Kandela, Dj Beñat…
Igandean, gazte eguna
Iganderako gazteen eguna antolatu dute herrian. 12:00etan olinpiadetan parte hartuko dute herriko hainbat gaztek, Zumardian. Jarraian, bazkaria egingo dute toki berean. Batelen estropadak ere izango dira eguerdian, 12:30ean, Marealtan.
Arratsaldea jai giroan igaroko dute: musika, poteoa Elektrotxarangarekin, danborrada… Itsusien munduko txapelketak ez du hutsik egingo aurten ere. 23:00etarako iragarri dute, feriak diren tokian.
Gazteen egunaren ondotik, astelehena haurren eta erretirodunen eguna izango da. Su festa, zezen suzkoa eta Gaixoa ni ekitaldia prestatu dituzte festei amaiera emateko.