Larunbat arratsaldean ezkontza bat eduki, eta ordu batzuk lehenago hortz zorro bat erortzea ez da egunero pasatzen, baina noizbehinka gertatzen dira horrelakoak. Hala dio, behintzat, Tomas Gastaminzak, Gipuzkoako Odontologo eta Estomatologo Elkarteko presidenteak. Halako kasuen aurrean, gipuzkoarrek okerra zuzentzeko aukera zabalagoa dute ekainaren 15etik. Izan ere, elkarteak koordinatuta, asteburuetako eta jaiegunetako larrialdietako zerbitzu pribatu bat dago martxan herrialdean.
Egitasmo horrekin, “herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea da asmoa, astegunetatik kanpoko egunetan hutsune bat bazegoelako”, azaldu du Gastaminzak. “Herritarrek Osakidetzaren larrialdi zerbitzuetara bakarrik joan ahal zuten orain arte, baina han zerbitzua mugatuagoa da. Hau da, tratamenduak oinarrizkoagoak dira, eta ez dituzte arazo estetikoak artatzen. Esaterako, hortz zorro bat eroriz gero edo hortz zati bat apurtuz gero”. Lehenengo hiru asteburuak egin dituzte zerbitzua koordinatzen, eta informazioa zabaltzeko lanetan ari dira oraindik. Hala ere, jakinarazi du 30 herritar artatu dituztela: “Kasu batzuetan, nahikoa izan da telefonoz zenbait irizpide ematea. Beste batzuetan, kontsultan artatu behar izan dituzte herritarrak”.
Asteburuetan txandakatuz lana egiteko prest azaldu dira elkarteko hamabost klinika inguru. Hala, astebururo bi klinikatan aritzen dira lanean. “Deiei adi egoten dira, eta ordubeteko epean klinikara agertzeko konpromisoa dute”. Hala ere, Gastaminzak argi utzi du dentistek ematen duten zerbitzua ez dela doakoa: “Gaizki ulertu batzuk egon dira, herritar batzuek pentsatu dutelako Osakidetzan bezala doako zerbitzua eskaintzen ari garela. Zerbitzu pribatua da oraindik ere gurea, eta hori argi esatea komeni da. Klinika bakoitzak bere tarifak ditu, eta herritarrei eskatzen diegu aurrez galdetzea dentistari zer kostu izango duen haren lanak”.
Krisia, denentzat kalterako
Gisa honetako egitasmorik ez dago inguruko herrialdeetan, Gastaminzak zehaztu duenez. “Klinika bakoitzak eskaini dezake larrialdi zerbitzu propioa, baina elkarte batek koordinatutakorik ez dago; hain justu, jakin-minez deitzen ari dira beste elkarte batzuk berrikuntza honen inguruan galdetzeko”.
Kontuak kontu, egitasmoaren helburu bakarra ez da zerbitzua hobetzea. Krisi ekonomikoa ere hor dago, eta baita dentisten “gehiegizko” kopurua ere. 540 profesional dira Gipuzkoako elkarteko kide, eta Gastaminzak uste du azken urteetan dentistak asko ugaritu direla: “Profesional gehiegi sortu dira azken urteetan, eta horrek ere erraztu egin du batzuk asteburuetan zerbitzua eskaintzera animatu izana. Gainera, sektorea asko ari da nabaritzen krisia”.
Aldagai horiek kontuan hartuta, elkarteko presidenteak azaldu du gaur egun dentista asko ari dela kanpora alde egiten “ikasketak amaitu bezain pronto”. Dentistak, “beste hainbat sektoretan bezala, langabezia eta lan baldintza kaskarrak pairatzen ari dira, jende askok kontrakoa pentsatu arren”. Hori dela eta, unibertsitateko sarrera zailtzea izan daiteke arazoaren irtenbideetako bat: “Urtero-urtero dentista pila bat ari da sortzen, neurriz kanpo. Sektoreak duen lan bolumenaren eta dentista kopuruaren arteko desoreka oso handia da. Horregatik, Madrilgo dentisten kontseilua unibertsitaterako sarrera gehiago kontrolatzeko eskatzen ari da administrazioei”.
Bestetik, herritarrengan ere jarri nahi du arreta Gastaminzak. Izan ere, haren ustez, krisiaren eraginez “jendea gutxiago joaten da dentistarengana, eta, ondorioz, ahoa gutxiago zaintzen du”. Horregatik, “prebentzioaren garrantzia” azpimarratu du, eta “gutxienez urtean behin” profesionalei bisita egitea gomendatu. “Azterketan ikusten diren arazo txikiak erraz konpon daitezke. Horiek okerrera egiten badute, berriz, azkenean garestiagoa izango da tratamendua”.