“Denboraldia hasieratik serio hartu dut, eta gero etorri da guztia”

Urte borobila izaten ari da Xabier San Sebastian txirrindulari gaztearentzat (Tolosa, 1995). Oriako-Limousin taldean aritzen da, junior mailan, eta bederatzi garaipen lortu ditu dagoeneko denboraldian, tartean Gipuzkoako Klasikoan.

Denboraldi on horren ondorioa izan da Omega Pharma-Quick Step talde profesionalak gazteentzat antolatu zuen proban parte hartzea eta Txekian jokatuko den Europako Txapelketarako hautatua izatea.

Noiztik zaude txirrindularitzaren munduan?

Haurren mailako bigarren urtean hasi nintzen, beraz, aurtengoa seigarren denboraldia da. Lehenengo urtean Urnietan aritu nintzen, eta bigarrengoan hasi nintzen Oriako Txirrindulari Eskolan.

Eta nola sortu zitzaizun bizikleta gainean aritzeko gogoa?

Etxetik. Nire aita betidanik aritzen zen bizikletan, eta nire arreba Irene ere hasi zen. Txirrindularitza etxean beti egon da presente, eta batez ere horrek bultzatuta hasi nintzen.

Garaipen asko eskuratu dituzu dagoeneko aurtengo denboraldian.

Aurten lasterketa dezente irabazi ditut; guztira bederatzi garaipen. Garrantzitsuena Gipuzkoako Klasikoa izan da, gero Frantzian lasterketa bat, Gipuzkoako Txapelketa eta bigarren postua Gipuzkoako Itzuliko sailkapen nagusian.

Pistan ere aritzen zara. Garaipenik lortu duzu modalitate horretan?

Gipuzkoako txapelduna izan naiz aurten, eta beste garaipen batzuk ere lortu ditut.

Garaipen garrantzitsuenak aurtengo denboraldian eskuratu dituzu. Nola gertatu da jauzi hori?

Aurten askoz serioago hartu dut. Lehengo urtean ikasturtean ez nintzen ia ezer entrenatzen, lasterketak gaizki ateratzen ziren… Udan hasi nintzen pixka bat entrenatzen, lasterketa bat irabazi nuen, eta ondo aritu nintzen. Aurtengo denboraldia hasiera-hasieratik serio hartu dut, eta horren atzetik etorri da beste guztia.

Ohikoa izaten da gazteen mailetan txirrindularia errepidean eta pistan aritzea?

Geroz eta gehiago gertatzen da hori. Gipuzkoako Itzulia batez ere pistan prestatu nuen. Mendateetan ez nuen saiorik egin, baina gero mendiko saria irabazi nuen itzulian. Gero eta gehiago ikusten da txirrindulariak pistan aritzen direla, eta gero emaitzak izaten ditu, gainera.

Zer garatzen da pistan gero errepiderako baliagarria dena?

Batez ere indarra eta bizkortasuna, erasoei azkar erantzuteko. Hemengo mendateak ez dira oso garaiak, eta pistan pultsazio altuetan denbora tarte labur bat mantentzea lantzen da. Pistan proba laburrak direnez, ohitu egiten zara esfortzu horietara.

Nola definituko zenuke zeure burua txirrindulari gisa?

Gorputz handia dut, pisu handienetariko bat tropelean, baina, esaterako, asteburuan Mendaron, %20ko aldapak zeuden, gogorrak, eta 60 kilo baino gutxiagoko eskalatzaile bati eutsi nion. Arlo guztietan ondo moldatzen naiz: esprinta nahiko txukun egiten dut, igotzen ere eusten diot, eta batez ere zelaian eta aldapa txikietan ondo moldatzen naiz.

Lortutako garaipenez gain, aurtengo denboraldia berezia izaten ari da, talde profesional batek —Omega Pharma-Quick Stepek— prestatu zuen gazteentzako proba batean parte hartu zenuelako.

Facebooken hasi zen guztia. Belgikar bat lagun egin zitzaidan, eta argazkietan sartu nintzen ikusteko zein zen: Omega taldeko elastikoarekin ikusten zitzaion edo Omegako txirrindulariren batekin. Gazteen ikuskatzailea da, masajista; ezagun asko ditu txirrindularitzan, eta Omegako proba batera gonbidatu ninduen.

Eta nolakoa izan zen proba hori?

Bi entrenamendu egin genituen, eta esfortzu proba bat, eta, egia esan, nahiko txukun ibili ginen. Harremanetan egoteko esan ziguten, eta nik aukera izango dut junior mailako Flandriako Tourrean parte hartzeko. Ikuskatzaile horrek gonbidatu nau, eta hilabetez egongo naiz haren etxean eta haren semeen taldean, Tieltse Renners izenekoan.

Zer esan nahi izan du zuretzat Belgikara joan eta Omega taldeko proba batean parte hartzeak?

Motibazioa. Ikusten da jendeak erreparatu egiten diola egiten duzunari. Agian gazte mailako lasterketak irabazten ari naiz, ondo ari naiz, baina gero horrek ez du bestelako eraginik izaten. Eta, kasu honetan, nik egindakoari kasu egiten diotela ikusteak motibazio handiagoa ematen du.

Zein herrialdetako txirrindulariak joan zineten proba horretara?

Junior mailakoak eta 23 urtez azpikoak zeuden. Juniorretan, nitaz aparte, beste bost zeuden: bi belgikar, hegoafrikar bat, espainiar bat eta italiar bat. Esperientzia berezia izan zen.

Beste esperientzia berezi bat izango duzu, junior mailako Europako Txapelketan parte hartuko baituzu aurki Espainiako selekzioarekin.

Txekian izango da, eta errepideko lasterketan eta erlojupekoan parte hartuko dut. Maila handiko lasterketa izango da. Lehenengo ikusi beharko dugu zer topatzen dugun, beti etxean korritu dugu eta. Esperantza banuen hautatua izateko, juniorretan bederatzi lasterketa irabazi ditudan bakarra izan naizelako. Baina gauza bat da denboraldi ona egitea, eta beste bat da hautatua izatea. Hiru joango gara, eta, esaterako, zortzi garaipen izan dituen bat ez dute eramango.

Datorren denboraldian afizionatuen mailan ariko zara. Aukerarik ez zaizu faltako.

Afizionatuen lehenengo urtean ezin gara aritu Gipuzkoakoa ez den talde batean. Aukerak baditut, baina hori denboraldia amaitzen denean ikusi beharko dugu.

Eta profesionaletara iristea nola ikusten duzu?

Afizionatuetara jauzi handia dago, eta hortik profesionaletara izugarria da. Beraz, lehenengo afizionatuetara pasatu eta ahal den ondoen ibiltzea da helburua, eta, bestea iristen bada, iritsiko da.

Egunotan, hurrengo probak prestatzen ariko zara.

Gaur [asteartea] 110 kilometroko entrenamendua egin dugu, Flandriako Tourreko antzeko aldapa txikiak igoz, eta gogorra izan da. Autotik errazago ikusten dira malda horiek.