“Etxera lagun batekin joango banintz, ez lukete bazkaltzera gonbidatuko”

Ikasteko eta lan egiteko asmoarekin joan zen Ingalaterrara Maria Urbieta (Zarautz, 1989). Eta, oraingoz, bete ditu bere nahiak. 2011ko abuztutik, au pair gisa ari da lanean; bere kasa bizitzen ikasi eta ingelesa hobetzetik haratago, etxetik kanpo joateak hamarnaka bizipen eta istoriori ireki dizkie ateak.

Arrasaten egin zituen ikasketak, Atzerriko Hizkuntzako eta Haur Hezkuntzako irakasle izateko. Azken ikasturtea amaitzean heldu ziren zalantzak: ez zekien zer egin. Egun gazte askok ez duten aukera ere parez pare izan zuen, irakaskuntza arloan lan eskaintza bat jaso baitzuen. “Banekien lan eskaintza hori onartuz gero ez nuela aukerarik izango kanpora joateko eta lurralde berriak ezagutzeko”. Horregatik, Euskal Herria utzi eta atzerrira joatea erabaki zuen. Aurretik izandako bizipenak ere lagundu zion hautu horretan: “Unibertsitatean nengoenean Dublinera joaten nintzen au pair gisa ingelesa praktikatzeko. Orduan izandako esperientzia kontuan hartuta etorri nintzen Ingalaterrara”.

Steeple Ashton herrian bizi da, Wiltshire probintzian, Ingalaterra hego-mendebaldean. Herria “oso txikia” da, eta, Urbietaren arabera, badu antzekotasunik Euskal Herriarekin: “Oso berdea da, baserri asko daude, denda txikitxo bat daukagu eta taberna txiki bat ere bai”. Haurrak zaintzen ematen du bertan astea, astelehenetik ostiralera, eta horrez gain, beste zenbait saltsatan sartuta dago: gaztelera irakasle gisa aritzen da larunbatetan, eta Lehen Hezkuntzako eskola batean boluntario moduan ere badabil, hirugarren eta laugarren mailakoei laguntzen: “Momentu honetan, Espainiako ikasle bat daukagu gelan, orain dela hilabete iritsi zen, eta harekin lan egiten dut ingelesa irakasten”.

Bistan da hezkuntza arloa gustuko duela, baina ez haurrekin soilik. Astean zehar, lana bukatutakoan, Zumba klaseak ematen ditu Guatemalako eta Peruko bi neskarekin batera. Karitate festak ere antolatzen dituzte; azkena, aurreko ostiralean: “Bildu genuen diru laguntza guztia minbiziaren aurkako erakunde bati eman genion”.

Gehienez, musu bat

Eroso dago Urbieta Steeple Ashtonen. Herriko jendea “oso jatorra” dela iritzi dio; hala ere, ingelesak “hotzak” dira, haren ustetan. “Ez dizkizute bi musu emango; gehienez, musu bat, eta familiartean badaude, eskua”. Horrekin batera, une jakinetan oso irekiak ez izateak harritu du Urbieta, jendea etxera bazkaltzera gonbidatzean, adibidez: “Bat-batean lagun batekin joango banintz etxera, ez lukete nire laguna bazkaltzera gonbidatuko”.

Gazte gutxi dago, eta gehienak erretirodunak dira herrixkan. Gainera, etxe guztiak handiak direnez eta bakoitzak bere lorategia duenez, “familia gehienek bizitza euren etxean egiten dute”. Inguruko hiri handiagoetan nabaritzen da mugimendu gehiago; Bath edo Bristol aipatu ditu tartean. Eguzkiak, ordea, guztiak mugiarazten ditu, herria txikia edo handia izan: “Ateratzen den eguzki izpi bakoitzarekin denak eguzkia hartzen jartzen dira, ez dugulako askotan ikusten”. Eguraldia da, hain zuzen, Urbietari ohitzea kosta egiten zaiona, “oso tristea” baita ia urte osoan. “Negu hotza izaten dugu, zero azpitik zortzi gradutan, eta azken urteetan ez dugu uda onik izan; euria eta zeru grisa da sarrien duguna”.

Tearekin, ezin ohitu

Ingalaterran topatu duen kultur aniztasuna gustatu zaio orain arte gehien Urbietari; “edonon nabaritzen da: kalean, eskolan…”. Baita supermerkatuan ere. Urbietak azaldu duenez, mundu osoko elikagaiak aurki daitezke janari dendetan, hari gutxien gustatzen zaion edaria barne: tea. “Saiatu naiz bakarrik hartzen, esnearekin, limoiarekin eta azukrearekin, baina ezin naiz tea edatera ohitu; hemen, eguneroko ohitura da gosaltzeko, hamaiketako gisa, bazkaltzeko, askarirako…”.

Urbietak ez zekien Ingalaterran noiz arte geratuko zen hara iritsi zenean, ez baitzekien zer aurkituko zuen. Baina ia bi urte igaro ondoren, gustura dago, eta “beste denboraldi batez” han geratzeko asmoa du.