Handienetan handienak

Mendi lasterketak

Beasain

Distantzia luzeetan espezializatutako korrikalarien elkargune izango da Beasain gaurtik igandera bitarte. Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak lasterketak bertan hasi eta amaituko dira. Bi lasterketak antolatzen diren laugarren aldia da, eta inoiz baino korrikalari gehiago hartuko dituzte —630-640 inguru; iaz baino ehun gehiago—.

Euskal Herrian jokatzen den lasterketarik luzeena da Ehunmiliak ultra traila; 168 kilometro luze ditu. Parte hartzaileek mendiz zeharkatuko dituzte Goierri, Tolosaldea, Urola eta Debagoiena. Gaur, 18:00etan irtengo dira lasterkariak. Lehen parte hartzailea bihar 16:00 aldera iristea espero dute helmugara; azkena, berriz, igandean 18:00etan.

Goierriko Bi Handiak lasterketak Txindoki eta Aizkorri hartzen ditu —eskualdeko bi mendi nagusiak—. Gaur, 23:00etan hasiko da. Ibilbide horrek Ehunmiliak proba nagusiarekin bat egiten du 99. kilometroan; azken 69 kilometroetan, bi probek ibilbide bera dute.

Boluntario gehiago

Euskal Herrikoez gain, Europako hainbat herrialdetako lasterkariek ere parte hartuko dute bietan; Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Poloniatik eta Suediatik etorritakoek, besteak beste.

Boluntario gisa, 1.200-1.300 lagun ariko dira guztira, orain artekoko kopururik handiena. Gainera, lasterketak ikustera joan nahi duenarentzat autobusak jarri dituzte Gipuzkoako hainbat herritatik aterata; www.ehunmilak.com webgunean kontsulta daitezke lekuak eta ordutegiak.

EHUNMILIAK ETA GOIERRIKO BI HANDIAK (GAURKO EGITARAUA)

10:00etatik 13:00etara. Falta diren dortsalen banaketa.

13:00etatik 16:00etara. Pasta Party-a.

13:00etatik 17:00etara. Horniketa lekuetarako materialaren uztea.

17:00etan. Ehunmiliak lasterketaren irteera kontrola.

18:00etan. Ehunmiliak lasterketaren irteera.

23:00etan. Goierriko Bi Handiak lasterketaren irteera.