Herrilab egitasmoa abiatu du Oarsoaldea Garapen Agentziak Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Egitasmoak hub filosofia du oinarri —elkartrukerako gune izan nahi du—, eta ekintzailetasuna sustatzea du helburu, Beatriz Brosa garapen agentziako ekintzailetasun arloko arduradunak adierazi duenez. Proiektua zergatik abiatu duten azaltzeko, berriz, datuetara jo du: “2006. urtean oso eskualde ekintzailea zen Oarsoaldea. Zabaldutako saltoki berrien kopurua Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoaren gainetik zegoen”. Baina krisiaren eraginez, jendea “beldur” da, eta orain zazpi urteko errealitate hura erabat aldatu dela dio Brosak: ” Ekintzailetasunak leku guztietan behera egin badu ere, Oarsoaldean are gehiago egin du”.
Krisitik harago, Brosak argi du Oarsoaldean “ideia handiak eta talentu are handiagoa” duen jendea dagoela, baina gakoa “hori ateratzea da”. Helburu horrekin abiatu dute Herrilab: “Bertako sormen gaitasuna eta kolaborazio dinamikak sustatu, ekintzailetasuna erraztu eta konexio espazioak sortu nahi ditugu”.
Komunitatea eta espazioa
Ekintzailetasuna bera eta ekintzailearen profila aldatzen ari dela kontuan hartzea ezinbestekoa da, Brosaren esanetan. “Elkarlanak garrantzi handia hartu du, eta, hortaz, proiektuak modu kolektiboan eraikitzeko modua bilatu behar dugu”. Horren harira, Herrilaben giltzarriak bi direla azaldu du: komunitatea eta espazioa. “Lehenik, ekintzaileen komunitatea sortu behar dugu. Softwarea da garrantzitsua eta ezinbestekoa. Eta, ondoren, komunitate hori kokatzeko eta elkarlanean jartzeko espazioa sortu behar dugu”, nabarmendu du.
Izan ere, espazioak berebiziko garrantzia du Herrilab egitasmoaren barruan, “sormena eta ekintzaileen arteko sinergiak sustatzeko balio beharko duelako”. Oraingoz Oarsoaldea Garapen Agentziak Oiartzunen duen egoitzan hub filosofia duen espazioa prestatu dute horretarako. Ez du ohiko lanerako espazioekin zerikusirik, eta egitasmoaren arduradunak argi du hainbat funtzio bete behar dituela: “Harreman espazioa da, eta proiektu ezberdinen arteko komunikazioa ahalbidetzen du. Sormena errazteko tresna bihurtzen da espazioa”.
Horrekin batera, Brosak dio herritarrentzat erreferente izan behar duela: “Ekintzaileen espazioa dela jakin behar dute Oarsoaldeko biztanleek”. Oraindik ekiteko espazioaren kokapena zehaztu gabe dute; ekintzaile komunitatearekin batera bilatuko dute gunerik egokiena abiatu nahi dituzten proiektuetarako. “Oarsoaldeko udalerrietako batean eta erdigunean izan beharko du”.
Ekintzaileen espazio hori noiz sortuko den ere ez dute zehaztu. Brosak dioenez, beste esperientzia batzuen arabera, bi urte behar izaten dira komunitatea eratu, sendotu eta espazioa sortzeko.
Bitartean, “laborategi” antzeko bat sortu dute garapen agentziak Oiartzunen duen egoitzan. Han elkartzen dira hamabost egunean behin egitasmoan parte hartzen ari diren 30 ekintzaileak. Apirilean, lehen urratsak egin zituen proiektuak, eta, horren bidez, ideia eta helburuak identifikatzen erakutsi diete parte hartzaileei: “Ideiatik proiektura pasatzen dira, eta, horretarako, hainbat tresna ematen dizkiegu: negozio mota, bideragarritasun plana eta mapa estrategikoa, besteak beste. Ondoren, komunitateak hizkuntz komun bat eta proiektu ezberdinen arteko sinergiak sortu behar ditu”.
Horrez gain, nabarmendu du lanketa kolektiboaren bidez esperientziak trukatzen direla eta horrek aberasteaz gain beldurrak gainditzen laguntzen duela: “Batak besteari esaten dio: ‘Nik ere pasatu nuen halako egoera bat, eta halakoa eginda gainditu nuen’. Esperientzia hori izugarri lagungarria da, azken batean, proiektu berri bat hasi nahian dabilenarentzat”.
Askotariko proiektuak
Lanketak, berriz, bi bide ditu: batetik, ekintzaile bakoitzaren proiektuaren jarraipena egiten dute. Brosak eta ekintzailetasun arloan berekin lanean diharduten Estibaliz Susperregik eta Asier Salaberriak egiten dute jarraipen hori; “proiektuari forma ematen laguntzen diote ekintzaileari, eta aurrera egiten”; bestetik, Mondragon Unibertsitatearekin taldeko lan saioak egiten dituzte parte hartzaileek. Horien bidez, tresna berritzaileak jasotzen dituzte, eta “helburu komunak eta sinergiak” identifikatzen saiatzen dira.
Herrilab egitasmoaren bidez ez dituzte irabazi asmo hutseko proiektuak bilatzen. “Egitasmoan parte hartzen ari diren ekintzaileen proiektuak ez dira soilik helburu ekonomikoak dituztenak, badira beste balioak bultzatzea helburu duten proiektuak; oraintxe bertan, esaterako, denbora bankuak sustatzea edo aberastasun soziala lortzea helburu duten hainbat proiektu ari dira lantzen”.
Egitasmoak hiru hileko ibilbidea egin badu ere, Brosak azaldu du ez dagoela itxita. “Herrilab komunitate irekia da, eta interesa duen edozein ekintzailek har dezake parte oraindik”. Horretarako, interesa dutenek Oarsoaldea Garapen Agentziaren ekintzaile arloko arduradunarekin harremanetan jarri beharko dute.