Herriz herri epaia idaztera

Luis Mari Azkargorta Bergarako presoak 25 urte daramatza kartzelan. 2007ko urrian zuen kalera ateratzeko data, baina urte horretan 197/2006 doktrina, Parot doktrina deiturikoa, aplikatu zioten, eta ondorioz, beste 11 urte luzatu zioten espetxealdia. Azkargortari bezala, beste 69 presori ezarri diete zigor gehigarria Euskal Herrian; horietatik 32 gipuzkoarrak dira.

Laster, Parot doktrinari buruzko behin betiko epaia emango du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Ines del Rio presoaren kasuan. Baina horren zain ez egotea erabaki du Herrira mugimenduak. Herriz herri abiatu dira, jendeak bere sententzia idatz dezan Herritarron Epaia egitasmoaren bidez. “Doktrina bertan behera uzteko adostasuna dago gizartean, eta hori jaso nahi dugu”, azaldu du Nagore Garcia Herrira-ko kideak. Sententzia idazteko, mota askotako adierazpenak erabiltzen dituzte herritarrek. “Aukera eman nahi diogu jende guztiari esaldi, marrazki, olerki edo bertso baten bidez beren ekarpena egin eta iritzia liburuan plazaratzeko. Herriz herri, bertako norbanako, elkarte, talde eta eragileek parte hartuko dute”. Ekainaren 8an abiatu zen Herritarron Epaia Tafallatik. Irailaren 14an helduko dira helmugara, Iruñeko Anaitasunara. Bitartean, Euskal Herriko hamaika herri igaroko dituzte, tartean, baita Gipuzkoakoak ere. Eibarren, Lasarten, Usurbilen, Pasaian eta Errenterian izan dira dagoeneko. Arrasaten eta Oñatin izango dira gaur, Bergaran eta Tolosan bihar.

Bergarako ekitaldian izango da bihar Luis Mari Azkargortaren familia ere, bere herrian. Herritarren iritzia jasotzeko egitasmo hau garrantzitsua dela pentsatzen du presoaren seme Markel Azkargortak: “Horrelako babesa sentitzeak asko laguntzen du”. Badaki ere zer idatzi nahi duen liburuan: “Aita etxera ekartzeko”.

197/2006 doktrinaren aurkako epaia dagoeneko eman zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iazko uztailean. Ines del Rio presoaren kasua aztertu ondoren, doktrina horrek giza eskubideak urratzen dituela ebatzi zuen. Halere, Del Riok espetxean jarraitzen du, eta epaiaren aurkako helegitea jarria du Espainiako Gobernuak. Orain behin betiko epaiaren zain daude. Erabaki hori garrantzitsua da, Del Riori ez ezik, doktrina aplikatu dieten euskal preso guztiei ere eragingo dielako.

2006ko otsailaren 28an Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako epaia da Parot doktrinaren oinarria. Unai Parot presoa ez askatzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, presoari irteteko data iritsi zitzaion arren, eta Auzitegi Gorenak erabaki hori berretsi zuen, Parotek ezarritako helegiteari erantzunez. 2006an Gorenak jurisprudentzia ezarri zuen, eta Konstituzionalak 2008an berretsi.

Doktrina aplikatzen hasi baino lehen, 1973ko Zigor Kodearekin epaitutako presoei zigor guztiak batu eta gehienezko 30 urteko espetxealdia ezartzen zieten; espetxe onurak, horrela, 30 urteko gehienezko epeari aplikatzen zizkioten, eta espetxealdia murrizteko aukera zuten. Baina orain, doktrinarekin, zigor bakoitzari aplikatzen dizkiote onurak; zigor bat bete ondoren, hurrengoa betetzen hasten dira, 30 urtera iritsi arte; eta, ondorioz, espetxe onurak baliogabe gelditzen dira. Hala, kalera ateratzeko data duten presoei espetxealdia luzatzen diete. “Zigor luzapen horiek giza eskubideen aurkakoak dira eta baita guztiz legez kanpokoak ere”, azaldu du Garciak.

Aitari espetxealdia luzatuko ziotela jakin zuen unea oso ondo gogoratzen du Azkargortak: “Bat-batean ilusio guztiak zapuzten dira, eta onartu behar da beste 11 urtean aita ez dela etxera itzuliko. Horrela esatea gogorra den arren, ni ohitu naiz aita kartzelan ikustera, 8 urte nituela eraman baitzuten. Halere, kolpe handia da. Kosta zitzaigun horri buelta ematea. Ez genuen egoera ulertzen”. Aurretik, 2003an, baldintzapean aske atera zen, zigorraren hiru laurdenak beteta. “Egun batetik bestera, zigor osoa bete behar zuela esan ziguten, 2007ra arte, eta berriz espetxeratu zuten. Kolpe hori gainditu ondoren, 2007an kalera ateratzeko eta bizitza berrirako prestatzen ari ginela, Parot doktrina iritsi zen. 2018ra arte ez da aterako”.

Presoen “egoera larria”

197/2006 doktrina aplikatu dieten presoek zein ingurukoek bizi duten “egoera larria” aipatu du Garciak: “Urte asko daramatzate kartzelan, eta doktrinak ondorio psikologiko handiak eragiten ditu. Baita segurtasun falta ere, ez baitakite noiz aterako diren espetxetik. Gainera, pertsona hauek adinean sartzen ari dira, eta horrek osasunean ere eragiten du. Gainerako presoek bezala, espetxe politikaren ondorioak ere jasaten dituzte: sakabanaketa, bakartzea, osasun arreta bermatzeko zailtasunak…”

Ondorioz, zigor luzapen guztiak bertan behera uzteko dinamika bat abiatu du Herrira-k. “Herritarron Epaia egitasmoarekin, jarraipena eman nahi diogu orain arte egindako lanari”. Garciaren hitzetan, herrietan gaia lantzeko “tresna” bat da. Orain arte jasotako ekarpenekin “oso gustura” daudela gaineratu du. “Doktrinaren aurka eta presoen eskubideen alde agertzeko modu asko daude, eta jendearen irudimenari ere bidea ireki nahi izan diogu”. Mezu argi bat eman dute herritarrek: “Presoen eskubideak errespetatzeko, espetxe politika amaitzeko eta Parot doktrina bertan behera uzteko eskatu dute. Espetxe zigorraren luzapenak zer dakarren azaldu dute batzuek modu grafikoan. Esaterako, herriaren duela 25 urtetako argazkia eta gaur egungo beste bat jarri dituzte”.

Nazioartera begira

Herritarron Epaia egitasmoaren gune nagusia Euskal Herria den arren, nazioarteari begira ere badaude. “Euskal gizartea Parot doktrinaren aurka dago, eta adostasun horren berri eman nahi diogu nazioarteari”. Liburuan biltzen dituzten ekarpenak Europako ordezkariei bidaliko dizkiete. “Nazioarteko komunitateak konpromisoak hartzea nahi dugu, neurri hauek bertan behera gera daitezen. Preso eta iheslarien egoera ezagutarazteko nazioartean egin dezakegun lana garrantzitsua da”. Xede horrekin abiatu zuten urte hasieran Give peace a chance kanpaina —Eman aukera bat bakeari—. Martxoaren 20ari begira hasi zuten egitasmo hura; Estrasburgoko Epaitegiak Espainiaren helegitea aztertu zuen eguna, hain zuzen. Kanpaina horren barruan kokatu dute Herritarron Epaia ere.

Europara begira daude Parot doktrina aplikatu dieten presoak eta haien senideak ere; horrela adierazi du Luis Mari Azkargorta presoaren semeak: “Beste kasu batzuetan giza eskubideen alde egin duten bezala, Parot doktrinari buruzko Europako epaia ere gure aldekoa izatea espero dugu. Hankak lurrean izan behar ditugu, baina itxaropena ez da inoiz galdu behar”.