Uztailaren lehen egunetan hainbat lagun elkartu ginen Eibarren gorputzaren inguruan gogoeta egiteko, UEUk antolaturiko Generoa eta gorputza euskal kulturan eta euskal literaturan udako ikastaroan. Topaketa horien ondoren, gorputz(en) inguruko galderak kolpeka izan ditut. Udako jaiak ezin aproposagoak dira espazio publikoan gorputzek hartu ohi dituzten lekuez eta jarrerez aritzeko. Gainera, jai giroko kultur praktikak imajinario kolektiboa eraikitzeko bide eraginkor izan dira; eta egun ere badira. Jai giro horietako gorputz adierazpenetan eta gorputz irudikapenetan islatu ohi dira jendarteko arauak, edo kontrara, jai giro horietan arau horiek auzitan jartzeko gorputz praktikak ere proposa litezke. Ez da harritzekoa, beraz, azken urteotan mugimendu feministak jai giro feministak aldarrikatzeko egindako ahalegina, eta jai giroetan txoko feministak sortzeko egin diren ekimenak.
Bide horretatik, jai giroetako gorputz praktikez aritzeko, imajinario kolektiboaren bitartez jaso ditugun gorputz irudikapenen gogoeta egitea komeni da. Gogora ditzagun, bada, imajinario kolektiboan hedatu diren espazio sozial zenbait: erromeriak, kantaldiak eta jaialdiak. XX. mende hasieran erromeriak espazio sozial garrantzitsuak ziren, eta erromeriak batez ere dantzarako gune ziren, taldean zein binaka aritzeko gune. Ez dirudi kasualitatea, beraz, XX. mende hasiera hartan euskal dantza tradizionala hain arauturik egotea, bai genero ikuspegiari dagokionez, baita gorputz adierazpenari dagokionez ere. Nolabait, espazio publikoan genero-praktikak zeintzuk izan behar ziren arautzeko modua ere bazen. Zoritxarrez, egun badugu oraindik ere arau zurrun horien oihartzunik. Binaka euskal dantzan aritzerakoan, emakumez osaturiko bikoteak plazan ikustea ohikoa bada ere, ez dago horren hedaturik bi mutil elkarrekin dantzan aritzea, eta sarritan ingurukoen marmarrak entzun behar izaten dira halako egoeratan —nik behintzat ikusi izan ditut—.
1960ko hamarkadan kantaldiek hartu zuten indarra euskal kantagintza berriaren bidetik, besteak beste. Kantaldi horietan kantuak, hizkuntzak eta hitzaren adierazpenak garrantzi berezia hartu zuten, hizkuntzaren aldarrikapena ere ardatz zutelako. Kantaldi horietan, beraz, parte hartzaileen gorputza kanturako prest zegoen gehientsuenetan: besoak lagunen sorbaldetan lotu, eta balantzaka mugituz, alde batera zein bestera, kantuan aritzen ziren lagun taldeak, ahotsa gorpuztea helburu nagusi zutela. Nork ozenago kantatu, hark espazio soziala ahotsaren bitartez bete. 1980ko hamarkadatik aurrera, ordea, euskal rockaren eta punkaren gorakadarekin, musika jaialdiak ugaritu ziren, eta dantza zein kantua indar erakustaldirako gune ere bihurtu ziren; lagun taldeak elkarri bultzaka eta elkarri zirika dantzatzeko joera zabalduz.
Imajinario kolektiboak erromerien, kantaldien eta jaialdien bitartez eraikitako gorputz-eredu horiek eraginik badute egun ere, neurri batean. Esanguratsua da Oier Guillanek, Arra arraroa antzezlanean, gizontasunaz hitz egiten duen testuan, hain zuzen, “lotsaren lege ez-idatzien” artean kokatzea honako hauek: “tabernetan dantzatu inor bultzatu gabe”, eta “kontzertuetan gorputz osoa astindu eta ez soilik burua”. Alegia, geure genero identitateak (des)eraikitzeko praktika esanguratsu bihurtu da egun espazio publikoetan dantzan nola aritu. Eraldaketa soziala proposatzeko ekimenek dantza behar dutela entzun dugu sarri; areago, dantzarako eredu berriak eta bestelako gorputz adierazpenak lantzeak eraldaketa sozialerako urratsak ekar ditzake, dinamika sozial berriak eraikiz.