Kirol bat da droga

Quebrantahuesos klasikoa beste behin gipuzkoar batek irabazi izanak ez ninduen ustekabean harrapatu, usadio bilakatu baita. Are gutxiago aztoratu nintzen ustezko amateur guztien artean metara lehenbiziko iritsi zenak dopin kontutan curriculum mardula duela irakurri nuenean. Alpe D’Huezen gora aritzen ez dakit, baina farmaziak husten ezin iaioagoa den tropela osatu baitugu azkenaldian.

Martxa hirutan irabazitako goierritarrak, Angel Vazquezek, galarazita dauka triatloi eta duatloi txapelketatan aritzea, EPOarekin positibo emateagatik. Urte batzuk lehenago ere, txirrindulari profesional zenean, makinatxoari argi gorria piztu zitzaion hura pasatakoan, substantzia berbera antzeman ziolako. Tipoak Quebrantahuesos korritzeko lizentzia bat lortu izanak arraro samarra dirudi. Halere, ez dakit halakorik saihesteko modurik zegoen, teorian lasterketa herrikoia eta ez-lehiakorra izanda.

Maillotean daramatzaten petatxuak ikusita, elitetik kanpo baina prestakuntza eta bizio profesionalekin aritzen diren kirolariek sos batzuk bilduko dituztela imajinatzen dut. Afizioa ofizio bihurtzeko adina ez, baina bizikletarekin, bidaiekin eta beste hainbat osagarri garestirekin bultzadatxoa emateko bai. Nolanahi ere, halako bizigarri apalak izanda, inork bere gorputza laborategi kimiko nola bihur dezakeen ez zait buruan sartzen. “Norberaren mugak” aurkitzearen harra barruan ez daukadalako izango da, ziur aski.

Aitor Osarekin pare bat garagardo gustura hartuko nituzke, hark azaldu diezadan ia 40 urterekin mendi martxetan korritzeko EPOa hartzera zerk bultzatu zuen. Hori bai, atleta bat tranpatan harrapatzen duten bakoitzean bezala benetako biktima bera dela esango balit, nire partea ordaindu —edo ez, zer arraio— eta ernegatuta alde egingo nuke, esateko duenetik gehiago batere entzun gabe. Ziztu batean, inongo dopinik gabe errekor olinpiko pare bat puskatuz, gainera.

Lehengoan, Virginia Berasategik bere positiboa —bigarrena horrek ere— arrazoitzeko prentsaurrekoa eman zuen. “Aurreneko biktima ni neu naiz” potolo askoa malko pare batekin bustita jaurti zigun, eta tranpatien betiko topiko sorta atzetik. Triatleta bilbotarrak Antena3eko bazkalosteko telefilm erdipurdiko bat osatu ondoren, bertaratu ziren kazetariek txaloka eta bibaka agurtu zuten. Hori ikusita, niri behintzat Polonia inbaditzeko gogoa sartu zitzaidan —esaldi hori errazegia zen ziur aski, baina hurbil geratzen zait eta berandu baino lehen idatzi nahi nuen—.

Ezeren biktima ez garenon elkartea sortuko dut laster; aspalditik bueltaka daukadan ideia bat da. Ondarretako Tenisa baino askoz klub esklusiboagoa izango delakoan nago, hainbeste koitadurekin inortxo ere ez delako apuntatuko.