Kultur ekitaldiak eta aldarrikapenak egingo dituzte asteburuan

Aldarrikapenarekin batera, hainbat kultur ekintza antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat herritan, Herritarron Epaia egitasmoaren barnean. Gaur, Arrasaten eta Oñatin izango dira; bihar, berriz, Tolosan eta Bergaran. Herritarrak Parot doktrinari buruzko iritzia plazaratzen ari diren bitartean, herriko musika taldeek joko dute Arrasaten, gaur. Oñatin, berriz, elkarretaratzea egingo dute. Bergaran, ekitaldiaz gain, erakusketa bat jarriko dute, bihar.

Tolosan, egitarau zabala prestatu dute bihar 11:00etatik 13:00era, Triangulo plazan: dantzariak, bertsolariak, kantariak, antzerkia, herri kirolak, grafiti egileak… Amaitzeko, denek batera argazkia aterako dute, eta Herritarron Epaia egitasmoaren liburuan itsatsiko dute. Oihana Peñagarikano Tolosako Herrira-ko kideak azaldu duenez, eskualdeko “mota guztietako eragileei” egin diete ekitaldian parte hartzeko deia: “Ia beti pertsona berak aritzen gara presoen alde lanean. Oraingoan, deialdi zabalagoa egin, eta jendea parte hartzera animatu nahi genuen. Arazoa sozializatzeko sarea zabaltzea komeni baita”. Aldi berean, Pello Odriozola herriko presoaren egoeraren berri eman nahi diote jendeari: “25 urte baino gehiago daramatza kartzelan”. Parot doktrina aplikatu zioten Odriozolari, eta 2018ra arte ez da kalera aterako.

Jendearengandik jaso duten erantzunarekin oso gustura daude antolatzaileak. “Ekarpena egin eta parte hartzeko prest agertu dira gehienak. Izan ere, giza eskubideen aurkako urraketa garbia da Parot doktrina“. Ibarrako sokatira taldeak, Gazteluko herri kirolariek, Tolosa, Ibarra eta Villabonako dantza taldeek, Tolosako bertso eskolak, Garbiñe Biurrun epaileak eta Kike Amonarriz aurkezleak parte hartuko dute, besteak beste.

Horretarako, bi gune jarriko dituzte: alde batean, liburua egongo da, herritarrek epaia idatzi eta ekarpenak egin ahal izateko. Bestean, kultur ekintzetarako oholtza bat prestatuko dute.