Maximina Espeso Torrelavegan jaio zen (Kantabria, Espainia, 1959), bere gurasoen bidaia batean. “Bidaiatzen ari zirela jaio nintzen, eta ez diot orain artean bidaiatzeri utzi”. Iruñean hazi da, eta iruindartzat du bere burua. Erizain lanetan ari dela 25 urte dira jada; orain, Donostia ospitaleko neurologia sailean lan egiten du. Gaueko txanda batean, 2012ko azaroan, sail horretako hainbat langileren solasaldi bat izan zen, hain justu, Nire paga, zure estra egitasmoaren ernamuina. Geroztik, proiektua hazi besterik ez da egin.
Gaueko txandako neurologia zerbitzuan izan zenuten solasaldi hura nola gogoratzen duzu?
Erizain eta erizain laguntzaile taldetxo bat geunden. Hitz egiten hasita, jabetu ginen guztiok genuela inguruan egoera dramatikoren bat pairatzen ari zen norbait, hala senideak nola lagunak. Aldi berean, gure zerbitzuan ezohiko ospitaleratze asko gertatzen ari zen; batik bat, aurrekaririk ez zuen gazte asko etortzen ari zen iktusak jota. Gazte horietako batzuekin hitz egin genuenean, jakin genuen egoera berriaren ondorioz jasaten ari ziren pobreziaz, estres izugarrian bizi zirela, eta horrek, seguru aski, iktusa eragin zien. Langileok hain gertu sentitu genituen arazoak, non gure kasa zer edo zer egiteko erabakia hartu baikenuen.
Zerbait hori izan al zen ‘Nire paga, zure estra’? Zertan datza?
Lehenengo eta behin, gure ideia serio hartu genuen. Hasiera batean, proiektuaren ardatza gure zerbitzuko langileon aparteko ordainsari osoa edo zati bat ematea zen. Ez genuen uste Gabonetako ordainsaria jasoko genuenik, eta emango zigutela esan zigutenean bide ona zela pentsatu genuen. Baina azkenean ez ziguten eman. Hori dela eta, egitasmoa gauzatzeko beste esparru batzuetara zabaldu, eta jabetzako lanpostua duten guztiengana jotzea erabaki genuen.
Behin dirua jasotzen hasita, diruaren kudeaketa egiteko nola moldatu zarete?
Gure mugen jabe egin ginen, eta beste erakunde batekin lan egiteko premia sumatu genuen. Gipuzkoako hainbat gobernuz kanpoko erakunde aukeratu genituen. Horien artean, Caritas hautatu genuen haren ibilbide luzeagatik, sinesgarritasunagatik eta fidagarritasunagatik. Caritasek Eliza kristauarekin duen loturak dudak sortu zizkigun, gutako gehienok ez genuelako horrekin bat egiten, baina aldekoak hobetsi, eta Caritasekin kontaktuan jarri ginen. Ez gara damutu; profesional oso onak dituzte, benetako beharra eta iruzurra ederki bereizten dakitenak. Caritaseko Gipuzkoako ordezkariei gure proiektua gustatu zitzaien, eta kontu korronte bat sortu zuten.
Nork jaso dezake dirua, zehazki?
Plataformaren bitartez biltzen den diru guztia jasoko dutenen soslaia zehatza da. Krisi ekonomikoagatik pobrezia egoeran dauden familiak, eta bakarrik Gipuzkoako familiak. Jakin badakigu egun Gipuzkoan 8.000 familia inguru daudela krisi ekonomikoak eraginda egoera honetan.
Zer egin behar dute egoera horretan daudenek diru laguntza lortzeko?
Caritaseko bulegoetara jo dezakete. Badakigu diru laguntza bat eskatzera joatea ez dela gauza erraza, lotsa sentitzen dela, eta beharra dutenak baino gutxiago dira laguntza eske doazenak. Guretzat, ezinbestekoa da egoera horretan dauden familiek jakitea dirua egon badagoela eta beren egoera azaldu eta frogatzen dutenei laguntza emango zaiela. Diru bilketa aurrera doa, eta elkartasun asko jasotzen ari gara. Laguntzen jarraitzeko dirua badago. Egia esan, errazagoa da bilketa banaketa baino, zaila baita benetako beharra duena nor den bereiztea.
Musu truk egiten duzue lan hori guztia. Zergatik?
Gure lanorduetatik kanpo suhiltzaileekin, epaitegietako zein postako langileekin, ertzainekin eta lanpostua jabetzan duten hainbat eremutako langileekin egoten gara proiektuaren berri emateko. Gero eta lan gehiago dugu, proiektua hazten ari delako etengabe. Atzerrian gure berri izan dute, eta informazio eske ditugu Alemaniako, Kanadako, Austriako zein Espainiako erizain taldeak. Erizainok eta erizain laguntzaileek sufrikarioa hurbil-hurbil daukagu, eta uste dut horrek sentsibilizatu egiten gaituela.
Proiektuak diruaren beste erabilera bat erakusten du, ezta?
Bai, badu halako mezu subliminal bat, esan nahi baitugu dirua gorde, pilatu eta gastatu daitekeela, baina dirua eman ere egin daitekeela. Finean, indibidualismoaren gainetik, bizitzaren zentzu komunitarioa gogora ekartzen dugu, bestearekin hartu-emanean egiten dugun guztia gurera itzuliko baita. Uste dugu garaiotan berreskuratu beharreko balioak direla, krisiak okerrena erakusten duen bezala onena ere agerian uzten duelako.
Inoiz izan al duzue diru laguntzen onuradunen berri?
Gure kanpaina guztien aurpegia izan naiz. Behin gizon batek eskerrak eman zizkidan kalean, eta zergatik galdetuta, onuradun gisa aurkeztu zuen bere burua. Jarraian, bere egoera kontatu zidan. Langabezian geratu ondoren zorrak izugarri handitu, eta itota zegoen. Gure berri izan zuen, eta Caritasera jo zuen. Caritasek ez du dirurik zuzenean ematen, baina bere zor guztiak ordaindu, eta gizonak arnasa izan zuen hilabete batzuetan. Tarte horretan, etxeko tresnak konpontzeko tailer bat ireki zuen garajean, eta, auzotarrek berera jotzeko ohitura hartu dutenez, ondo doakio. Guretzat, hori entzutea bezalakorik ez da.