“Enpresa berrien sorrera eta, beraz, lanpostu berrien sorrera” sustatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako, 7,3 milioi euro bideratuko ditu aurten ekintzailetza programara, iaz baino % 62 gehiago. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, egitasmoak 1.500 lanpostu inguru sor ditzake aurten —iaz 308 enpresaren eta 750 lanpostu sortzea bultzatu zuen—. Aste honetan onartu du diputatuen kontseiluak sail horretarako diru laguntzen zenbatekoa.
Programaren zati bat Txekin I eta Txekin II azpiprogrametara bideratuko da; aurtengo berrikuntzetako batzuk dira sail horiek. Lehenengoaren bitartez, aholkularitza eskaintzen zaie enpresa sortu aurretik bideragarritasun planak eta finantzaketa lortzeko bilaketak egiten dituzten ekintzaileei. Txekin II azpiprogramarekin, berriz, merkatuan gehienez bost urte daramatzaten enpresei marketin planak eta finantza azterketak eskaintzen zaizkie, besteak beste.
Aurretik martxan jarritako hainbat arlo ere bilduko ditu aurten programak. Indarrean jarraituko dute Txekintek egitasmoak —oinarri teknologikoa edo berritzailea duten enpresa berrien sustapena du helburu—, Barnetekin atalak —lanean dauden enpresetatik enpresa berriak sortzen laguntzeko—, eta Emekin programak —enpresen sorrera prozesuarekin konprometituta dauden emakumeei laguntzeko—.