Gatazka politikoagatik Euskal Herrian ezaguna den hiri batean bizi da Olaia Elortza (Lasarte-Oria, 1977), Ipar Irlandako hiriburuan, Belfasten —Beal Feirste gaelikoz—. Lau urte eta erdi daramatza han bizitzen. “Beti nahi izan dut ingelesa ikasi, eta lanik gabe gelditu nintzenean, hemengo kontaktu bat eman zidaten Lasarten. Orduan etorri izan ez banintz, ez nintzateke inoiz etorriko”, esan du Elortzak.
Irlandako iparraldera iritsi zenean, baina, ez zuen integratzeko arazo handirik izan: “Belfasten bizi ziren (eta diren) lagun batzuen lagunekin hasi nintzen bizitzen”. Kataluniako bi neska dira. Haiei esker hasi zen harremanak egiten: “Izugarri lagundu zidaten, eta, haiei esker, jende mordoa ezagutzeko aukera izan nuen: euskaldunak, katalanak, galiziarrak eta, nola ez, Belfastekoak. Oso lagun onak dira gehienak”.
Belfasteko eta Euskal Herriko ohiturak alderatzeko garaian alderik handiena otorduetan dagoela nabarmendu du Elortzak. Jatetxe batzuk izan ezik, Irlanda iparraldeko sukaldaritza “ez da munduko onena”.
Gobernuaren laguntzak
Euskal Herriarekiko beste alde nabarmenetako bat da hirian alokairuan bizi den jende kopurua. “Ez da oso garestia, eta gazte gehienak oso goiz joaten dira bakarrik edo beste norbaitekin bizitzera”, azaldu du. Gobernuak laguntza ematen die alokairuan bizitzeko, eta horrek asko laguntzen du, baina badu bere alde txarra ere: “Batzuk oso konformista daude alde horretatik, eta ez gazteak bakarrik, baita jende heldua ere”.
Haurrak izateko ere laguntzak ematen dizkie Ipar Irlandako Gobernuak, eta, horregatik, “oso goiz” ezkontzen dira Belfasteko gazteak. “Gehienek 30 urte bete baino lehenago izaten dituzte haurrak normalean”.
Ipar irlandarrei lan egitea “kostatu” egiten zaiela uste du Elortzak. “Izan dituzten arazoengatik izan daiteke hori… Baina ez pentsa lanik egiten ez dutenik!”, esan du, umorez. Belfasteko jendea gustuko du lasartearrak: “Beti jaso izan dut beraien laguntza eta babesa; beti edo ia beti daude laguntzeko prest, bai alde batekoak, baita bestekoak ere. Horrez gain, familia oso garrantzitsua da eurentzat”. Belfasteko hizkera oso ezberdina den arren, “ulertarazten saiatzen dira beti”. Hori bai, galdera pertsonal “gehiegi” egiten dituztela iritzi dio.
Gau giroari dagokionez, “lurrera erori arte” edaten dutela nabarmendu du. “Euskal Herrian asko edaten dugun ospea dugu, baina hemen are gehiago edaten dute; master bat dutela dirudi”. Hori gazteen zein helduen artean gertatzen dela ziurtatu du. Tabernak goizaldeko ordubatean ixten dituzte, eta, ondoren, house party-ak (jaiak etxeetan) egiten dituzte. Neska gazteen janzkerak ere atentzioa eman dio, “elurra egiten badu ere ia tapatu gabe ateratzen direlako”.
Gatazkaren zauriak
Hamarkada luzez jasan du unionisten eta errepublikarren arteko gatazka Ipar Irlandak, eta, bereziki, Belfastek. Ostiral Santuko bake akordioa orain dela hamabost urte sinatu zuten, baina, Elortzaren ustez, “gauza asko dago oraindik egiteko, zauriak zabalik daudelako”. Horrela, azken egunetan martxa orangisten karietara sortu diren istiluak jarri ditu adibide moduan. “Bake prozesua poliki doa, eta kosta egiten da, minak barruan jarraitzen duelako oraindik”. Loialista baino errepublikar gehiago ezagutzen ditu lasartearrak, eta nabarmendu du bi aldeetan bakea nahi duen jendea “gehiengoa” dela.
Kuriositate gisa, bi anekdota kontatu ditu Elortzak. Uztailaren 11tik 12rako gauean, suak pizten dituzte Ipar Irlandako unionistek. Su emateko prestatu zuten egur pila baten puntan, norbaitek eliza batetik lapurtutako Ama Birjinaren estatua bat jarri zuen. Beste batean, berriz, Irlandako bandera zelakoan, kolore berberak —baina alderantzizko ordenean— dituen Boli Kostako bandera bat jarri zuten.