Haurrak jazz musikara hurbiltzeko helburuarekin, Txikijazz egitasmoa antolatu dute aurten lehenengo aldiz. Uztailaren 26an, esaterako, haurrentzako kontzertu didaktikoa izango da Zurriolako terrazako agertokian. Musikaren bidez, jazzaren historia kontatuko diete lau eta hamabi urte arteko haurrei; Musikanaiz elkarteak antolatu du. “Haurrek emanaldian parte hartuko dute, jolastuz, kantatuz eta inprobisatuz”, azaldu du Musikanaizeko Sara Varasek. Hilaren 27an eta 28an, berriz, birziklatutako materialarekin musika tresnak nola sortu irakatsiko die Varasek hiru eta hamabi urte artekoei. “Danborrak, marakak, gitarrak eta abar egingo ditugu. Birziklatzea eta musika inprobisazioa ere landuko ditugu tailerrean”.
• Kontzertu didaktikoa. 10:15ean eta 11:30ean, Zurriolako terrazan.
• Dj Makalaren sorkuntza tailerra. 10:30ean eta 12:00etan, Frigo guneko agertokian.
• Crearte gunea. 11:00etatik 14:00etara, Zurriolako terrazan.
• Musika tresnak sortzeko tailerra. 11:00etatik 14:00etara, Frigo terrazan.
• Ipuin kontalaria. 12:00etan, Coca Cola gunean.
• Dj Loro. 12:00etan, Zurriolako terrazan.
• Fnac Junior Kluba. Hamaika urte arteko haurrentzako tailerrak egingo dituzte, eguerdietan, Frigo gunean.