Hautaketa proba igaro ondoren, Jazzaldian joko du Paul San Martin musikariak (Donostia, 1979); hilaren 26an izango da, Coca Cola gunean, Kursaalaren ondoan, 23:00etan. Dena den, ez da Donostiako Jazzaldian parte hartzen duen lehen aldia. Bost urtez jarraian jo du Stay Blues taldearekin batera. Aurten, ordea, bera bakarrik egongo da agertokian, pianoa eta ahotsa lagun dituela.
Kontzertu berezia izango da zuretzat Jazzaldikoa?
Kontzertua emateko egun eta ordu ona da ostiral gauekoa, eguraldi ona bada, behintzat. Esanahi berezia badu, nire hirian delako; kontzertu asko ikusi ditut umetatik, eta beti egiten du ilusioa. Gainera, honaino iristeko hautaketa prozesua igaro behar izan dugu, eta azkenerako pixka bat luze jo du; urte osoa pasatu dugu kontzertu bat eman ahal izateko. Inguruko taldeak Jazzaldian lekua egiten saiatzen gara. Hamabost talde aukeratu zituzten, eta gero, talde horiek hainbat kontzertu eman ditugu. Stay Blues-ekin ere prozesu bera pasatu genuen. Egia esan, hemengo taldeontzat aukera ona eta lagungarria da. Lehen ez zegoen horrelakorik.
Pianoarekin eta ahotsarekin bakarrik emango duzu kontzertua. Zure bakarkako lehen diskoa ere horrelaxe egin zenuen, duela bi urte.
Bai. Jendeak kontrakoa pentsa dezakeen arren, bakarrik aritzeak ez du krisiarekin zerikusirik. Aspalditik egin nahi nuen zerbait zen. Stay Blues taldearekin asko jo ondoren, etxean beti egiten dudan bezala egin nahi nuen: pianoa joz eta kantatuz. Diskoa atera ondoren, kontzertuak ere horrela ematen hasi nintzen. Arriskutsuagoa da, ni bakarrik nagoelako agertokian, baina aldi berean, interesgarria ere bada. Kontzertu bati bakarrik aurre egitean asko ikasten da.
Batez ere, lehen diskoko kantuak joko dituzu?
Denetik pixka bat egongo da. Diskoan oinarrituko naiz, baina abesti berriak ere izango dira. Bakarrik jotzeak askatasun handia ematen dizu; emanaldian bertan erabaki dezaket zer jo eta zer ez.
XX. mende hasierako doinuak jotzen dituzu gehien.
Bai, hori da. Blues eta jazz doinuak dira, baina, batez ere, musika zaharra gustatzen zait. Nire bi abesti ere joko ditut. Besteak, berriz, abesti zaharren egokitzapenak baino gehiago nire gustuko kantuen interpretazioak direla esatea gustatzen zait.
Laster, bigarren diskoa grabatzen hasiko zara. Nolakoa izango da?
Bai, abuztuan grabatuko dut. Aurreko diskoaren ildo beretik jarraituko dut. Lan hartan kanpoan gelditu ziren abestiak hemen sartuko ditut. Nire kanturen bat, instrumentalen bat eta kantatutako doinuak; batez ere, ahotsa eta pianoarekin.
Jazzaldiaz gain, Donostian eta Gipuzkoan kontzertuak emateko aukera izaten duzue?
Gero eta gutxiago. Dena oso geldituta dago. Lehen bazegoen tabernetan eta aretoetan kontzertuen zirkuitu bat. Duela hamazazpi urte, nire lehenengo taldean nenbilenean, ostiral arratsaldero kontzertuak izaten ziren Donostian. Batez ere, zirkuitu baten beharra ikusten dut.
Bost egun hauetan ez ezik, urte guztian ere behar dira emanaldiak?
Bai, jaialdi guztiekin gauza bera gertatzen da. Topiko bat den arren, egia da. Lau egun horietan mundu guztiari jazza gustatzen zaio. Baina gero, urte osoan zer gertatzen da?
Aurtengo Jazzaldia zer iruditzen zaizu?
Hiru kontzertu ez galtzen saiatuko naiz: Lee Konitz saxofonistarena da bat, klasiko baten kontzertua baita. Masada Maratoira ere joango naiz. Musika modernoagoari dagokionez, berriz, Diana Krallen emanaldian izango naiz, asko gustatzen baitzait. Horiez gain, beti aurkitzen dituzu kasualitatez gauza interesgarriak. Kontzertu asko daude, eta asko doakoak dira; horrek ez du esan nahi kalitate txikikoak direnik.