Sanferminak bukatu arren, Leonek eta Kastillok txupinazo eguneko ikurrina mintzagai izaten jarraitzen dute. Izan ere, azkenaldian epaileek ikurrina udaletxeetan bandera espainolaren mende jartzeko hainbat agindu eman dituzte, eta, hori dela eta, uda honetako festetan ere bandera-gerra ziurtatuta dago. Beraz, gaiak hor jarraitzen du.
—Ederra arrantzaleena! —hasi da Leon—.
—Ekintza bikaina —Kastillok—, baina gogaikarria ere bada bandera puta batengatik oraindik horrela ibili beharra.
—Bai; izan ere, gogaikarria ere bada mundua mundu denetik iraupenaren eta eskubideen alde borroka egin beharra —erantzun dio Leonek, sarkasmo nabarmenaz—.
—Banderak trapuak baino ez dira!
—…harik eta haize bolada batek astindu eta dantzan ipintzen dituen arte!
Harrituta begiratu dio Kastillok, ezagutuko ez balu bezala. “Leonek eta enparauek —pentsatu du— modernitatez janzten dituzte diskurtsoak, baina, deskuidatu bezain pronto, barruan gorderik duten abertzalerik klasikoena azaleratzen zaie”.
—Hara! Zu banderazale? Noiztik? —itaundu dio Leoni sarkasmoa txanpon berean ordaindu nahian—.
—Inoiz ez naiz banderazale izan, eta gorroto diot banderak nonahi eta, are, testuingururik xelebreenetan ere erabiltzeari. Baina asper-asper eginda nago, edo, nahiago baduzu, gogaikarria ere bada gero eta sarriago entzun behar izatea “denak berdinak dira” eta antzeko errazkeriak.
—Errazkeriak? Bandera guztiak, funtsean, berdinak dira, ordea! —tematu da Kastillo—.
—Bandera guztiak sinboloak dira, jakina. Baina sinbolo guztiek adiera bera ez duten bezala, bandera guztiek ere ez dute adiera bera. Stop eta Aparkatzea debekatuta dago zirkulazio seinaleak dira, biak ala biak, baina ez dute gauza bera esan nahi; beraz, ez dira berdinak. Banderak ere ez. Horren lekuko da ikurrina. Zergatik jazartzen diote Nafarroan Portugalgoari edo Kazakhstangoari jazartzen ez dioten bezala? Euskaltasunaren sinbolo delako, hots, ukatu nahi duten zerbaiten sinbolo delako. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin ofizialetan zergatik jarri behar da espainolaren mende? Euskal naziotasunaren sinbolo ere badelako, eta esanahi hori ezabatu edo “bere lekuan” jarri nahi dutelako, hots, espainolaren mende.
—Ja, baina doilorkeriarik doilorrenak beti bandera nazional batean bildu izan dira, eta hemen estatu baten sinbolo nagusiari estatua izan nahi duen beste zerbaiten sinboloa kontrajartzen zaio. Egun batez Euskal Herria independentea balitz, ikurrinak egun piperpotoak ordezkatzen dituen balio berberak edo oso antzekoak ordezkatuko lituzke.
—Beharbada, baina gaur egun inola ere ez. Beraz, bien bitartean, neurea ikurrina. Eta egun hori iritsiko balitz, eta, esaten duzun bezala, ikurrinak bere egingo balitu piperpotoak egun dituen balio gaitzesgarriak, agian nik neuk ere esango nuke: banderak trapuak baino ez dira, trapu zikinak, gainera. Guztiak berdinak… bandera pirata izan ezik!
“Izan ere —pentsatu du Leonek bere kolkorako—, horretara propio jarrita, inork baino modernoago eta guai-ago jokatzen ere badakit”.