Modari zuku guztia ateraz

Gizonentzako arropa egiten dut, baina emakumea dut buruan diseinuak lantzen hasten naizenean”. Kontraesana dirudi Roberto Lopez Etxeberriak dioenak (Eibar, 1976), baina argudio argiak ditu esandakoa defendatzeko: “Emakumeak jakin du gizonena zen arropa moldatu eta bereganatzen. Emakume batek oso femeninoa izaten jarraitzen du galtzekin edo esmokin batekin. Nik alderantzizkoa lortu nahi dut; betidanik emakumeenak izan diren arropak gizonentzat sortu, gizonak gizon izaten jarraituta. Gizonezkoen modak garapena izatea da nire helburua”. Eta hala sortu zuen Etxeberria arropa marka 2008an.

Eibartarrak Bartzelonan (Herrialde Katalanak) egin zituen moda ikasketak. Teoriarekin batera, praktikarako aukera iritsi zitzaion Serguei Povaguin diseinatzaile errusiarraren eskutik. Hain zuzen, 2005etik 2008ra arte aritu zen haren laguntzaile gisa lanean. Ondoren, bere bidea egiten hasi zen. “Emakumeentzako diseinuak egiten ditu Sergueik, eta ez nuen nahi haren bidea jarraitzen ari nintzela esan zezaten, edo haren ukitua antzematen zitzaiela nire arropei. Hortaz, nortasun propioa hartzea erabaki nuen, eta gizonentzako arropa egitea. Zerbait neurea egin nahi nuen. Bizitzan hartu dudan erabakirik onenetako bat izan dela uste dut”.

Etxeberria marka definitu beharko balu, ez du zalantzarik egiten: “Joskintza klasikoa da, berrikusitakoa. Gizonezkoen dotorezia diseinu ingelesean sortzen dela esan ohi da: gizon bat trajearekin, diplomazia marrarekin, alkandorarekin, atorrarekin… Hori da abiapuntua”.

Bost urtean, merkatuan tarte bat egitea lortu du Lopez Etxeberriak. Zazpi lagunek osatzen dute lantaldea, eta hainbat herrialdetan saltzen da haren marka. Gipuzkoan edo Espainian, ordea, batere ez, oraingoz: “Ez dut deus saltzen hemen. Nire arropak munduko hainbat hiritako saltokietan saltzen dira: esaterako, New Yorken, Parisen, Moskun, Hong Kongen, Sorrenton eta Stockholmen”. Kalitate handiko arropa da harena, eta onartzen du ez dela edonorentzat eskuragarria: “Larruak asko gustatzen zaizkit, baina beti material naturalak erabiltzen ditut. Ez da arropa merkea, eta Etxeberria jantzi bat nahi duenak, benetan nahi du jantzi hori, eta ordaindu egiten du”.

Pausoz pauso, Cibelesera

Ideiak argi, eta gora egiteko asmo sendoak ditu diseinatzaile gipuzkoarrak. Hainbat sari eskuratu ditu dagoeneko, baina poliki, eta hankak lurrean mantenduta egin nahi du aurrera: “Mundu honetan erraza da gaur goian egon eta bihar amildegitik behera erortzea. Ematen ditudan pauso guztiak aurrerantz eman nahi ditut”, azaldu du.

Marka sortu bezain laster hasi zen moda lehiaketetan parte hartzen. Bilboko Creamoda lehiaketan, esaterako, 74 lehiakideren artean bera izan zen garaile 2010ean. “Espainian dagoen lehiaketarik onenetarikoa da, eta hortik atera dira Carlos Diez eta Asier Tapia diseinatzaileak”.

Handik “pauso bat gehiago” ematea erabaki, eta Cibeleseko Ego lehiaketan sartzen saiatu zen. “Espainiako lehiaketarik garrantzitsuena da; jende askok parte hartzen du, eta hamar iristen dira finalera”. Berak lortu zuen han sartzea, eta ez hori bakarrik: “Aurreneko aldiz aurkeztu zen bilduma bat erabat gizonentzat”. Irabazi egin zuen lehiaketa, 2011n, bi bider: aurrena 2012ko udazken-negua bildumarekin, eta bigarrena 2012ko udako bildumarekin.

Emaitza horrek Vienan (Austria) eta Brooklynen (AEBak) desfilatzeko ateak zabaldu zizkion, eta lehiaketan berriz parte hartzeko aukera eskaini zioten. Baina berak beste helburu batzuk zituen buruan: “Inoiz ez nuen pentsatuko bi aldiz jarraian irabaziko nuenik halako lehiaketa bat, eta etapa hura amaitutzat eman nuen, beste pauso bat ematen saiatzeko”. Cibeleseko pasarelara sartzen saiatu zen. Handik kanpo hainbat bilduma aurkeztu ondoren, hango ateak ere zabaldu dizkiote aurten. “Paris Berlin Moscu bilduma aurkeztu dut, eta sekulako ezustekoa eragin du. Kritika bikainak jaso ditu”, iritzi dio.

Desfilatzeaz gain, saltzea

Nazioarteko moda azoketan jarri du arreta orain eibartarrak: “Moda ez da aldizkari bat bakarrik, sari bat irabaztea bakarrik. Moda industria bat da, eta industria gisara, saldu beharra dago, torlojuak saltzen diren gisan”. Florentziakoa (Italia) da azokarik garrantzitsuenetakoa, eta hiru aldiz hartu du parte han. New Yorken ere izan da. “Jendeari interesatzen zaio nire lana, eta nazioartean saltzeko aukera ematen dit horrek”. Ez dauka saltoki propiorik; beste marka batzuekin batera dago salgai Etxeberria marka hainbat herrialdetako dendetan. “Maila altuko dendetan daude nire arropak oro har. Ez daude denen eskura, lehen mailako materialak erabiltzen ditudalako, eta lana zeharo artisaua delako. Beraz, produktua garestitu egiten da”.

Orain, Paris Berlin Moscu bildumarekin ari da lanean, diseinuak prestatzen nazioarteko saltoki horietara bidaltzeko. Gizonen armairua berritu nahi du; horretan saiatzen da bere bilduma guztiekin: “XIX. mendetik aurrera, gizonen jantzitegia ez da garatu. Ahaleginak egin dira, baina gizarteak ez ditu ulertu. Gaultierrek 1980ko hamarkadan jarri zion gona bat gizonari, baina zenbat gizon ikusten dituzu kalean gonarekin? Nik nahi dudana da gizonek bere egitea emakumeen jantziak modu natural batean. Pausoz pauso, pixkanaka”. Elementu femeninoak sartzen dizkie bere diseinuei. “Zergatik izan behar du luzea, belaunetara artekoa, gizonezkoen gabardina batek? Gabardina bat jaka motz bihurtzen dut, bolero bat”.

Bere diseinuek nortasuna izatea da gauzarik inportanteenetakoa eibartarrarentzat: “Nire jantziak gehiago edo gutxiago gustatu, esan diezadaketen gauzarik politena da nire jantziei begiratuta nabaritzen dela Etxeberria marka direla, etiketa begiratu behar izan gabe”.

Denak balio du Lopez Etxeberriaren sorkuntza prozesurako. “Nik hasiera-hasierako apunteak ere begiratzen ditut, ideiak hartzeko. Emakumezkoen beroki baten nire diseinua moldatu, eta gizonezkoentzako berokia bihurtu da nire azken bilduman. Abiapuntua han dauka, gero gauza asko aldatu arren”, azaldu du. “Ideia baten gainean lan egitea gustatzen zait. Ideia hartu eta buelta bat ematea, eta bi, eta hiru. Ideia lantzea, berrikustea, aldatzea… Asko interesatzen zaidan zerbait da”, gaineratu du.

Jatorria gogoan

Bartzelonan bizi eta lan egin arren, Euskal Herrian izan da orain gutxi Lopez Etxeberria. Zarauzko Rezabal txakolindegian moda desfilea egin zuten hil hasieran, eta bertan parte hartu zuen. “Sorkuntzari lotutako egoerak elkartzea izan zen txakolindegiko jabeen asmoa, eta asko gustatu zitzaidan ideia”. Halako tokietatik deitzen diotenean “gustura” parte hartzen duela dio: “Batez ere, herritik deitzen badidate”.

Hain zuzen, herria eta herritarrak oso gogoan ditu. “Ideia asko kalean jasotzen ditut, edozein txoko eta momentutan. Inoiz izan den diseinatzailerik handienak ere, Cristobal Balentziagak berak, askotan jartzen zuen begirada kalean, hasieran bere Getaria jaioterrian bertan. Arrantzale estiloa hartu eta beste ikuspuntu bat eman zion bere diseinuei esker”. Lopez Etxeberriak ere toki askotara begiratzen du. Etxegabeen janzkera ere interesgarri zaio: “Arropak bata bestearen gainetik jarrita ikusten dira asko; hori oso interesgarria iruditzen zait”.