Dantzarekiko atsegina eta dantzatzeko musika sortu eta jotzearen gozamena da; jotzea eta dantza egitea, partekatu eta irakasteaz gain”, hala definitu du Aiko taldeak Dantzaldi ibiltaria egitasmoa. Urritik ekainera bitartean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainiko duten dantza ikastaroaren bidez, euskal folklorea biziberritu nahi dute, eta “herriko ospakizunetan zuen protagonismoa” itzuli nahi diote dantzari.
Dantza eta musika esparruetako irakaslez osatuta dago Aiko taldea, eta irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. Bertako kide dira, besteak beste, Aitor Furundarena soinujolea, Sabin Bikandi txistularia, Ainara Artetxe biolinista eta Jon Maia eta Larraitz Artetxe dantzari eta dantza irakasleak. Erromeria tradizionalek “ohiko izaera sozializatzailea” hartzea dute helburu. Horretarako, metodologia propioa baliatzen dute eskoletan, ikasketa prozesua musika eta dantzarekiko gozamen bihurtzen ahaleginduz. Horren bidez, “dantza era natural eta errazean” ikusarazi nahi dute, “konplexutasunik gabe”, eta “mundu guztiak praktikan jar dezakeen jarduera” dela diote.
Ikastaro egonkorrak tailer, mintegi eta erromeriekin uztartzen dituzte. Hala, “mailari edo trebetasunari erreparatu gabe”, beste zaleekin elkartzeko topaguneak eskaintzen dizkiete dantzazaleei. 2009an dinamika martxan jarri zutenetik, 2.000 lagunetik gora trebatu dituzte metodologia horren bidez. Aurten ere, dinamika berari jarraiki, soka-dantza, jota, porru-salda, balts, pasodoble eta halako dantzetan trebatuko dira izena ematen duten ikasleak.
Aurten, urriaren 10etik aurrera, ostegunero batuko dira aurtengo ikastaroan parte hartu nahi dutenak Viktoria Eugenia antzokian. Horrez gain, 2009tik Aikoren ikastaro eta mintegietan parte hartu duten guztiak omendu nahi izan dituzte, Iñaki Andres argazkilariaren Dantzazaleak erakusketaren bidez. 130 argazkik baino gehiagok osatzen dute bilduma, eta izenburuak “dantzaren mesedetan berreskuratu den publiko berriari” egiten dio erreferentzia. Datorren astelehenera arte ikusgai egongo da Donostiako Udal Liburutegian, eta ondoren ikastaroa eskainiko duten beste herri batzuetara eramango dute.
Dantza eta musika tradizionalerako hurbilpena egin nahi dutenek euren mailaren araberako taldean izena emateko aukera izango dute. Aurten, gainera, berrikuntza batekin datoz ikastaroak. Izan ere, ikastaroko “dinamika jostagarria” gertutik ezagutu nahi dutenei doan bertaratzeko aukera emango diete urrian. “Gero, inolako konpromisorik gabe, ikastaroan matrikulatu ala ez erabaki ahal izango dute”.
Ekintza osagarriak
Gune zehatzetan eskainiko dituzten ikastaro egonkorrez gain, bestelako ekintzak txertatu dituzte egitasmoan. Horien artean Aikok “dibertsio trinkoko” izendatu dituen hiru hilabetez behingo Dantza asteburuak daude. Larunbat arratsaldez eta igande goizez tailerrak eta mintegiak eskainiko dituzte asteburu horietan. Lehena Zarautzen egingo dute, azaroaren 9an eta 10ean. Aikok ostatu hartzeko aukera jartzen die bertaratu nahi dutenei, 80 euroren trukean. Tailerretara eta mintegietara soilik doazenek, berriz, 50 euro ordaindu behar dituzte.
Ikasteko aukeraz gain, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere ematen du Aiko taldeak. Izan ere, ikasturteari ekitearekin batera, Hileko erromeriak antolatzen hasiko dira. Horiek Durangoko Plateruena kafe antzokian egingo dituzte, eta jende guztiarentzat irekita daude. “Dantzaldi herrikoien jai giroa berreskuratzea” da Aikoren asmoa; askotan, gainera, “herri bazkariekin eta bestelako ospakizunekin batera” antolatu ohi dituzte.
Edonola ere, aurtengo berrikuntza garrantzitsua ekainaren 21ean egingo duten Dantza maratoia izango da. Ikasturtearen amaiera ospatzeko antolatuko dute, eta, Aiko taldekoen arabera, “hitzez hitz, gorputzak ahal duen bitartean iraungo du festak”.
Apustua indartuta
Donostian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere eskainiko dute aurten ikastaroa. Zehazki, Azkainen, Bilbon, Durangon, Galdakaon, Gernikan, Iruñean, Markinan eta Sopelan. Finantzaketan Kutxabankek parte hartuko du, eta Dantzazaleak erakusketa Bilbora, Gernikara eta Sopelara ere eramango dute. Herri horietara guztietara hedatuta, Aikoko kideek indartu egin dute musika eta dantza tradizionalekiko gozamena berreskuratzeko apustua. “Folklore baserritar eta landatarraren ideia hedatuaren gainetik, dantza tradizionalaren berezko ingurunea hiritarra izan da”, Aiko taldekoen arabera, eta horixe aldarrikatu nahi dute.
Lehen saioa ezarrita dago. Urriaren 10ean, Viktoria Eugenia antzokian batuko dira ikastaroko lehen saiorako. 18:30ean, oinarrizko dantza ikastaroa eskainiko dute lehen aldiz doazenentzat. Jadanik Dantzaldi ibiltariko partaide direnen eskola, berriz, 20:00etan hasiko da.
Leave a Reply