Usurbil
Herenegun ekin zieten Antzerki Ekintza taldeak antolatutako V. Topa Eszenika jardunaldiei Usurbilen. Urriaren 5era arte iraungo dute, eta asteburu honetarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte.
Arte eszenikoen formaziorako hurbilpena eta zaleen arteko elkar ezagutza dituzte ardatz aurtengo jardunaldiek. Aisialdiko ekintzez gain, hainbat tailer eta solasaldi antolatu dituzte Antzerki Ekintzakoek. Kultur eskaintza gisako ikuskizunen artean, pieza laburrak, talde berrien sorkuntzak zein gazte eta helduen erakustaldiak ikusteko aukera izango da, besteak beste. Horiek, Sutegi aretoan, Potxoenea kultur etxean eta Usurbilgo gaztetxean eskainiko dituzte.
Harrera familien istorioa
Gaurkoan, Dantza garaikidea tailerra eskainiko du Maider Oiartzabalek, Kukuka Lasarte-Oriako Antzerki eta Dantza Eskolako kideak Potxoenea kultur etxean 16:30etik 19:30era bitartean. Oiartzabal, harridura eragiten dion “nik dantzan ez dakit!” esanari erantzuten saiatuko da tailerraren bidez, egunerokotasuneko mugimendua ere dantza dela ulertaraziz.
Sutegi aretoan, berriz, harrera familiei buruzko kontaketa egiten duen Maddi eta Antton antzezlanaren emanaldia hasiko da 17:30ean. Antzezlan hori, Zuondoan egitasmoaren barnetik dator. Itziar eta Maite Elias ahizpek, Mikel Yerobik eta Esther Fernandezek gizartean “tabuak diren gaiak klixerik gabe eta baikor” plazaratu nahi dituzte, egitasmo horren bidez. Lehen lana Gu ere harrera familia gara dokumentala izan da; Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrarekin batera, Maddi eta Antton antzezlana ere sortu dute.
Amaitzeko, 20:15ean, Tolosako Bonbereneako Katiuska antzerki taldeak Katiusken erreinua antzezlana eskainiko du Sutegin.
GAURKO EGITARAUA
16:30. Dantza garaikidea tailerra Maider Oiartzabalen eskutik.
17:30. Harrerako familiei buruzko Maddi eta Antton antzezlana Sutegin.
20:15. Bonbereneako Katiuska antzerki taldearen Katiusken erreinua antzezlana Sutegin.
Leave a Reply