Pare bat hilabete eman dituzte batzuek beren anatomia ur ertzeko pasarelan erakusten edo beren gorputz lerdenak eguzkipean ikuskizun, brontzezko estatua, bihurtzen. Akabo! Bukatu zaie pagotxa, bukatu zaie kresalaren aroa. Orain gurea dator, barnekoi, sentibera eta lotsation aroa, garoarena: udazkena.
Urtaro batetik bestera ezin da, dena den, besterik gabe jauzia egin, erritoen laguntzarekin ez bada. Gazteagoak ginela, yoga, kontrol mentala eta ikasgai exoterikoak modan zirenean, norbaitek gomendatuta edo, errito bat asmatu nuen, mendiko kirolak indarrean diren honetan beharbada norbaiti baliagarri izango zaiona.
Udazkena iristean autoa hartu eta Izarraitz atzera igotzen nintzen eta arropak erantzi ondoren Aittolako gurutzetik behera dauden garo sailetan sekulako korrika saioa egiten nuen biluzik, oinetakoak kendu gabe, noski.
“Zergatik garo artean?”, galdetuko du norbaitek. Izadian murgiltzeko modu bat zelako, pentsatzen dut, Getaria-Zarautz igerian egitearen parekoa, baina lehorreko bertsioan. Mendiko nudismoaren aurrekari ere izan nintzen, dena esan behar bada. Kontua da udazkena indarrarekin hasten nuela, sasoi honetan baitago garoa ederrenik eta seguru nago paradisuan ere antzera ibiliko zela Adan, maratoilari bat entrenatzen bezala, “non sartu zara, Eva?”, deiadar eginez.
Ordurako irakurriak nituen Txomin Agirreren bi nobela kanonikoak, Garoa eta Kresala, Kantauri itsasoko Euskal Herriaren sinbolo diren horiek, lehorrekoena bata, kostakoena bestea, eta kostan bizi nintzen arren, udazkenean garoarekin identifikatzen nintzen.
Garoa aipatu eta kontakizun eskatologiko samar bat datorkit gogora. Behin kontatu zidaten bazela Azkoitian mutilzahar bat diru pixka bat zuena eta, noizean behin, gurari hori etortzen zitzaionean, taxi bat hartu eta Azkarate gainera joaten zela, garo artean bere egitekoak egin eta etxera itzultzeko. Ez dut esango sexualitatea oso garatua zuenik, baina bai gustu ona zuela.
Askotan pentsatu izan dut limoiaren, pinuaren edo izpilikuaren lurrina sprayetan sartzera dedikatzen diren fabrikek nola ez duten garoarena ere sartzen, dotoretasunean eta finezian beste guztiei irabazten baitie.
Baina aspaldiko kontuak dira horiek. Aittola inguruko garo sail horietan norbait biluzik korrika ikusi dutela entzuten baduzue, ez gaizki pentsatu; zin egiten dizuet ez naizela ni izan.
Egutegi politikoak ere baditu bere aroak eta erritoak. Aurtengo uda bukaera bi gertakarik, bi ikuskizunek, markatu dute. Lehena auzo lotsa pixka batekin jarraitu nuen, eta bozkario ez gutxirekin, dena esan behar bada. Madrilgo ordezkaritzak olinpiadetako hautagaitza aurkeztean egin duen ridikuluaz ari naiz. Eta txanpona ifrentzua bailitzan, Diada egunean katalanek eman duten erakustaldiak hunkitu ninduen erabat. Bizitzan gertakari politiko gutxik hunkitu naute horrenbeste.
Baina itzul gaitezen gure erritoetara, udazkenari hasiera emateko bai baitago beste bat, klasikoagoa: Ernioko burdinena. Gure aitonari hantxe desagertu zitzaion hilabetetan gainetik kendu ezinik zerabilen gerritako mina. Burdinazko uztai horiek mila gaitzen kontrako erremedioa izan daitezke, baina ez dute nonbait gerri bueltak mehetzeko indarrik. Kontuz ibili, beraz. Ikusita nago uztaia pasatzen hasi eta erdi bidean ez atzera eta ez aurrera geldituta ibilitakorik.
Leave a Reply