Zenbait udaletan amaitu dute dagoeneko gizarte larrialdietarako dirua, eta Eusko Jaurlaritzak baieztatu du ez duela diru gehiago jarriko, ez daukalako. Behin diru sail horiek amaituta, udalak ez daude derrigortuta laguntza hori ematen jarraitzera, baina bide hori hartu dute askok.
Ordainketak egiteko behar beste baliabiderik ez eta horren ondorioz “kalte itzulezinak” jasateko arriskua dutenei ematen zaie larrialdiko gizarte laguntza. Jaurlaritzak zenbait kontzeptu definitzen ditu, eta zertarako eta zenbat diru emango duen erabakitzen du: hipoteka edo alokairua, hondatutako etxetresna elektrikoak eta argindarra eta antzeko fakturak ordaintzeko balio dute gizarte larrialdietarako laguntzek. Dirua ere Jaurlaritzatik ateratzen da, harena baita eskumena, eta herri bakoitzaren biztanleriaren eta pobrezia mailaren arabera finkatzen ditu laguntzak. Horiek jendeari helaraztea udalen ardura da, eta udal irizpide propioak sor ditzakete diru hori banatzeko.
Krisiak gero eta familia gehiago utzi ditu beharrean, eta Jaurlaritzak laguntza horietarako jarritako dirua ez da nahikoa. Abuztuan zenbait udalek jakinarazi zuten 2013an banatzeko dirua bukatu zaiela dagoeneko, eta legez horretara derrigortuta egon ez arren, euren dirutik jartzen hasi direla. Udal guztiak ez daude egoera berean. Batzuen eta besteen errealitatea ezagutzeko, hainbat herritako kasuak aztertu ditu Gipuzkoako Hitza-k.
1. Arrasate
Urte osoan laguntzak bermatzeko bereizitako dirua erabiltzen hasiak dira Arrasaten. Udalari 128.165,25 euro eman zizkion Jaurlaritzak, baina, aurreko urteetan gertatu gisa, diru gehiago beharko zutela sumatu, eta udalak nahita gorde zuen 350.000 euroko kopurua zeregin horretarako. Azken horretatik, 254.000 euro konprometituak dituzte dagoeneko, urte osorako onartu dituzten laguntzetan, eta horietatik 151.246 euro ordaindu dituzte jada.
Azken hiru urteetan Jaurlaritzak emandakoa baino diru gehiago behar izan dute Arrasaten eskaera guztiei aurre egiteko, eta, kasu guztietan, laguntzak eman dituzte. “Derrigortuta ez gauden arren, guretzat laguntza hauek bermatzea lehentasunezkoa da”, dio Amaia Larrañaga gizarte zerbitzuetako zinegotziak.
2. Donostia
Abuztuan amaitu zen gizarte larrialdietarako diru laguntza Donostian, Tere Barrenetxea teknikariak azaldu duenez. Jaurlaritzak 1.182.857,35 euro eman zizkion hiriburuari zeregin horretarako, eta uztail erdirako emanak zituen 1.284.000 euro. Hau da, 100.000 euro jarriak zituen ordurako, eta, urtea amaitzeko, bere dirutik jartzen jarraituko du Donostiako Udalak: “Diru hori amaituta, udalak erabaki dezake laguntzak etetea, edo hemendik aurrera banatzen direnak gutxiagotzea”. Barrenetxeak azaldu duenez, Jaurlaritzak emandako dirua amaitu egingo zela konturatu zirenean, udalean galdetu zuten ea hortik aurrera laguntza eske joaten zirenei laguntza txikiagoa emango zieten edo ez. Erantzuna ezezkoa izan zen: laguntzak ordura arte bezala bermatzea erabaki zuten, diru hori udalaren poltsikotik aterako zela jakinda ere.
Jaurlaritzak “atea gehiago edo gutxiago” zabaltzen duen, horren arabera eskaera gehiago edo gutxiago izaten dira. Barrenetxearen arabera, pixkanaka hazten doa laguntza hori eskatzen dutenen kopurua, baina garrantzitsua iruditzen zaio kontuan hartzea gastatzen denak “zerikusi zuzena” duela herritarrei aitortzen zaizkien eskubideekin: “Aitortzen dituzun eskubideen arabera, diru gehiago edo gutxiago gastatuko duzu”.
3. Errenteria
289.706,50 euro eman zizkion Errenteriako Udalari Jaurlaritzak, eta maiatzaren amaierarako, 145 euro soilik geratzen zitzaizkion. Jon Txasko gizarte gaietarako zinegotziak baieztatu duenez, beste 150.000 euro inguru jarriko ditu aurten, guztira, Errenteriak: “Baztertuak geratzeko arriskuan daudenen eta baztertuta bizi direnen egoera arintzeko erabili dugu, batik bat, diru hori”. Txaskoren arabera, larri dauden familiei laguntzea da udalaren helburu nagusia, etxe kaleratzeak saihestea, kasurako: “Urte hasieran Jaurlaritzak definitutako kontzeptu guztietan eman genituen laguntzak, baina diru hori amaitzen ari zela ikustean, batez ere, etxearen alokairuarekin edo hipotekarekin lotutako eskaerak markatu genituen lehentasunezko gisa”.
Hala, ekainetik aurrera, gainontzeko laguntzak eten zituzten, etxerik gabe gelditzeko arriskuan zeudenei laguntzeko. “Ahalegin handia” izan arren, laguntzak ematen jarraitzea “merezi du” Txaskoren ustez: “Udalaren egoera ekonomikoa ez da batere ona, baina ezin diegu bizkarra eman larri dauden familiei”. Errenterian ere nabaritu dute eskaeren gorakada —aurten 384 eskaera onartu dituzte jada—. Gorakada handiena etxebizitzaren alokairua edo hipoteka ordaintzeko eskaeretan izan dutela azaldu du Txaskok.
4. Ordizia
79.051,05 euro eman dizkio aurten Ordiziako Udalari Jaurlaritzak, gizarte larrialdiko laguntza gisa banatzeko. Ezer banatu baino lehen, Jaurlaritzak ezarritako diru laguntzei jarraiki urte bukaerara iritsiko ote ziren aurreikusi zuten Ordizian, Jone Herrero gizarte zerbitzuetako langileak jakinarazi duenez: “Eskatzaile posibleen eta banatu beharreko kopuruaren arteko kalkulua eginda, bagenekien Jaurlaritzak emandako diruarekin ez ginela urte bukaerara ailegatuko”. Izan ere, Jaurlaritzak kontzeptu bakoitzeko gehieneko diru kopurua ezartzen du, baina udalek irizpide propioak gara ditzakete laguntza horiek banatzeko: “Gure kalkuluen arabera, apirilean jada dirurik gabe geratuko ginateke, eta eskaera egin zezakeen orori laguntza bermatzeko, kontzeptu bakoitzerako ematen den diru kopurua murriztea erabaki genuen”. Beraz, kopuru txikiagoa eman arren, “eskatzen duten guztiengana heltzea” lortu nahi dute.
Herrerok dioenez, Jaurlaritzak udalei jakinarazi zien urte hasieran ez zirela diru sail horiek handituko, eta “udalen egoera ez denez oso ona”, irizpide propioak aplikatzea erabaki zuten Ordizian. Herrerok dioenez, “murrizketa nahiko zorrotzak” egin dituzte, baina, horri esker, oraindik ez dute amaitu 2013an banatzeko jasotako dirua: 5.000 euro inguru geratzen zaizkie oraindik.
Laguntza horientzako diru saila amaituko balitzaie, ez litzateke lehenengo aldia izango. “Kasu horretan, udalak bi aukera ditu: aurrekontuetan beste gai batzuetarako gordetako dirutik hartzea, edo behin bukatu ostean, laguntza eske datorrena ezer gabe uztea. Gure kasuan, beti erantzun diegu laguntza eskatu dutenei”.
5. Urretxu
Bukatu dira, Urretxun ere, larrialdiko gizarte laguntzak. Gauzak horrela, laguntzak ez etetea eta udalaren diruarekin eskaerei erantzuten jarraitzea erabaki dute, Iñaki Arriaran gizarte langileak azaldu duenez: “Beste alor batzuetarako gordeta zegoen diruarekin ari gara eskaerei aurre egiten”. Jaurlaritzak 39.709,20 euro eman zizkion Urretxuri, eta urtea bukatzerako beste 15.000 euro jarri beharko dituztela baieztatu du Arriaranek. Laguntzak banatzeko, udal irizpide bati jarraitu ohi dio Urretxuko Udalak: “Jasotako eskaeren artean, lehentasunezkoak direnak banatzen ditugu lehenengo, oinarrizko beharrei lotuak, eta, adibidez, etxetresna elektrikoak berritzeko edo antzekoetarako laguntzak urte amaieran banatzen ditugu, gelditzen den dirutik”.
Ez da lehenengo aldia Urretxun larrialdiko gizarte laguntza amaitu zaiena: “Denetik ezagutu dugu. Batzuetan ez dugu jasotako diru guztia banatu, eta hori itzuli egiten zaio Jaurlaritzari, baina amaitu zaigunetan udalak bere dirutik jarri du eskaera guztiei erantzun ahal izateko”. Aurten, baina, eskaerek gora egin dute: “Urte hasieran iazko jende bera etorri zen, baina gerora jende berria ere etorri da”. Urte hasieran 33 lagun joan ziren udalera laguntza eske, eta dagoeneko 41i eman diete laguntza. Eskatzaileak, gehienbat, emakumeak direla dio, “eta batzuek kontrakoa pentsatuko duten arren”, Euskal Herrikoak direla. Eskaeren gorakadak legediaren aldaketarekin zerikusia duela dio Arriaranek, eskuratzeko baldintzak malgutzearekin bat, jende gehiagok baitu laguntza horiek eskatzeko eskubidea.
6. Villabona
Uztailean bukatu zuten Villabonan Jaurlaritzak emandako gizarte larrialdietarako dirua, hau da, 41.208,30 euroko diru saila. Dena den, udalak zerbitzu horretarako propio gordetako diruari esker, laguntza banatzen jarraitu du ordutik, gizarte zerbitzuetakoek jakinarazi dutenez: “Egoera zaila eta Jaurlaritzaren murrizketak aurreikusita, udalak aurrekontuetan diru sail handiagoa bereizi zuen, baliabide gutxien duten herritarrak babesgabe geratzeko arriskua zegoelakoan”. Villabonako Udalak baieztatu du urtea amaitzeko nahikoa izango dela gizarte larrialdiko laguntzetarako udalak gordetako dirua, eta politika sozialak lantzen jarraituko duela.
Leave a Reply