“Astean behin biltzen ari gara Hernaniko Bertso Eskolan. Plazan bertsotan modu batera aritzen zara, eta txapelketak nahi gabe ere beste erregistro batean jartzen zaitu. Trantsizio hori norberak landu behar du. Helburua denborarekin aldatu egiten da. Orain, askoz heldutasun gehiagorekin sentitzen naiz, eta, egia esan, gustura; momentu onean harrapatzen nau, ilusioz nago eta nahiko nuke orain arteko txapelketa onena aurtengoa izatea”.
“Aurten berez txartelik ez nuen txapelketan aritzeko, baina baja bat egon da, eta aukera hori eman didate. Gutxienez astean behin elkartzen gara kuadrillan, eta azken hilabete honetan astean bitan elkartzen saiatzen ari gara. Hernanitik Tolosarako autoko joan-etorrian aritzen naiz, baina bi ume txiki edukita, ez da erraz-erraza. Baina ilusioarekin ari naiz. Ez diot helburu handirik jarri neure buruari; hala ere, lehenengo fasea denok pasatu nahi dugu. Gero, gerokoak”.
“Hernaniko Bertso Eskolakoekin oraintxe hasi gara astean pare bat aldiz biltzen, eta horrelaxe ari naiz prestatzen txapelketa; gainerakoan ez dut denbora askorik. Aurreneko txapelketetarako denbora gehiago hartzen genuen; orain, ahal dena egin eta aurrera egiten dugu. Oso gogoko dut ibiltzera joan eta bertsoa lantzea. Nire helburua ahalik lan onena egitea da, eta txapelketa baino gehiago, bertsotan jarraitzea da helburua, hari hori erabat ez galtzea”.
“Inoiz ez dut oso ondo jakin izan nola prestatu txapelketa bat, hori da lehen arazoa. Bigarrena, betikoa, denborak eta gauza askok lotzen zaituztela. Batez ere lagunekin bertsotara biltzen naiz, kantatutakoaz hitz egin eta kezkak eta ideiak partekatuz. Bertsoa eta txapelketa beti buruan izaten ditugu, eta ikusten dut badudala zer zuzendua oraindik. Helburua, berriz, bertsotan ondo egitea izaten da beti, bertsotan gozatzea ematen ari naizenarekin. Postuak, berriz, ez nau gehiegi itsutzen”.
“Oraindik pixka bat urrun ikusten dut txapelketa, baina Hernaniko Bertso Eskolara joaten hasiko naiz pixkanaka. Gainera, aurten zazpi bagara, eta hori ederra da. Helburua, esaten erraza da, egiten zailagoa. Bertsotan ahalik eta ondoen egitea da helburua, eta aurreko mailatik ahal bada pixka bat areago, eta beste koska bat estutzea. Ahalik eta maila onena ematea. Nire kasuan saio bakarra izango da, eta nik nire lana eta zortzion artean ahalik saio ederrena osatzea dut helburu”.
“Nahi baino gutxiago ari naiz prestatzen. Normalean batik bat Iñaki Zelaia, Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta laurok elkartzen gara, txapelketa prestatzen ari garenon artean, esan nahi dut. Ezer berezirik ez dugu egiten, ondo pasatu. Txapelketatik gehien gustatzen zaiguna hori da, elkartu eta ondo pasatzea. Helburua, emaitzari begiratuta, ederrena litzateke fase bat pasatzea, txapelketan parte hartu izanaren sentsazioa edukitzeagatik. Bertso mailan, ahalik ondoen egitea dut asmoa”.
“Oiartzunen ari naiz prestatzen, Jon Martin eta Alaia Martinekin, eta Hendaiara ere hurbiltzen gara, eta Odei Barroso eta Eneritz Zabaleta ere hantxe biltzen dira. Koadernoko lana egiten ari naiz batetik, egunkariak irakurriz, gaien inguruan ideiak pentsatuz, errimak landuz, eta, bestetik, denok batera txapelketako ariketak egin, hausnartu egindakoaz… Helburua, berriz, oholtzan eroso sentitzea da. Askotan lotu samar sentitu naiz, ezin gozaturik kantatzen, eta aurten hori lortu nahi nuke”.
Leave a Reply