Oholtzan bat, sokan beste sei

Hernaniko Bertso Eskolako kimu berriak adi-adi egongo dira hemendik eta abenduaren 15era arte. Eskolaren bueltan sarri-sarri ikusten dituztenetako asko animatu dira Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzera, eta ez da nolanahiko tropa ariko kantuan, gainera: Maialen Lujanbio txapelduna, Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, Iñaki Zelaia, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi igoko dira oholtzara. Bakarkako lana dago han, oholtzaren gainean. Taldekoa, berriz, atzean. Horixe azpimarratu dute denek, elkarren artean aldez aurretik ados jarri izan balira baino irmoago.

Eskolako labekada oparoeneko kide askok hamabost-hogei urte inguru daramatzate estuki lotuta, bertso munduak hasitako harremana lagun artekoa bilakatuta. Txapelketa Nagusia ere elkarren babesean prestatzen ari dira asko. Maialen Lujanbio da horietako bat. Euskal Herriko txapelduna oraindik ez da bertso eskolara joan, baina horretarako asmoa du. “Sekulako luxua da. Gu plazaz plaza aritzen gara, baina bertso eskolako nukleo batek beti herrian jarraitzen du, eta beti baduzu norengana jo, norekin partekatu zaletasun hau. Bai Hernanin, bai toki pila batean nukleo hori etengabe mantentzea, bizirik, foko handirik eta txalo handirik jaso gabe, baina hortxe astero-astero, hori benetan luxua da”. Hortxe Lujanbiok eskolari eginiko omenalditxoa, prosan bildua, kasu honetan.

1970eko hamarkadakoak dira Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi ez beste guztiak. Lujanbioren oroitzapenak, esaterako, laguntasunarekin lotuta daude erabat: “Ez nintzen astero joaten zenetakoa. Eta joaten nintzenetan, lagunarte bezala gehiago erakartzen ninduen. Lehen ere bai eta orain ere bai, bertso eskola batez ere bertsoaren bueltako lagun talde oso trinko eta aberats bezala bizi izan dut”. Ildo beretik, Jexux Mari Irazu: “Beti Hernaniko taldean lantzen genituen txapelketa guztiak, talde giro oso ona egon izan da beti, eta horrek asko laguntzen du. Ardurak, lanak, gozamenak eta tristurak partekatzea babes handia da, bide hori egiteko laguntza handia. Alde horretatik, oso gustura ibili naiz”.

Hasierako giroaz oroitzen da, berriz, Aitor Mendiluze. “Hernaniko kultur etxea den horretan elkartzen ginen ikaragarrizko ikasle pila, nik 9 urte inguru nituenean. Lurrean, armairu gainean, ahal moduan biltzen ginen Juanjo Uriarekin. Oso giro polita zen guretzat”. Ikasle hasi eta irakasle jarraitu zuen Mendiluzek, eta azkenik bertsotan aritzeko eta lagunekin zaletasuna partekatzeko tokia bilakatu da bertso eskola harentzat, gainerako gehienentzat bezala. “Ahal den neurrian mantentzen dugu harremana bertso eskolarekin, saiatzen gara astean behin biltzen, eta orain, txapelketarekin, astean bitan ere bai”, azaldu du. Hala ere, zerbaitek markatu baditu “bertso eskolako giroak” markatu dituela argi du Mendiluzek.

Iñaki Zelaiarentzat “oso esperientzia ona” izan zen bertso eskola haurtzaroan eta gaztaroan: “Bertsotan aritzeaz gain, lagun kuadrilla bat egin genuelako”. Iraun duen laguntasuna, haren esanetan ere: “Orain txapelketa prestatzen ari garenak duela hogei urte eta lehenago ere elkarrekin geunden”. Irteera eta saio asko egiten zituzten bertso eskolan, eta bitxikeria asko gogoratzen ditu: “Behin, esaterako, Basauri inguruko herri batetik deitu ziguten bertsotara joateko. 15 urte inguru genituen, eta gai-jartzaileak gaztelaniaz egin zigun uneoro, gaiak euskaraz jarri arren. Gogoan dut Unai Agirreren lehengusu errezildar bat gurekin joana zela, eta ia bihotzekoak eman zion hura ikusita”. Beste behin, “Donostiako auzo batera joan Mendiluze eta biok, eta 1x1eko mahai txiki baten gainean, telefonoaren mikrofono batekin aritu ziren bertsotan”.

“Hernanin horrenbeste izateak asko lagundu zigula uste dut”, iritzi dio Unai Agirrek. “Lan handia egin zuten bertso eskola sortzen Hernaniko bi ikastoletan. Gure ikastolan, Juanjo Uriak lan handia egin zuen: irrikia piztu, eta dena martxan jarri zuen. Baina hortik aurrera ona izan duena da belaunaldien arteko harremana egon dela, eta hortik asko ikasten da”, azaldu du. “Umetan hasi ginen; afizio handia dugu, eta gehiago edo gutxiago, hor jarraitzen dugu, bertso eskolaren bueltan. Txapelketak askotan aitzakia dira sarri biltzeko eta hor jarraitzeko”.

Hamarkada bateko tartea

Hamarkada bat geroagokoak dira Gaztelumendi eta Laburu. Hala ere, “nagusiagoen aldetik beti babes handia” sentitu dute, Gaztelumendiren iritzian. “Gogoan dut gu oso gaztetxoak ginenean, txapelketaren bat zenean, Maialen eta Aitor etortzen zirela txapelketa prestatzera. Entzuten uzten ziguten, eta niretzat ikaragarria zen hori. Eta beraien umiltasuna sekulako irakasgaia izan da niretzat. Gainera, gu lehiatzen hasi ginenean, beti beraien ateak zabalik aurkitu izan ditugu”.

Beste bertso eskola batzuetan ibilia zen Gaztelumendi, eta 11 urte ingururekin Hernanikora iritsi zenean gauza berezia aurkitu zuen: “Bertsotako teknika ikastera mugatu izan ginen besteetan, eta Hernanik inguru oso bat eta lagun kuadrilla bat eman zigun, eta giro hori denok sentitu izan dugu, eta oraindik saioetara joaten garenean, denok taldeko sentitzen garela uste dut”.

Besteek ez bezala, lehenengo aldiz parte hartuko du Txapelketa Nagusian Agin Laburuk. 14 urterekin hasi zen Hernaniko Bertso Eskolan. “Desiatzen egoten nintzen ostirala iritsi eta bertso eskolara joateko. Lagun giroa zegoen, eta oso ondo pasatzen nuen. Gorka Tolosarekin, esaterako, oso-oso ondo ibiltzen ginen. Asko motibatzen gintuen”. Kasualitatez edo, zehazkiago esateko, praktikotasunagatik hasi zen Hernanin. “Astigarragan ez genuen bertso eskolarik, eta Oiartzunera edo Hernanira joan erabaki behar nuen. Autobus zerbitzu egokiagoa nuen Hernanira, eta halaxe hasi nintzen. Oiartzunen hasi izan banintz, seguruenez bertsokera desberdina izango nukeen”. Laburuk ez daki nola azaldu zer duen berezi Hernaniko bertsokerak, baina Mendiluzek dotore esplikatu du: “Bertso eskola bakoitzak du bere nortasuna, eta gurean beti esan izan da bertso molde bat gustatzen zaigula orokorrean. Uste dut guri bertsokera bizia gustatu izan zaigula beti; neurri txikitako ariketak, puntu-erantzunak, ofizioak eta halakoak. Garrantzi handia eman izan diogu beti gauzak esateko moduari: hitz joko bereziak, esaera politak eta halakoak”.

Lujanbiok ere badu horri buruzko iritzia: “Hernanin, nire ustez, argi dago bertsolaritza oso bizia izan dela betidanik. Txirrita, Pablo Txikia eta halako lehengo bertsolarien presentzia eta ondarea oso presente egon da gure bertso ikaste eta bertso munduan murgiltze eta zaletze horretan. Eta gure bertso eskolaren izaera horrek markatu duela uste dut”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.