Pobreziaren aurka egiteko, Behatokia

Maiatzean jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Pobreziaren inguruko Behatokia sortuko duela, gizarte bazterketaren inguruko indizeak kontrolatu eta pobreziaren kontra Foru Administrazioak martxan jarritako politiken eraginkortasuna neurtzeko. “Kolektibo jakin bati dagokionez hutsuneren bat antzematen denean, esku hartze zehatzak bultzatu ahal izango ditugu, eta, horrela, eraginkorragoak izan”, azaldu du Ander Rodriguez Gizarte Gaietako diputatuak.

Pobrezia eta bazterketa sozialaren inguruko inkesta egin zuten 2012an, eta bi urtetik behin errepikatuko dute. Iaz egin zuten lehena, eta, emaitzen arabera, 120.000 lagun pobre izateko arriskuan bizi dira, eta horietatik 30.000k baino gehiagok pobrezia larria pairatzen dute: gazteak, etorkinak, emakumeak eta euren kargura seme-alabak dituzten familiak dira, batez ere. “Arduratuta” daude haur pobrezian izaten ari den hazkundeagatik, “euren kargura adingabeak dituzten pertsonak pairatzen ari diren egoera latzaren adierazgarri baita”.

Aldagai ekonomikoaz gain, beste batzuk ere kontuan hartuko dituzte inkesta horiek: osasuna, gizarte harremanak eta arrisku kolektiboetako kide izatea, kasurako: “Errealitatea neurtzeko eta haren bilakaera aztertzeko datuak edukitzea ezinbestekoa da, batez ere egun dugun sistemaren krisiaren pareko garaietan”.

Rodriguezek azaldu duenez, aurreko legealdian ez zegoen Gipuzkoako pobreziari buruzko datu zehatzik: “Esparru geografiko zabalagoetan egindako ikerketatik ateratako kalkulu batzuk bakarrik zeuden, eta, hain justu, datu falta horrek bultzatu gaitu tresna berria sortzera”. Gizarteratzeko zerbitzua legealdi honetan garatu eta hobetzeko asmoz, besteak beste, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza sortu du aldundiak, baita Mendekotasuneko Legearen diru sailak zabaldu ere: horretarako, %18 handitu dute azken bi urteetan laguntzetarako aurrekontua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.