30 urte korrika, eta gaztetuz

Datorren astean egingo dute Arrasate-Oñati Lasterketa; urtero bezala, urriko bigarren asteburuan. Aurtengoa berezia izango da, ordea. 30. aldiz egingo baitute proba. Orain 31 urte antolatu zuten lehenengoz, baina orain bost urte ez zen egin, eta 2010. urtetik antolatzaile berriak ditu: Antxintxiketan Kirol Elkarteko kideak. Haize berria izan da hori; bultzada indartsua eman dio probari Oñatiko taldeak, eta inoizko sasoirik onenean iritsi da urteurrenera. Hala aitortu du Asier Osinagak, Beitia kirol elkarteko kideak. Dena den, aurreko antolatzaileen lana ez du ahaztu nahi, eta aurreratu du probaren egunean “omenaldi xume bat” egingo dietela sorrerako antolatzaileei eta baita Laixan euskara elkartekoei ere. Izan ere, 30 urtean hainbat antolatzaile izan ditu probak.

Zenbait berrikuntza izango du aurtengo lasterketak. Esaterako, “ibilbidearen zati bat bidegorritik” egingo dute parte hartzaileek aurten lehenengo aldiz. “Oñatiko eta Arrasateko udalen eta aldundiaren laguntzarekin bidegorri sarea osatu da Oñatin, eta parte batzuk oso egokiak dira korrikalariak nahiz patinatzaileak bertatik igarotzeko”. Aldaketa horiek patinatzaileentzat onuragarriagoak direla uste du Osinagak: “Aurtengo zirkuitua erosoagoa da motel doanarentzat zein azkar doanarentzat. Izan ere, aldapatxo bat edo beste saihesten da bidegorritik joanda, eta gelditzerakoan asko igartzen da hori”.

Herri lasterketa gisara sortu zuten, eta bide horri jarraitzeko asmoa dute antolatzaileek. Helburu xumeekin, baina lasterketak beste horrenbeste urtez irauteko asmo indartsuarekin, era berean. Gainera, Osinagak azpimarratu du 10 kilometroko lasterketak korrikalari ezagunak ere erakarri izan dituela. “Diego Garcia zenak lau aldiz irabazita du lasterketa hau. Hona etortzen zenean, artean ez zen hain ezaguna, herri lasterketetan hartzen zuen parte gehienbat garai hartan. Asier Cuevasek ere lautan irabazi du lasterketa, eta hor dago Yeray Varela korrikalari oñatiarra bera ere”.

Euskaratik, atletismo sailera

Osinagak gogoratu duenez, Arrasate-Oñati Lasterketa sortu zenean ez ziren ohikoak herri lasterketak. “Orduan korrika aritzen zirenak zorotzat hartzen zituen askok”. Egoera horretan hasi zen lanean “Oñatiko talde bat, gehienbat atletismozaleak, dozena bat lagun inguru”. Babesle nagusi moduan Zahor izan zutela azaldu du, eta Arrasateko eta Oñatiko udalekin adostuta atera omen zuten aurrera proba. “Arrasateko portaloitik atera, Oñatira heldu, eta amaitu egiten zen lehiaketa hasiera hartan. Orain, plazara iritsi eta alde zaharretik buelta ematen zaio. Ikusgarritasuna lortu nahian luzatu ziren 500 metro horiek”. Osinagaren esanetan, urteak pasatu ahala indarra hartuz joan zen lasterketa, baina 12-15 urteren buruan, antolatzaileek ezin izan zuten jarraitu. “Laguntza eskatu zuten proba antolatzen jarraitu ahal izateko, eta, azkenean, Laixan Oñatiko euskara taldeak hartu zuen ardura hori bere gain”.

Antolatzaile berriek egunez aldatu zuten proba, igande goizetik larunbat arratsaldera pasatu baitzuten. Hala ere, maiatzeko bigarren asteburuan egiten jarraitu zuten.

Hainbat urtez proba antolatu ondoren, orain bost urte bertan behera geratu zen lasterketa. Osinagaren ustez, hainbat faktoregatik gainbeheran zegoen ordurako proba. “Nire ustez, Laixan, euskara taldea izanik, ez zen iristen atletismo mundura. Eta lasterketa gainbehera hasi zen. Gero eta jende gutxiagok ematen zuen izena, 80-90 lagunek. Azkenean, erabaki zuten antolatzen ez jarraitzea. Gure ustez, parte hartzearen gainbehera ez zen bakarrik euskara elkarte batek antolatzeagatik, data aldetik egokia ez zelako baizik. Garai batean, herri mailako proba askorik ez zegoen; orain, berriz, duatloiak daude, triatloiak, mendi lasterketak… Mila gauza daude. Eta maiatzetik aurrera pilatzen dira gehien”. Horregatik, Laixanek Antxintxiketan elkarteari proba antolatzeko proposamena egin, eta haiek kargu egin zirenean, aldaketak egin zituzten berehala. “Orain lau urte, lasterketa urrira pasatzea izan zen gure erabakia, Behobiaren beroketa lanak egiteko balio izateko. Urriko bigarren larunbatean jarri genuen eguna”, azaldu du.

Lau urtean elkarteak egin duen aldaketa zerrendan lehena baino ez zen izan hori. Aurreneko urteko proba korrikalarientzat bakarrik izan zen, eta “300 parte-hartzailetik gora” elkartu ziren. Bigarren urterako, berriz, proposamen interesgarri bat jaso zuten Antxintxiketan elkartekoek: proba patinatzaileentzat ere izatea. “Bergarako Hanka Labanka patinatzaile elkarteko kide batek proposatu zuen patinatzaileentzat ere lasterketa egitea. Proba moduan, ausartu egin ginen. Guretzat berria zen; ez dugu patinatzaileen mundua ezagutzen. Batzuk oso azkar ibiltzen dira, besteak motelago, eta ez genekien hori guztia nola kontrolatu. Azkenean, Hanka Labankak aholkuak emanda, egin genuen, eta ondo atera zen”. Hain zuzen, Hanka Labanka eta Arrasateko Atletismo Taldea dira probaren laguntzaileak. Oñatiarraren ustez, “harrera polita izaten du” patinatzaileen probak: “Lehen urtean, 120 patinatzaile izan ziren, eta, iaz, 95. Eguraldiak baldintzatzen du; goizean lau tanta bota baditu, atzera egiten dute batzuek. Baina ikusgarria izaten da, hartzen duten abiadura ikaragarria izaten da: lehen korrikalariak 36 minutu behar baditu Oñatira iristeko, hauek 22 minututan iristen dira”. Horregatik, patinatzaileei “gutxieneko teknika maila” eskatzen diete epaileek, eta probatik kaleratzeko ahalmena izaten dute, ezbeharrak saiheste aldera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.