“Betidanik gustatu izan zait musikaren inguruan lan egitea”

Duela pare bat ikasturte sortu zen Gabiriako haur abesbatza, Miren Gurutze Plazaola (1979) zuzendari zuela. Jaiotzez zumarragarra da, baina, gaur egun, Oñatin bizi da. “Betidanik gustatu izan zait musikaren mundua, eta beti izan dut gogoko musika arloan lan egitea”, azaldu du. Hark du Gabiriako haur abesbatzaren pisurik handiena, bertako zuzendaria eta arduraduna baita, baina “abesbatzako haurren gurasoak ere beti daude prest edozertan laguntzeko”.

Gabiriako haur abesbatzan aritzeaz gain, haurrentzako beste hainbat abesbatzatan ere ari da lanean, Oñatikoan eta Beasaingoan, besteak beste. Txikitatik izan da musikazalea, eta piano karrera eta musikako irakasle izateko ikasketak egin zituen; horrez gain, urtero Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko zuzendaritza ikastaroetan ere parte hartzen du udan, eta pedagogia ikasketak ere egin ditu. “Poliki-poliki esparrua zabaltzen joan nahi dut”, azaldu du.

Musikaren inguruan lanean hasteko lehenengo pausoa Oñatiko abesbatzan eman zuen Plazaolak: “Egun batean Oñatiko abesbatzatik deitu zidaten, eta bertan pianista moduan lanean hasteko aukera eskaini zidaten; hortik hamabost egunera, txikien abesbatza zuzentzeko proposamena egin zidaten, eta horrela hasi nintzen lanbide honekin”.

Abesbatzara doazenek hainbat gauza ikasten dituzte: batetik, talde lanean aritzea bultzatzen diete bertara doazen haurrei. “Azken batean, abesbatza bat ez da indibidualtasunean aritzeko jarduera bat, talde lanean aritu behar dugun gauza bat baizik”, dio Plazaolak. Helburuetako bat haurrak elkarbizitza egiten ikastea da; bestalde, gorputz espresioen bidez, psikomotrizitatea lantzen dute, eta, azkenik, ahotsa nola erabili ere ikasten dute: “Umeak garrasirik ez egitera ohitu daitezen erakusten diegu; ozen hitz egitearen eta garrasi egitearen arteko ezberdintasuna zein den azaltzen ahalegintzen gara, oso ezberdinak baitira bata eta bestea. Gauza horiek guztiak lantzen edo elkartzen dituen haria da abestea”.

Kontzertuak eta musikalak ere aurkezten dituzte jendaurrean. Gabirian bi jardunaldi egin dituzte jadanik; Beasainen, hiru saio egin dituzte aurten, eta Oñatin, gutxienez hiru saio egiten dituzte urtero.

Gabiriako umeen abesbatza hamabi haurrek osatzen dute, zazpi neskak eta bost mutilek; “oso parekatuta dago taldea”. Taldeko haurren artean, txikienak 6 edo 7 urte ditu, eta 11 urte zaharrenak, bertara joateko adin mugarik ez dagoen arren. Oñatiko abesbatzan, berriz, 3 urtetik 11 urtera bitarteko haurrekin aritzen da abesbatza zuzentzen; adinaren arabera talde desberdinetan banatuta daude. “Adin talde ezberdinak egon arren, lantzen ditugun abestiak berberak izaten dira askotan, baina lanketa prozesua ez da bera izaten 3 urteko haurrekin hala 7 urtekoekin”.

Abesti euskaldunez gain, beste hainbat jatorritako abestiak ere lantzen dituzte Gabiriako abesbatzan: “Munduko folklorea lantzea gustatzen zait, abesti brasildarrak batzuetan, japoniarrak besteetan, amerikarrak hurrengoan… eta horrela”.

Haur abesbatzaren hasiera

Gabiriako haurren abesbatza osatu baino lehen, Lazkaoko haurren abesbatzan lan egiten zuen Plazaolak. Gabirian haur abesbatzarik ez zegoenez, bertako hiru haur Lazkaoko abesbatzara joaten ziren. “Musika gogoko zuten haur horiek, baina, denbora pasa ahala, hara eta hona ibiltzeaz aspertu ziren”. Hori horrela, proposamen bat egin zien Plazaolak, Gabirian taldea osatuz gero bertara joango zela abesbatza zuzentzera: “Horrela hasi nintzen Gabiriako abesbatzako zuzendari lanetan”.

Eskolaz kanpo aktibitate ugari dago haurrentzat, eta abesbatzara joatea ez da jarduera nagusienetako bat, baina Plazaolak argi du: “Abesbatzara etortzen direnek argi daukate musika oso gogoko dutela”.

Gabiriako haurrek astean ordu eta erdiko entsegu bakarra egiten dute: ostiral arratsaldeetan, 19:00etan hasi eta 20:30ean amaitzen dute. Lehendabizi taldean elkartzen dira, eta ondoren entseatzen hasten dira. Entseguak hainbat atal ditu, eta atal horien artean hiru aipatu ditu Plazaolak: “Lehenengo, gorputza berotzen dugu, gero ahotsa, eta ondoren abestiak lantzen hasten gara”.

Jarraipena etorkizunean

Abesbatzan aritzen diren haurrek helduak izan arte abesten jarraitzea gustatuko litzaioke Plazaolari: “Gabirian helduen abesbatza bat dagoela uste dut, eta polita izango litzateke umeetatik gazteetara pasa eta gazteetatik helduetara iristea, horrela Gabiria bezalako herri txiki bateko joera edo ibilbide hori guztia betetzea lortuz”.

Abesbatzako esperientzia oso ona izan da Plazaolarentzat: “Egun oso onak eta txarrak izan ditut Gabiriako haurrekin, azken finean entsegu egunak ere ez dira horren onak, baina hori da daukadan egun posible bakarra, eta orokorki hartuta niretzat oso esperientzia positiboa izan dela esango nuke”.

Gerora begira horrela jarraitzeko asmoa dauka Gabiriako abesbatzako zuzendariak, urtean kontzertu bat eta musikal bat emanez. “Sekula ez dakit zein talde izango dudan ikasturte bakoitzean, eta behin taldea osatutakoan hasten naiz proiektuak antolatzen”.

Lehenengo urtean oso erantzun ona izan zuen Gabiriako abesbatzak, eta, azkena egindako emanaldiaren ondoren, hainbat haur prest azaldu ziren hurrengo ikasturtean abesbatzara joateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.