Amaia Serranok Gatazken lorratzak (Utriusque Vasconiae, 2012) liburuan memoria kolektiboa eta memoria historikoa bereizteko premiaz jarduten du. Serranoren hitzetan, memoria kolektiboa “talde jakin batek bizi izandako esperientzia esanguratsuen oroitzapen hautatuen talde-eraikuntza” dugu; eta memoria historikoa, ordea, “talde batentzat gertukoegi izateari utzi eta jada gainditutzat hartzen diren gertaeren eraikuntza”. Bide horretatik, eta Pierre Nora historialariaren esanak bere eginez, memoria-mota horiek gomuta-leku jakin batzuk gorpuzten dituztela dio Serranok: “Memoria historikoak oroitzapenerako espazioak eraiki egiten ditu (monumentu, museo eta abarren bitartez) eta memoria kolektiboak jada badiren espazioei esanahi sinbolikoa eman eta gomuta-leku bilakatzen ditu”. Oroitzapenerako espazio gutxi ireki dira gurean azkenaldian, oraindik ere, eztabaidagai dugula zer, nola eta zertarako oroitu, eta batez ere sinboloak ditugula hizpide.
Espazioak sinbolo bihurtzeko joera horretan, leku-izenek garrantzi berezia izan dute Espainiako Estatuaren historian. Bi norabidetan sortu dira leku-izenen inguruko sinboloak: batetik, espazio zenbait gertaera baten lekuko izateagatik bihurtu dira sinbolo (ezagunena, Gernika); bestetik, memoria kolektiboa eraikitzeko bide nagusietariko bat bilakatu da kale-geografiaren izendatzea (eta berrizendatzea). Espazio kolektiboa nork bere sinboloz hornitzea dute helburu biek, kale-espazioaz jabetzeko, nork bere memoria kolektiboa ikusgarri egiteko.
Kale-geografiaren (berr)izendatze horretan, gatazka-leku bihurtu ohi dira leku-izenak eta kale-izenak, izan ere, nork boterea edo eskumena izan, hark leku- eta kale-izenak aldatzera jo ohi du, pertsonaren bat omentzeko asmoz, edo gertaeraren bat gogorarazteko asmoz. (Berr)izendatze horiek gatazka-leku bihurtu direlako, hain zuzen ere, maiz eraso egin zaie plaka horiei, desadostasuna agertzeko, bateko ala besteko.
Gerren memoria eraikitzerakoan gatazka-leku funtsezko bihurtu dira kale-izenak XIX. mendetik, eta egun ere halaxe da: izendegi frankistaren aurkako hainbat ekimen egin dira, kaleetan izen frankistak desagertzeko asmoz. Bestalde, epaitegiek plaka ugari kentzeko agindua eman dute hainbat herritan, udalek edo herritarrek jarritakoak, herritarren bat oroitzeko (adibidez, hauen omenez jarritakoak: Txiki eta Otaegi, Igor Angulo…).
36ko gerraren eta nazio-gatazkaren memoriaz jarduten duten elkarteek ez ezik, feminismoak ere borroka-lerro nagusitzat izan ditu kale-izenak, bai emakume-izenen portzentajea eskasa zela gogora ekarriz, bai emakumeon askapenerako borrokan ikur izan diren gertaerak eta pertsonak gogora ekartzeko beharra aldarrikatuz. Zoritxarrez, oraindik ere ahulegia da memoria kolektiboan emakumeon askapenerako mugimenduko gertaerek eta kideek duten ikusgarritasuna, eta horregatik, zenbait espazio publiko ere sinbolo bilakatzeari lotu zaio mugimendu feminista. Esaterako, euskal herritar gehienen imajinario kolektiboan Burgoseko epaiketak lekutxo bat du ziur asko, oihartzun urrun gisa bada ere; Basauriko epaiketa, aldiz, ez da tamaina berean errotu imajinario kolektiboan. Egun bereziki gogora ekarri beharreko borroka dugu huraxe, berriro ere abortuaren aurkako mehatxua gori-gori dagoenean. Halako gertaerak eta espazioak sinbolo bihurtzeko ekimenak abiatu ditu mugimendu feministak, besteak beste, “emakumeen aztarnen mapak” sortzeko egitasmoak abian jarriz.
Kale-geografiari erreparatu baino ez dago, oraindik ere memoria kolektibo zenbait (frankistena, militarrena, errege-erreginena…) oso bizirik daudela ohartzeko, eta beste memoria kolektibo ugari (emakumeena, langileena, 36ko gerrako eta nazio-gatazkako errepresaliatuena…), aldiz, kale gose.
Leave a Reply