Galtzaundi elkarteak, Txolarre Irratiak eta Tolosaldeko Hitza-k orain bi urte hasitako bidea heldu da helmugara. Gaurtik abian da komunikazio egitasmo berria, eta Tolosaldeko Ataria astekariaren zero zenbakiak eta atari digitalak gaur atera dira argitara. Euskaraz egindako proiektu parte hartzaile eta berritzaile gisa aurkeztu du Ainhoa Oiartzabal koordinatzaileak: “Ekarpena egin behar diogu komunikazioaren munduari, pausoa aurrera eman, eta bagara gai”.
Denbora eman duzue komunikazio proiektu berriari forma ematen. Zein izan da Tolosaldeko Atariara iritsi arte egin duzuen bidea?
Galtzaundi, Txolarre Irratia, Tolosaldeko Hitza eta 28 kanala telebista hasi ziren aztertzen proiektu guztiak bateratzerik ba ote zegoen. Bakoitzak bide luzea egina zuen bere aldetik: Hitza-k 11 urte, Txolarrek 13 eta Galtzaundik 20. Prozesu naturala izan da, iritsi gara puntu batera, eta orain, eraginkorragoak izateko asmoz, bateratzea erabaki dugu. Kazetaritza eta komunikazioa asko ari dira aldatzen teknologia berriekin eta baita kotsumitzeko ohiturak ere. Horren harira atari digital potente bat garatzeko beharra ikusi genuen.
Gainontzeko euskarriak berdin mantenduko dituzue edo aldaketarik badago?
Orain arte bezala matenduko ditugu, oro har. Txolarre irratiak lau orduz emititzen jarraituko du oraingoz, eta idatzizkoa asteartetik ostiralera aterako dugu. Ostiralekoa astekaria izango da, eta gaur argitaratuko da zero zenbakia. Oinarria sendo jartzea dugu orain helburu, eta atari digitala audio eta bideokin ongi hornitzea. Erredakzio bateratuan lanean hasi gara, eta gertakarien arabera, euskarri batera edo bestera joko dugu. Abendura arte horrela, eta, urtarriletik aurrera, irratsaioa luzatzen eta webgunea garatzen ahaleginduko gara.
Tolosaldeko Ataria. Nola sortu da izena?
Hizkuntzarekin, hitzarekin lanean ari direnei eskatu genien horretara jartzeko. Eskualdeko bertsolariak eta Kike Amonarriz aritu dira. Tolosaldeko Atariak dena laburbiltzen du; oso sinplea da, baina atariak gure proiektuaren ideia guztiak hartzen ditu. Atari digitala dugu. Horrekin batera, beste esanahi bat ere badu, ataria jendearen elkargunea da, irekia, publikoa… Hori irudikatu nahi genuen. Atari digitalaren barruan, komunitatea dugu, eta nahi duen guztiak bere profila bertan sortu eta bere albisteak idazteko aukera izango du. Indarrak horretan jarriko ditugu ahalik eta jende gehien egon dadin foro horretan; gizarte, kultur eta kirol eragileek zein norbanakoek dute lekua bertan.
Parte hartzeari garrantzi handia eman diozue proiektu honetan.
Bai, zalantzarik gabe. Ez dugu nahi guk esan edo idatzi eta jendeak entzun edo irakurtzea bakarrik. Harremana sortu nahi dugu, eta tokiko hedabideetan errazagoa dela uste dugu. Atari digitalak ematen du horretarako aukera, ez dago karaktere mugarik, orri kopururik, entrega ordurik… Jendeak egin dezala bere, hori nahi dugu. Bestalde, ez dugu ahaztu behar Euskalgintzatik datorren egitasmoa garela, eta jendea euskaraz komunikatzera bultzatzea ere bada helburua.
28 herrik osatzen dute Tolosaldea. Nola bermatuko duzue herri txikienek ere lekua izatea?
Kota sistema antzeko bat jarri dugu; ez da zurruna izango, baina bermatuko dugu denek beren tokia izatea. Albiste handiek ez dituzte besteak estaliko. Orexak ere izango du bere presentzia. Eskualdea lau zatitan banatu dugu, eta zati horietako bakoitzak bere berriemailea izango du; hura izango da atariaren aurpegia inguru horretan. Hitza-k dagoeneko egiten zuen horrela lan eta hori alde daukagu, egindako harremanak oso interesgarriak eta baliagarriak dira, eta mantendu nahi ditugu. Tolosaldeko Ataria proiektu berria da neurri batean, baina baita trantsizioa ere, kontuan izanda aurretik genituenak baliatuko ditugula, ez garela hutsetik hasi, esperientziak bateratuta baizik.
Zer izan da zailena?
Modu bateratuan lan egitea zalantzarik gabe, euskarri guztiak erredakzio bakarrean bateratzea. Azken batean, papererako lanean ari zarenean ohitura batzuk hartzen dituzu, edo irratigintzan bakoitzak berea ikusten du… Orain hori pixkat puskatu egin dugu nolabait, atari digitalak behartzen gaituelako horretara. Audioa, idatzizkoa, dena nahasten da bertan, eta etengabea da. Ziurgabetasun puntu hori onartzeak batzuetan bertigoa eman dezake, baina ariketa egokia da; horrekin jokatu behar dugu orain. Zerbait berria ekartzeko sortu dugu Tolosaldeko Ataria, konpartimentu estankuek egin dute beren bidea, eta aurrera egin nahi badugu, urratsa egin behar dugu. Urrats hori egin dugu, eta argi dut gai garela zerbait berria eskaintzeko komunikazioaren munduari.
Gaur argitaratu duzue astekariaren zero zenbakia. 24 orrialdeko astekari zabala da, eta elkarrizketa eta erreportajeek pisu berezia izango dute. Zer aurkituko du bertan irakurleak?
Kilometroak jaialdian, Emeterio Zaldibia omenduko dute; Laskorain ikastolako zuzendaria izan da urteetan, eta guk primizian elkarrizketatu dugu. Zero zenbakia, bestalde, Kilometroen gainekoa egin dugu; etzi izango da Tolosan, eta eskualdean dugun berri nagusia hori da. Atari digitalaren gainean ere aritu gara zero zenbakian. Kolaboratzaileetan jarri dugu indarra, batez ere, astekarian, eta esparru guztiak bermatzen saiatu gara iritzi emaileak hautatzean. Arlo kulturalekoak, kirol mundukoak… Denetarik bildu nahi izan dugu iritzi atalerako. Atari digitalak horietatik guztietatik edango du.
Atari digitalak ere gaur hasi du bidea.
Atariaren zero ordua ere gaur izan da. Kilometroen gainean ariko gara bertan, eta igandean jaialdiaren zuzeneko kontakizuna egingo dugu Tolosatik bertatik. Tolosaldeko Atariak, gainera, leku estrategikoan du egoitza, Kilometroen bosgarren gunean, eta euskararen inguruan bilduko gara.
Leave a Reply