Bidania-Goiatz
Urtebete inguru igaro eta gero, bukatu dituzte Bidaniako San Bartolome parrokiako organoa zaharberritzeko lanak. Hori ospatzeko “organoaren berrinaugurazio ekitaldia” antolatu du organo batzordeak gaur arratserako San Bartolome parrokian bertan.
Gipuzkoan eta Euskal Herrian dauden organoen artean bikainenetakotzat jotzen da Bidaniako San Bartolome parrokian dagoena. Cavaille-Col etxeak egina da, eta 1902. urtean, Bidaniako Muñoa sendiak 32.000 frankoren trukean erosi ostean, dohaintzan parrokiari eman zion. San Bartolome parrokiako organo batzordeak orain urtebete ekin zion zaharberritzeko lanari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Gotzaitegiaren, Kutxabanken eta hainbat herritarren laguntza izan du horretarako. Horregatik, behin zaharberritzea amaituta, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntzaile guztiei. Zaharberritze lanez, Otxandioko (Bizkaia) J. Sergio del Campo & Alejandro Turanzas S.C. enpresa arduratu da.
Musika eta ahotsa
Zaharberritzea amaituta, beraz, organoaren “berrinaugurazioa” antolatu dute organo batzordeko kideek. Hala, gaur 19:00etan San Bartolome parrokian abiatuko den emanaldian Jose Luis Frantzesena organo jolea, Jon Aramendi tronpeta jolea eta Mariatxen Urkia sopranoa arituko dira. Guztira, bederatzi piezaz gozatzeko aukera izango da bertan. Horietatik hirutan Frantzesena soilik ariko da organoa jotzen. Pare bat tronpetarekin uztartuko dituzte, beste bitan organoaz gain ahotsak izango du presentzia, eta amaitzeko, pieza batean hiru artistak arituko dira elkarrekin.
Batzordea oso pozik dago zaharberritzearekin: “Gure aurrekoek gu ezagutu gabe, guganako maitasunez dohaintzan eman ziguten organo pare gabe hau. Guk ere, ondorengoak ezagutu gabe, haienganako maitasunez zaharberritu dugu”. Gainera, musika tresnari etorkizunean ere probetxua ateratzeko asmoa agertu dute organo batzordekoek: “Erabili dezagun gure organo hau eliz funtzioetarako eta gure kultura aberasteko. Liturgiaren eta kulturaren aldetik begiratuz gero, sekulako altxorra dugu eta esku artean”.
Leave a Reply