Aurten abiatutako Baratze Parkea Sarea egitasmoan, 250 pertsona ari dira parte hartzen. Eta aurreikuspenak betez gero, 800era igoko da erabiltzaile kopurua. Hirukoiztu egingo da baratze zati ekologikoa herri gunean lantzen duen gipuzkoarren kopurua, alegia. Datu horiexek eman ditu Ekoguneko Landa Garapeneko arduradun Amalia Virtok.
Dagoeneko martxan dira Kutxa Ekoguneak bultzatzen dituen baratze parke batzuk: Lezokoa, Usurbilgoa, Tolosakoa eta Alegiakoa zabalik daude. Autokontsumokoak dira, eta udalen lurretan egindakoak. Horiek dira bete beharreko irizpideetako bi. Errenterian eta Zegaman aurki jarriko dituzte martxan baratzeak, eta Hernanikoa datorren astelehenean inauguratuko dute. Horretaz gain, urtea amaitu aurretik beste bi herrirekin hitzarmenak sinatu nahi dituzte Kutxa Ekoguneko arduradunek —Kutxaren Gizarte Ekintzatik bultzatutako proiektua da Ekogunea—. Eta, aurrekoei Ekoguneko bertako baratzea gehituta, hamar proiektu egongo lirateke martxan epe ertainean.
Udazkena amaitu aurretik zabaldu nahi dute Ekoguneko baratzea, Zabalegi etxaldean. Donostiako, Hernaniko eta Lasarteko herritarrek erabiliko dute baratzea han. Udaberrian adjudikatu zituzten lurrak, eta donostiarrak dira erabiltzaile gehienak.
Irizpide guztiak txertatuta
Hain zuzen, Ekoguneko baratzearen irizpideak eta eredua hartu dituzte aintzat Gipuzkoan barna sarea osatzen ari diren beste herriek. “Ekoguneko baratze proiektuan gure irizpide guztiak txertatzen saiatu gara”, azaldu du Virtok. “Hainbat estrategia lantzen ari gara Ekogunean, dela energia, dela hizkuntza ekologia, paisaia eta natura… Adibidez, guretzat izugarrizko balioa du proiektuan hainbat hizkuntzatako bizilagunak edukitzeak, eta horregatik lursailak adjudikatzean horrelako irizpideak ere kontuan hartu ditugu”. Eraikinak ere ahalik energia gutxiena behar dutenak izango dira, esaterako.
Ekogunetik aparte, herriz herri egiten diren proiektuetan ere saiatzen dira irizpide horiek helarazten, baina argi dute udalek dutela azken hitza. “Batzuetan, diru murrizketengatik pentsatutako guztia ezin izaten dute egin herrietan. Gauza asko egin daiteke, hala ere. Errenteriako proiektuan, esaterako, etxolak eguzki plaka izango du, eta goiko aldean errota jarri diote, haize indarrarekin energia sortzeko. Gainera, menditik datorren ura jaso eta gero, ur hori erabiliko dute baratzeak ureztatzeko”.
Helburua argia da, “jendea sentsibilizatzea bertako produktua eta produktu ekologikoa kontsumitzera bideratzeko”. Zer balio eta onura dituen zabaldu nahi dute Ekogunetik, eta hori sustatu. “Aldi berean, horrekin helburu gehiago betetzen ditugu: horrelako proiektu batean hainbat elkartek hartzen du parte, hainbat adin, hizkuntza eta kulturatako jendea nahasten dugu, ikastetxeak txertatzen ere saiatzen gara, eta beraz, badu helburu sozial bat ere. Gainera, aisialdiko jarduera osasuntsu bat da hau”, azaldu du Virtok.
Udal baratze ekologikoak ahalik eta herri gehienetara zabaltzeko, tokian tokiko udalekin elkarlana egiten dute Ekogunetik. Zati bat Ekogunearen ardura izaten da, baina gainerakoa udal bakoitzak erabaki eta gauzatu behar du, herri bakoitzeko erabiltzaileekin elkarlanean. “Aurreproiektuak egiten laguntzen diegu Ekogunetik, diru laguntzak bideratzen ditugu, eta hortik aurrera udalek lan asko dute egiteko: beraiek osatzen dituzte proiektuak, lurrak jartzen dituzte, eta eguneroko lanak beren esku hartzen dituzte”. Udalen zereginetako bat da lursailen tamainak eta erabiltzaile kopurua zehaztea. Herri batetik bestera baratzeen tamaina erruz aldatzen ari da. Hernaniko baratzeak 30 metro koadrokoak dira, eta Zegamakoak eta Lezokoak, berriz, bikoitzak.
Zerrendan bat, inguruan asko
Izena eman duten pertsonak 250 dira, baina Virtok azpimarratu du horien inguruan jende gehiago ere inplikatzen dela egitasmo honekin. “Lursailaren jabeek bakarrik ez dute parte hartzen honetan. Batek bere haurrak eramango ditu baratzera, besteak bere gurasoak, edo senarra, eta hala, pertsona kopurua biderkatuz joaten da. Eta elkarteek parte hartzen dutenean ere helburu hori betetzen da”.
Proiektuak indarra denbora gutxian hartu duela esan daiteke. Izan ere, urte hasieran jarri zuten martxan lehen baratze parkea, Lezon. Otsailean zabaldu zuten hangoa. Hala ere, Ekoguneko arduradunak nabarmendu du bi urte lehenagotik hasiak zirela lanean Lezoko Udalarekin. “Prozesua luzea da. Azken batean, udal bakoitzean sail askotatik igaro behar du proiektuak, udal arautegia publiko egin behar da, epe batzuk errespetatu, tokia egokitzeko lanak egin eta abar. Batzuk orain bi urte hasi ziren egitasmoa lantzen, eta oraindik ez dute martxan jartzerik izan”. Gainera, lurra modu ekologikoan landu behar denez, erabiltzaileek ikastaroak jaso behar dituzte, gutxieneko irizpide eta arau batzuk ezagutzeko. Azpeitiko Kimu Bat enpresakoak ari dira lan horretaz arduratzen herriz herri.
Aurtengo helburuak argi dituzte Ekogunean. Hurrengo urtekoak, berriz, gordin samar dituzte oraindik. Hala ere, Virtok aurreratu du hausnarketa bat egingo dutela datozen bi hilabeteetan. Orduan argituko da dena. “Erabaki behar dugu datorren urtean baratze gehiago irekitzen jarraituko dugun ala hausnarketa lan bat egingo dugun, hamar hauekin aurrera nola egin erabakitzeko”.
Leave a Reply