Atzegik bigarren etxe babestua ireki berri du Irunen. Gipuzkoan jende gehien bizi den hirien artean bigarrena da Irun, eta mota horretako bigarren etxebizitza izango da Antzaran auzunean zabaldurikoa. Bestea handik hurbil dago, San Miguel auzoan.
Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak jakinarazi duenez, bost pertsona hasi dira bizitzen etxe babestuan, baina zortzirentzako tokia dute. Etorkizunean etxea betetzeko asmoa dutela jakinarazi dute.
Irungoa Atzegik Gipuzkoa osoan zabaldu duen 28. etxebizitza babestua da. Guztira, 196 lagun bizi dira etxe tutelatuetan, lau eta zortzi kide arteko taldeetan.
36 urte etxeetan lanean
Atzegi elkarteko kide Ainhoa Fizek gogorarazi duenez, gisa horretako lehen etxea Ikaztegietan zabaldu zuten, 1977an. “Gure elkartearen ustez, etxebizitza edukitzeko eskubidea dute adimen urritasunen bat duten pertsonek”. Ildo horretan, etxeek euren autonomia handitzeko balio dutela ziurtatu du: “Etorkizunean familiarik gabe gelditzen diren momenturako prestatzen joatea da etxebizitzen helburua, baita beren bizimodua antolatzea ere”. Horrela, pertsona bakoitza bere behar eta autonomiaren arabera aritzen da etxean.
Ez dira egun osoan etxean sartuta egoten, ezta hurrik eman ere. “Edozein pertsonak bezala”, esan du Fizek, “egunez lan edo zeregin bat daukate: batzuek tailer batean lan egiten dute, beste batzuk eguneko zentroetan daude… Beren egitekoa bukatutakoan, etxebizitzara itzultzen dira”. Nabarmendu duenez, ez dira bakar-bakarrik bizi: “Etxea garbitu eta txukuntzen duen pertsona bat dago bertan, eta, horrez gain, begiraleak ere izaten dira”. Begirale horien jarduna zehaztu du Fizek: “Hainbat mailatan laguntzeko daude begiraleak. Kalean konpainia egiteko, autonomia sustatzeko…”. Etxebizitza horietan egoten dira urte ia osoa, oporretan joaten direnean izan ezik. “Bizitza ahalik eta normalizatuena egiten saiatzen dira, azken finean”, gaineratu du Fizek. Horregatik, euren eskualdeetan egiten diren jardueretan parte hartzen dute etxebizitza horietan bizi diren lagunek, hala nola aisialdian, kultura jardueretan eta beste hainbat jardueratan. “Normalizazioaren bidean ahalik eta gauza normalenak egiten dituzte”, esan du.
Gizartea sentsibilizatu
Atzegi elkartea duela 53 urte sortu zen. Fizek nabarmendu duenez, familiek osatzen dute elkartea. Hori horrela, elkartearen helburu nagusia adimen urriko pertsona bat edo gehiago duten familiei laguntzea da, eta eurak babesteko ari dira lanean.
Familiei laguntza emateaz gain, adimen urritasuna duten pertsonei arreta zerbitzua ere eskaintzen diete. Horien artean dago etxe babestuena, baina baita aisialdirako aukerak sortzea eta arreta zuzena eskaintzea ere.
Atzegiren hirugarren oinarria sentsibilizazioa da. Gizarte osoari begirako sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte, adimen urriko pertsonenganako jarrera positiboa izan dezaten. Aste honetan bertan aurkeztu dute kanpaina berria: Atzegin denok dugu gure papera, aurkitu zeurea. Horrela, 1960an zuen helburu berbera dute: adimen urriko lagunen ingurua ulerbera izatea. Atzegik esan duenez, “oso garrantzitsua” da pertsona horientzat “ezagutzen, baloratzen eta behar dutenean laguntzen dituzten ingurune batean bizitzea”. Izan ere, hor baitago adimen urritasuna dutenek izaten dituzten arazo gehienen iturburua. Eskualde guztietara zabalduko dute mezua.
Pertsona horiek laguntzeko egina dagoen “sare naturala” indartzea da helburua. Horrela, sare hori osatzen duten hainbat lagun agertzen dira Gipuzkoa osoan banatuko dituzten 8.000 karteletan. Horietako pertsona bakoitzak adimen urritasuna dutenen bizimodua errazagoa izaten laguntzen du, era batera edo bestera, eta eredu dira Atzegirentzat. Laguntza mailaren arabera, paper txikiagoa edo handiagoa dute, eta euren jarduera irudikatzen dute. Elkarteak berretsi duenez, “ziur” daude “jende askok bere papera izan nahi lukeela, baina ez daki zer egin edo nola”. Herritar horiei “beren papera aurkitzen” lagundu nahi die elkarteak.
Atzegi elkartea, guztira, 2.035 familiak osatzen dute —adimen urrikoak 2.130 dira—. Horrez gain, 2.733 kolaboratzaile ditu, eta 9.223 atzegizale daude.
Leave a Reply