Aukera euskal sortzaileei

Dantza

Donostia

Zazpigarren aldiz ospatuko da aurten da Dantzan Bilaka. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatzen du, eta Egia kultur etxeko Gazteszena aretoan izango da, bihar. Antolatzaileek “lantegiaren, gogoetaren eta jendaurreko erakusketaren artean” kokatzen dute egitaraua.

Dantzan Bilaka-k elkarrizketarako eta gogoetarako tartea eskaini nahi die agertuz doazen euskal sortzaileei. Beren proposamen koreografikoak garatzeko aukera eman nahi die. Dantzaren inguruan dituzten kezkak, prozesuak eta aurkikuntzak ikusleei erakusteko aukera izan dezaten. Hala, koreografo horiek diru laguntzak jaso dituzte ikertzeko eta pieza labur bat sortzeko, “ikasketa eta komunikazio giroan”, antolatzaileek azaldu dutenez.

Bihar, 19:30ean hasita, bost euroren trukean, lau koreograforen lanak ikusteko aukera izango da Egiako Gazteszenan: Iker Arrueren Retratos de la Belle Epoque, Noemi Vianaren Duo, Natalia De Miguelen La Vida de los robles eta Aiala Etxegarairen Piel Rota, hain zuzen.

Aurretik, lan luzea

Dantzan Bilaka-ren ikusle aurreko egunean lanak taularatu aurretik prozesu luzea dago egiteko. Gazteszenan ariko diren dantzariak deialdi bidez hautatu dituzte dantzaren ikerketarako diru laguntza emateko. Zortzi hilabetez, sormen lanean ibili dira buru-belarri, eta beren lanaren jarraipen artistiko eta teknikoa egin diete.

Ondoren, epaimahaiaren aurreko lehen aurkezpena egin dute, lanen inguruko eztabaidan eta balorazioan sakontzeko. Azkenik, ekain inguruan lanak berriz aurkeztu dituzte epaimahaiaren aurrean, bakoitzak sormenaren zein fasetan dagoen erakutsiz. Irailean, egitasmo bakoitzaren beharren araberako ikasketa prozesu tekniko bat jaso dute dantzariek, eta, hala, prest dituzte euren lanak ikusleei aurkezteko.

DANTZARIAK ETA LANAK

Iker Arrue. Retratos de la Belle Époque.

Noemi Viana. Duo.

Natalia De Miguel. La vida de los robles.

Aiala Etxegarai. Piel Rota.

Leave a Reply

Your email address will not be published.