Gure uda sexualki patetikoei errepasoa egiten ari ginen iraileko arratsalde hartan, azenario pastel zoragarriekin garagardoak edanez. Uztail hasieratik inor larrutan egin gabe egotea sinesgaitza iruditzen zitzaigun. Gutako batek otsailetik batere busti barik zebilela aitortu zuen, lotsa galduta.
Tragoen joan-etorrian, Estefania, Laura, Santi eta laurok lehorteari amaiera jarri beharra zegoela erabaki genuen. Badakit pentsatu duzula errazena festa modu zoroan gutako baten etxean jarraitzea zela, xanpain eta kokainaz inguratuta. Nik ere hala uste nuen, baina ez zen suertatu. Aitzitik, hilabeteko epea ezarri genuen bakoitzak bere kasa sufrikarioa arindu zezan. Ordurako lasaitua lortu ez zutenek afaria ordaindu beharko zieten arrakasta izandakoei. Ni atzera botatzekotan nengoen, baina, “diru pixkat galdutare Hitza-rako zutabe errexa zekat hor” deliberatu, eta igerilekura batere urik gabe bota nuen neure burua.
Norberak bere aurrerapausoen berri eman zezan, Whatsappeko taldea atondu genuen. Txortaldiaren ondorengo zigarretaren ordez, lagunetaz gogoratu eta pasahitz motz baina ezin esanguratsuagoa bidaltzekotan geratu ginen: “Gola!”. Nik ahal izango banu mezua pertsonalizatzea erabaki nuen. “Gola Las Gaunasen!” idatziko nuen, eta betaurreko ilunak dituen emotikono jostagarriarekin lagundu —erretzen ari denik ez dauka nire sakelako berriak; politikoki zuzenak dira gaur egungo trasteak, dedio—.
Coach-ei, autolaguntza idazleei, zutabegile honi eta beste hainbat ke saltzaileri irakurriko zenion horrelako egoeretan proaktiboa izateak duen garrantziaz. Laurok ere ez ditugu lozorroan eman azken asteak: agendei hautsa kendu, eta lotsaz betetako telefono deiak egin ditugu. Haiek porrot egindakoan, kale eta tabernetan gora eta behera aritu gara goiz eta gau, gure praka eta irribarre onenak soinean.
Bi euskal herritarrek, andaluziar batek eta kataluniar batek osatzen dugu taldea —sexu kontutan parekatzeko atzerritar bakoitzeko gutako bi behar direlako dela pentsa dezakezu, nahi baduzu—. Nesketako bat objektiboki beste hirurok baino ederragoa da, eta ezin gozoagoa gainera; haren arrakasta ziurtzat neukan.
Afari bezpera iritsi da, ordea, eta Whatsappak isilik jarraitzen du, marka da gero. Ez hori bakarrik: Estefania, Laura eta Santik adostutako epeari pare bat aste gehitu beharra dagoela diote, gola lortzear daudelako. Niri ez dit batere graziarik egin proposamenak, eta eskola zaharreko gipuzkoarra naizela azaldu diet, apustuen arauekin zorroztasun osoz jokatzen duen horietakoa. Pitokeria galanta da hori, noski. Kontua da hasieratik isekarik ez jasateko husnako berdinketarekin amesten nuela. Eta lehia behingoz amaitzera doanean epaileak luzapena jokatu beharra dagoela esaten badu, irabazteko gutxi eta galtzeko asko dudalakoan nago.
Leave a Reply