Iragan irailaren 27an Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko egoitzan Piperraren eta Sagardoaren lehenengo astea aurkeztu zuten. Hemengo produktuak Gipuzkoako ostalaritza guneetan defendatu eta sustatzen dituen Kalitatea proiektuaren barnean dago aste hori, Hazi fundazioak eta Ostalaritza Elkarteak udan sinatu zuten hitzarmenaren barnean, hain justu. Kalitatea programaren barnean egin den lehenengo jarduera izan da, eta irailaren 28tik urriaren 6ra iraun du.
Bi helburu ditu Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Hazi Fundazioak orain dela bi hilabete martxan jarritako Kalitatea egitasmoak. Batetik, helburu komertziala: “Ostalaritza sektorean hemengo produktuak indartzea” lortu nahi baitute, Irati Salaberria Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko komunikazio arduradunak azaldu duenez. “Globalizazioak ostalaritzako sektorean aberastasun handia ekarri digun arren, guretzat hain onuragarriak ez diren alderdiak ere agerian utzi ditu. Frankizia asko ireki dira, eta, oro har, ostalaritzako eskaintzaren kalitatea gutxitzea eragin du”.
Egoera horretan, Gipuzkoako ostalariek bi aukera dituztela azaldu du Salaberriak: “Bata, eskaintzaren kalitatea gutxitu eta prezioa jaistea merkatuak finkatzen dituen pausoei jarraituz. Bestea, kalitatearen alde egin eta hemengoak diren eta besteengandik bereizten gaituzten kalitatezko produktuak erabiltzea, eskaintzaren prezioari eutsita. Guk azken aukera hori defendatzen dugu, hitz batean esanda, Kalitatea”.
Egitasmoaren bigarren helburua, ostalaritza sektoreak gizartean duen eraginarekin loturik dago. “Joerak sortzeko eta irudiaren lider izateko gaitasunarekin”, Salaberriaren arabera. “Gure herrialdeko tabernen barrak, gure jatetxeen mahaiak, jantokiak eta sagardotegiak elkartzeko, erakusteko eta dastatzeko guneak dira. Horietan, zalantzarik gabe, elikadurarekin erlazionatutako gizarteko joera gehienak sortzen dira”. Hori dela eta, “erakusleiho” horietan hemengo produktuen eguneroko erabilera azaleratu nahi izan dute Kalitatearen bidez. “Ostalaritzako bezero direnen erosketa joerak helaraziz, hemengo produktuen kontsumoa handitzea lortu nahi dugu”, dio Salaberriak. Horrez gain, nazioarteko hedapena ere badute helburu: “Egitasmo honekin gure herria mundu osoan ezagutaraztea nahi dugu, gure ezaugarri gastronomikoengatik eta produktuen kalitateagatik nabarmentzea, zehazki”.
Hazi fundazioaren eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen hitzarmenak, bi sektore indartzen lagunduko du. Lehen sektorea batetik, “bere produktuen kalitateagatik ezaguna, Eusko Label eta Eusko Baserri ekoizpen prozesuen egiaztapen sistemen apustu ausartagatik”, Salaberriaren hitzetan. Bestetik, zerbitzuen sektorearen barnean, ostalaritzaren arloa indartu nahi dute. “Ostalaritzaren azken 40 urteotan halako bilakaerari esker, gure gastronomia mundu osoko erreferente bihurtu da. Eskaintza gastronomiko berezia da gurea, produktuak berak eta produktua ereiteko moduek kontsumo ohituretan eragin handia baitute”, azaldu du Salaberriak.
Balorazio ona
Hitzarmenaren emaitza izan den lehen jardueran, sagardoaren eta piperraren astean, Gipuzkoako bost eskualdetako 29 ostalaritza gunek parte hartu dute, irailaren 28tik urriaren 6a bitartean sagardoa eta piper frijituak eskainiz. Astigarragako Sagartxo eta Kako; Azpeitiko Kiruri eta Uranga; Donostiako Andra Mari, Aralar, Gasteiz, Manex, Hidalgo 56, Kata4, La Fabrika, Lanciego, Marugame, Munto Berri, Pepe, Udane, Ubarrechena, La Venta de Curro eta Zeruko; Hernaniko Errioguarda Enea, Fagollaga eta Arrobi Ostatua; Hondarribiko Hondar eta Txantxangorri; Irungo Puiana; Tolosako Cafe Fronton eta Denak; eta Zarauzko Salbide izan dira aste horretara batu diren guneak.
Astea “oso ondo” joan da Salaberriaren arabera: “Ostalariak pozik daude, eta gu ere bai. Jendeak harrera ona egin dio, eta eskerrak eman dizkigu antolaketagatik. Ostalariek tabernak eta jatetxeak piperrez eta sagardoz girotu dituzte, eta ahalegin handia egin dute guk eskatutakoa betetzen”. Ahalegin berezia egin dute ostalariek, beraien eskaintza handituz, esaterako. Normalean sagardo mota bakar bat eskaintzen zuten tabernek aste horretan hiru mota eskaini dituzte; edo lehen piperrak ez zituzten tabernak aste horri esker piperrak eskaintzen hasi dira.
Kalitatea egitasmoak lehen sektoreari garrantzia aitortu nahi izan dio, Gipuzkoan produktuak ereiten dituztenen langabezia arazoa konpontzen ahaleginduz, Salaberriak azaldu duenez: “Hitzarmenak irauten duen bitartean kalitatezko kontsumoa handitu nahi dugu; kontsumoa haztean, ekoizpena ere haztea lortzen dugu, eta, ondorioz, sektorean lanpostu berriak sortzen dira”.
Hemengo produktuen kontsumoan, kalitatezko elikagaiek duten prezioak eragina du. Produktu horiek “sektore elitistarentzako eskaintza” izan dira orain arte, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen ustez, eta, orain, gehiengoarengana iritsi nahi dute. “Eusko Label produktuak oso kalitatea handiko produktuak dira, eta, gure ustez, horien prezioa kalitatearekin bat dator. Baina produktu horiez gain, baditugu prezio ona duten eta gureak diren elikagai gehiago ere. Euskal Baserri izendapenarekin ezagutzen ditugunak, adibidez. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartekook proposatzen dugun produktu autoktonoa kontsumitzea; guk hemengo bertako produktua babestu eta sustatu nahi dugu, Eusko Label edo Euskal Baserri izendapenekoa ez bada ere”.
“Kalitate handiko produktuak kontsumitzea” aholkatzen dute, horien produkzioa handitzea nahi dutelako: “Guk ‘kilometro 0a’ deitzen dioguna kontuan hartzen dugu, hemen bertan ekoitzitako elikagaiak babestuz; hortik aurrera, hainbat kalitatezko izendapen ere, Eusko Label eta Euskal Baserri produktuak, adibidez, proiektu horretan daude, eta, ondorioz, ahal dugun heinean, horiek sustatzen saiatuko gara”.
Lehen mailako bi helburu horiez gain, Kalitatea egitasmoak beste helburu batzuk ere baditu: “Lehen sektoreko produktuei buruzko informazioa handitzea, gure jatetxeko menuetan osagai nagusi bihurtzea… Horiek guztiak, etxeko kontsumo eta ezagutza mailan lorpenak eskuratzeko finkatutako bigarren mailako helburuak dira. Dudarik gabe, lehen mailako helburuak lortzeko ere balioko digutenak”.
Lau urtaro, lau aste
Sagardoaren eta piperraren asteak izan duen arrakasta ikusita, bestelako elikagaien inguruko jarduerak ere antolatuko dituzte: “Urtean lau promozio ekintza planteatu ditugu, garaiko produktuetan oinarrituta, urtaro bakoitzeko bat. Udazkenekoa igaro da jada. Negukoari urtarrilean ekingo diogu, Idiazabalgo gazta edo mendiko gaztaren eta Arabako Errioxaren astea izango da. Udaberrikoa maiatzean egingo dugu: txakolinaren eta antxoaren astea. Amaitzeko, udakoa, ekainerako aurreikusitakoa: arrautza eta oiloaren astea”. Salaberriaren hitzetan, ekintza horren helburua “sektore, ekoizle eta banatzaile arteko kolaborazio dinamikak sortzea da”.
Leave a Reply