Hernanin, inaugurazioa eskaerekin

Lanak aurreratuta dituzte Hernaniko Baratze Parkean. 66 lursail banatuak ditu dagoeneko udalak, eta herritarrek barazkiz bete dituzte baratzeak: azak, zerbak, letxugak, espinakak, tipuletak, porruak… Izpilikua edo lavanda jartzen ere ausartu da bakarren bat. Antziola eta Sagastialde auzoen arteko lurretan prestatu dute baratzeentzako gunea, eta hango pasealekuan ibiltzen direnen arreta ederki bereganatu dute dagoeneko.

Astelehenean, 11:00etan inauguratuko dituzte baratzeak. Luis Intxauspe alkateak eta Kutxa Ekoguneko zuzendari Mikel Intsaustik hartuko dute parte ekitaldian. Erabiltzaileek, berriz, baratzeak lantzen jarraituko dute. Eta baita eskaerak egiten ere. Izan ere, baratze parkeko erabiltzaileen elkartea sortzen ari dira une honetan Hernanin. Sagastiola du izena, eta urte amaierarako elkartea legalki sortuta izango dute. Lehen eskaera ere argi dute: baratzeak pasealeku ondoan daude, eta baratzeak babesteko itxitura bat edo antzeko zerbait jarri nahi dute. “Jende asko ibiltzen da aurrera eta atzera, eta txakurrak ere ikusi izan ditugu baratze barruan. Bateren batek bere txakurra edo bizikleta garbitzeko ere erabili du guk baratzeak ureztatzeko daukagun bainera”, azaldu du elkarteko kide Leire Olariagak.

Elkartea sortzea udalak parte hartzaileei jarri dien baldintzetako bat izan da. “Guztiak ez zetozen bat horrekin, baina zortzi pertsonak izena eman genuen boluntario, eta martxan gara jada”. Boluntario horietako hiru dira Leire Olariaga, Unai Alberdi eta Asier Bilbao. Baratze batek etengabeko lana eskatzen du, eta asteazken goizean ere hantxe egin dute topo hirurek. Baratzeko kontuez gain, baratzeak babesteari buruz eta toki batzuetan dagoen maldak baratzeko lurra ez eramateko egin beharrekoez aritu dira.

Baratze parkea, hornituta

66 lursail banatuta, eta beste sei laster banatzeko asmoa dute Hernaniko Udalean. “Herriko taldeentzat izango dira lursail horiek, baina oraindik esleipen prozesuan dago”, zehaztu du Olatz Urrutibeaskoa Ingurumen teknikariak.

Lanak azkar egin dituzte Hernanin. “Martxoan hasi ginen lanean. Aurrez bagenuen antzeko zerbait egiteko asmoa, baina Ekoguneko proiektua ezagutu genuenean, gustatu, eta bertan parte hartzea erabaki genuen”.

Aukeratutako tokiarekin gustura daude bai udala, bai elkarteko kideak. Urrutibeaskoaren ustez, “oso erosoa da iristeko, herri gunean dago, eta egokia da baratzeentzat”. Aste Santuen ondoren hasi ziren lurra, araudia eta deialdiaren oinarriak prestatzen. Dena ez da hain erraza ere izan, ordea. “Ezusteko handia izan genuen lursailetako lurraren kontura. Guztia martxan zegoen, lehen ikastaroa ere eginda, eta Kimu Bat enpresakoek esan ziguten lurra oso txarra zela, harri asko zituelako. Lur berria ekarri behar izan genuen”, azaldu du teknikariak.

Kontuak kontu, baratze parkeak ondo hornituta dute: baratzeak bi gunetan banatuta daude, eta bakoitzak du bere konposta gunea, lanerako mahaia, baratzeak ureztatzeko bainera eta baratzerako tresnak gordetzeko etxola.

Leave a Reply

Your email address will not be published.